Azken eguneratzea: 2013/01/25

ETSk Lamiategiko bidezubia amaitu du

Eusko Jaurlaritzak, Euskal Trenbide Sarea erakundearen bitartez, amaiera eman die Lamiategiko bide-zubiaren burutzapen lanei.

Bide-zubia, Bergaratik igarotzen den Euskal Y-aren lanen barruan dago. Bide-zubia 425 metro da luze, eta 31 metroko altuerara heltzen diren hamar zutabe ditu. Halaber, 40 metroko bederatzi bao eta 30 eta 35 metroko konpentsazioko bi bao ditu. Taulategiaren zeharkako sekzioa aurre-teinkaturiko hormigoizko kaxoia da.

Bide-zubi hori egiteko 12.000 m3 hormigoi inguru eta 2 milioi kilo inguru altzairu erabili dira. Portikaturiko zinbra bitartez egin da. Lamiategikoa zati horretako bigarren bide-zubirik luzeena da, izan ere zati horretan bertan baitago Deba ibaiaren gaineko bide-zubia, 900 metroko luzerakoa eta 90 metro inguruko altuera duten zutabeak dituena. Une honetan, hain zuzen ere, zutabeak zimendatzeko hondeaketa lanak hasten ari dira.

Lamiategiko bide-zubia Bergara-Bergara zatian dago. Zati hori 3,1 kilometro da luze, eta horietatik ia erdia bide-zubian burutuko dira. Udaberrian hasi ziren zati honetako lanek 95,1 milioi euroko aurrekontua dute, eta burutzapenerako epea 34 hilabetekoa da.

Une honetan, Eusko Jaurlaritzak Euskal Y-aren Gipuzkoako adarrean eraiki behar dituen zati guztiak lanean edo amaiturik daude. Adarraren trazatuaren %77,6 (59,1 km.) eraikuntza prozesuan dago jada, Donostiarako eta Irunerako behin betiko sarbideak eta Frantziarekiko lotura definitzearen faltan.

Une honetan, honako zati hauetan ari dira lanak burutzen: Bergara-Bergara, Bergara-Antzuola, Antzuola-Ezkio Itsaso Mendebaldea, Antzuola-Ezkio Itsaso Ekialdea, Ezkio Itsaso, Ezkio-Beasain, Beasain Mendebaldea, Beasain Ekialdea, Ordizia-Itsasondo, Legorreta, Tolosa, Tolosa-Hernialde, Zizurkil-Andoain, Andoain-Urnieta, Urnieta-Hernani eta Hernani-Astigarraga. Beasain ekialdea eta Ordizia-Itsasondo zatietako lanak amaituta daude jada.