Azken eguneratzea: 2012/03/14

Euskal Ya Donostiatik hurbilago

Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak zati horretako lehen harria jarri du gaur goizean, Hernaniko Akarregi Industrialdearen inguruetan burutu den ekitaldian.

Hernani-Astigarraga (2,4 km.) zatiaren lanen hasierak behin betiko hurbilduko du abiadura handiko trena Gipuzkoako hiriburura. Lan horrek, Patxi López Lehendakaria buru den Eusko Jaurlaritzak Euskal Y-arekin duen konpromisoa berresten du. Aurreikuspenak betetzen baldin badira, Abiadura Handiko Trena 2016an helduko da Donostiara. 

Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak zati horretako lehen harria jarri du gaur goizean, Hernaniko Akarregi Industrialdearen inguruetan burutu den ekitaldian.

Hernani-Astigarraga zatiak 71.523.167,30 euroko aurrekontua du, eta zati nagusia bide-zubi gainean eraikiko da. Burutzapenerako epea 27 hilabetekoa da.

Zati osoa aire zabalean joango da, eta abiadura handiko linea Donostia erdialdera sartzeko bidea bideratuko du, Madril-Irun ohiko zabalerako linearen bitartez. Zati horrek izango dituen elementu berezien artean, Hernaniko bide-zubia azpimarratu behar da. Bide-zubiak 1.025 metroko luzera izango du, eta Gipuzkoako adarreko luzeena izango da.

Sustapen Ministerioa, une honetan, Atotxako geltokirako behin betiko sarbideei buruzko informazio azterlanak ari da idazten. Joan den udazkenean Eusko Jaurlaritzaren eta Sustapen Ministerioaren artean, zabalera iberiarreko egungo trenbidea eta nazioarteko zabalera konbinatzeko edo, beste era batera esanda, Astigarraga eta muga artean hirugarren haria ezartzeko, sinatutako akordioari esker, Atotxako geltoki nagusia Abiadura Handiko Trenaren igarobide izango da, linearen amaierako geltoki izan beharrean. Horrela, 2016tik aurrera, konboiak Martutenetik eta Loiolako Erriberetatik sartuko dira Donostiara, eta Atotxan gelditu ondoren, beraien bidea jarraituko dute, Adifen egungo trazatu eraldatutik, mugaraino.

2020tik aurrera, Frantziak AHT-aren lotura berria prest duenean, Donostiatik abiatzen den unitateak, Astigarragatik mugara joango den Euskal Y-aren plataforma berrira sartuko dira, Oiartzun parean egongo den lotura puntuan.

Une honetan, 15 dira jada Euskal Y-a Trenbide Sare Berriaren Gipuzkoako adarrean lanetan dauden zatiak: Bergara-Bergara, Bergara-Antzuola, Antzuola-Ezkio Itsaso Mendebaldea, Antzuola-Ezkio Itsaso Ekialdea, Ezkio Itsaso, Ezkio-Beasain, Beasain Mendebaldea, Beasain Ekialdea, Ordizia-Itsasondo, Legorreta, Tolosa, Tolosa-Hernialde, Andoain-Urnieta, Urnieta-Hernani eta Hernani-Astigarraga.

Denbora gutxi barru hasiko dira jada esleiturik dagoen Zizurkil-Andoain zatiko lanak, eta Hernialde-Zizurkil zatiak lizitazio prozesuan jarraituko du. Aipaturiko bi zatietako lanak hasten direnean, Gipuzkoako adarreko 59,1 kilometro edo adar horretako %77,6 obratan egongo da.

ZATIAREN DESKRIBAPEN TEKNIKOA

Hernani-Astigarraga zatia Hernaniko udalerrian hasiko da, 1.025 metro luze izango den Hernaniko bide-zubiarekin. Une honetan, Gipuzkoako adarreko bide-zubi luzeena da. Bide-zubiak hiru aldiz gurutzatuko du Urumea ibaia.

Ondoren, 460 metro luze izango den bide-zubi eta ezponda arteko trantsizioko estrukturaren bitartez, ohiko zabalerako Madril-Irun linearen bidea hartuko du, haiekin bat egiteko, eta, horrela, abiadura handiko trafikoekin sartuko da Atotxako geltokian.

Nazioarteko zabalerako igarobidea ohiko zabalerako linea dagoen toki berean ezartzean, beharrezkoa izango da haiek egokitzea. Egokitzapen hori, trazatuaren 1,98 kilometrotan egin beharko da.