Azken eguneratzea: 2011/04/01

ETSk topera hidraulikoak instalatu ditu trenbide sareko amaierako geltokietan

Euskal Trenbide Sareak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren esku dagoen erakunde publikoak, Autonomia Erkidegoko Administrazioak kudeatzen duen trenbide sareko amaierako geltokietan topera hidraulikoak instalatzeko prozesuari ekin dio. Jarduketa hori, amaierako geltokietan tren zirkulazioek duten arriskua murriztu ahal izateko ezarriko diren neurrien artean dago.

Topera hidraulikoa trenbide sareko amaierako geltokian

Neurri horrek, instalatu diren gainerako baliabide teknikoekin batera (euroloop sistema –balaztatze automatikoa–), toperen kontra abiadura motelean gerta daitekeen talka xurgatzeko aukera emango du, hori ezinbestean gertatzen denean. Hau da, gurpilaren eta errailaren artean itsaspena galtzen denean edo akats mekanikoa edo elektrikoa gertatzen denean.

Asteazken gauean lehenbiziko topera instalatu zen EuskoTrenek ustiatzen duen Urdaibaiko lineako Bermeoko geltokian. Aste honetan Lezamako, Sondikako, Atxuriko, Lasarte Oriako eta Hendaiako geltokietan aritu izan gara lanean eta, ondorioz, datorren asteartean denak instalaturik egongo dira. Toperak jartzeko lanak gauez burutzen dira, trenen zirkulazioan eraginik izan ez dezaten. Jarduketa horien aurrekontua 150.000 eurotik gorakoa da.

Neurri hori, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren esku dagoen Trenbide Sarearen segurtasuna hobetzeko etengabeko hobekuntza prozesuen barruan sartzen da. Hau da, trenbidearen ustiapen eta funtzionamendu baldintzak hobetzera daude bideraturik.