Azken eguneratzea: 2006/01/10
Eusko Jaurlaritzaren iritzia Jose Mena Aguado Teniente-Jeneralaren adierazpenak direla eta

Jaurlaritzak, gaurko Gobernu Batzordean, Pazko Militarraren harira Jose Mena Aguado Teniente Jeneralak irakurritako adierazpenaren ondorioz sortutako egoera aztertu du.

Eta honen inguruan Jaurlaritzak bere iritzia azaldu nahi du.

Egoera hurrengo hau da; batetik, militar batek pronuntziamendu golpistak egin ditu eta beste militar batzuk babestu egin dute, honen aurrean, Madrilgo Gobernuak ez dagoela arazorik norbanako baten hizpideak direla  esan eta gogor erantzun duela berretsi du.

Ez gaituzte kezkatzen Espainiako armadako jeneral baten adierazpenak, besteak beste Europan eta XXI mendean bizi garelako. 

Hortaz gain, militar hauek herri honek pairatu izan duen nagusikeriazko iragan beltza dakarkigu gogora. Ez dakigu noren izenean mintzo diren hala eta guztiz ere, jakin badakigu, ez dutela behintzat, Euskadiren izenean hitz egiten.

Benetako arazoa ez datza Mena Teniente Jeneralak egindako adierazpenetan edo hauspoa eman diotenetan,  benetako arazoa Kataluniako eta Euskadiko Legebiltzarrek demokratikoki erabakitakoa onartu nahi ez dutenetan datza.

Ez genuke nahi "ezpaten zarata" aitzakiatzat erabiltzea Euskal Herriaren eta Kataluniaren  hizpide demokratikoa  oztopatu eta ukatzeko. 

Beraz gure kezka iturria ez dira jeneral baten adierazpenak, aldiz kezkagarritzat ditugu Bonok, Guerrak, Rodriguez Ibarrak, Acebesek edo Zaplanak, behin eta berriro, egin izan dituzten adierazpenak herritarrei demokratikoki bere etorkizuna erabakitzeko  eskubidea ukatuz. Elkarbizitza erabakitzeko eskubidea ukatuz. 

Hitza betetzen ez dutenak kezkatzen gaituzte. Eusko Legebiltzarraren edo Kataluniako Parlamentuaren  gehiengoaren erabakiei  muzin egiten dietenek kezkatzen gaituzte.

18/98 auzia

18/98 auziari buruzko balorazioaz galdetuta, Joseba Azkarragak "kezkatuta" dagoela aitortu zuen, bermatu egin behar delako "guztion denfentsa eskubidea". Bere iritziz, auzi honek "zalantzan" jartzen du justizia beraren irudia eta "norbaitek izan beharko du "anomalia juridiko politiko" horren "errudun".

Hau guztia dela eta, Azkarragak salatu egin zuen Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren jarrera, ez bait ditu auzi honen baldintzak kritikatu.

Azkarragak adierazitakoaren arabera, auzi hau "bideo konferentziaren" bitartez Euskadin egitea da Jaurlaritzaren nahia baina horretarako beharrezkoa da defentsak hori eskatzea.

Batasunaren biltzarra

Bozeramaile den Miren Azkaratek adierazi zuenez, Jaurlaritzak Batasunak urtarrilaren 21an egingo duen biltzarra normaltasunez ikusten du "eta halaxe ikusten du gizartearen gehiengoak".

Bozeramailearen ustetan, gizarteak kezkatzen duena da, "bakea eta normalizazioa lehenbaitlehen eraikitzeko zer egingo dugun". Zentzu horretan, gatazka konpontzeko elkarrizketarako borondatea adierazten duten ekimenak dira, Azkarateren aburuz, jarraitu beharreko bidea. "Eragozteak, ukatzeak eta ixiltzeak" ez gaituela bakera hurbilduko uste du Azkaratek. Eta horrelako kontzeptuek Alderdi Popularraren "bakardadea" agerian uzten dutela azpimarratu zuen.