Azken eguneratzea: 2010/09/09
Kontratugilearen profil aurreratu berriaren aurkezpena
Gardentasunerako ate irekigoa
Carlos Aguirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak prentsaurrekoan aurkeztu du Ekonomia eta Ogasun Saileko Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak garatu duen kontratugilearen profil berria.
Kontratugilearen profila administrazioaren web gunean dago, eta administrazio-kontratazioari buruzko informazioa argitaratzen da bertan. Informazio hori, hain zuzen ere, lizitazioari buruzko iragarkiek, kontratazioaren baldintza-agiriek eta behin-behineko adjudikazioek osatzen dute. Datu horiek sarrera erraz baten bitartez ipintzen dira interesdunen esku, batez ere enpresa lizitatzaileen esku, kontratu-jarduera gardena dela ziurtatzeko.
Jaurlaritzaren kontratugilearen profil berria azken zortzi hilabeteetan garatu da eta, horrela, Eusko Legebiltzarraren agindua bete da. Izan ere, Legebiltzarrak agindeia egin zien Jaurlaritzari, aldundiei, udalei eta erakunde publikoei euren web guneetan profil hori sartzeko, kontratazioari buruzko informazioaren gardentasuna, publizitatea eta sarbidea handitzearren. Agindu horrekin, halaber, euskal kontratazio publikoaren profil guztiak kudeatuko lituzkeen plataforma bakarra garatzeko gomendatu zen.
Kontratugilearen profil berria egiteko fasean harreman teknikoak ezarri eta informazio-trukeak egin dira enpresaburuekin, aldundiekin, hainbat udaletako ordezkariekin eta EUDELekin. Tresna hau garatzeko 205.000 euroko inbertsioa egin da. EJIE elkarte publikoak eta Jaurlaritzako Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak lagundu dute profila diseinatzen, eta 8 hilabete behar izan dira tresna garatzeko.
Sistema honek aukera emango die eskatzen duten administrazio eta enpresa publikoei, eskuz edo euren aplikazioen bitartez, sektore publikoko kontratuei buruzko legeak eskatzen duen informazioa argitaratzeko. Kontratugilearen profilaren erabilera eta beste tresna batzuen erabilera hedatzearen bitartez (esaterako kontratisten erregistro ofiziala eta lizitazio elektronikoa Euskadiko kontratazio publikoaren espezialitate-arloan), euskal aginte adjudikaziodun guztiek eta kontratistek administrazio elektronikoaren ekintza berean hartzen dute parte. Horrenbestez, nabarmen aurreztuko dira prozesuak, modernizatu egingo dira, eta herritarrak eta interesdunak errazago iritsiko dira administrazioarengana.
Kontratugilearen profil berri honen berritasun garrantzitsuenen artean, nabarmentzekoa da hedapen publikoaren hasiera-unea zalantzarik gabe egiaztatuko duen gailua, denboraren zigilua ipiniko duena. Espediente bati lotuko zaizkion enpresek mezu elektroniko bana jasoko dute espedientea profilean aldatzen den bakoitzean eta, era berean, argitaratutako informazioaren bertsio guztiak erkatzeko aukera egongo da; halaber, egin diren argitalpen guztiak azaltzen dituen trazabilitate-fitxategi bat ere egongo da, ziurtasun handiagoa emango diela enpresei.
Jaurlaritzaren kontratazio-datuak ere eskura ipini dira, Open Data Euskadi atarian. Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du dituen datu publikoak berriro erabiltzeko moduan azaltzeko eta, horrela, beste batzuek datu horietatik eratorritako zerbitzuak sortu ahal izateko. Bada, konpromiso horren emaitza da atari hau.
Laburbilduz, kontratugilearen profil berriaren bitartez, lehia handiagoa egongo da kontratazio publikoetarako sarreretan, gardenagoa izango da prozesua, eta prezio hobeak eskuratuko dira adjudikazioetan. Egin berri diren kontratazioetan argi ikusi da prozesua nabarmen murriztu dela, kontratatutako zerbitzuen kalitatea murriztu gabe.
-Kontratugilearen profil berria Jaurlaritzak garatutako tresna da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publiko guztiaren esku ipini da.
-Kontratugilearen profil berriak gardentasun handiena eskaintzen du enpresa lizitatzaileentzat, profilean argitaratutako edukiak legeak berak gehienez baimendutakoak baitira. Era berean, errazago egiten du informazioa eskuratzeko prozesua, eta lehia handiagoa egoteko aukera ematen du.
-Kontratugilearen profil berriak bete egiten du Legebiltzarraren agindua, euskal kontratazio publikoaren profil guztiak kudeatuko dituen plataforma bakarraren sorkuntza sustatzeko agindu baitzion Jaurlaritzari.
-Kontratugilearen profil berriaren aplikazioa egiteko fasean harremanak eta informazio-trukeak eduki izan dira enpresaburuekin, hiru foru-aldundiekin eta EUDELekin.
-Jaurlaritzaren kontratazio-datuak ere interesdunen esku ipini dira, Open Data Euskadi atarian.
-Kontratugilearen profil berriaren bitartez, lehia handiagoa egongo da kontratazio publikoetarako sarreretan, gardenagoa izango da prozesua, eta prezio hobeak eskuratuko dira adjudikazioetan.
Fuente: Irekia - Gobierno Vasco
Prentsaurrekoa-Kontratugilearen Profil aurreratu berriaren aurkezpena: Carlos Aguirre, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuneko sailburua