Azken eguneratzea: 2010/07/29

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak hitzarmena sinatu dute, Carlos I-eko bidezubia kentzekoeta etorbidea eraberritzeko

Hiru erakundeen arteko elkarlanerako hitzarmena sinatu dute, Anoeta eta Morlans artean trenbidea lur azpian sartzeko, Carlos I. Etorbideko bidezubia kentzeko eta Amarako zatia berrurbanizatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoko presidenteak; Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura diputatuak, Eneko Goyak; eta Donostiako alkateak, Odón Elorzak, hiru erakundeen arteko elkarlanerako hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Anoeta eta Morlans artean trenbidea lur azpian sartzeko, Carlos I. Etorbideko bidezubia kentzeko eta gaur egun hiri erdialdera sartzeko bide nagusietakoa den Amarako zatia berrurbanizatzeko. 

Sinaduraren protokolo ekitaldia Donostiako Udaletxean burutu da. Bertan, sinatzaile guztiak bat etorri dira, erakundeen arteko elkarlanak, hiriko gune sinbolikoenetako bat eraberritzeko orduan, duen balioa azpimarratzeko orduan, lanarekin erlazionaturik dauden azpiegituretako erabiltzaileen eta horren eragina jasoko duten guztien bizitza kalitatea hobetu ahal izateko.

Hitzarmenak gogoratzen du Lurralde Antolamendurako Jarraibideek esaten dutela beharrezkoa dela sektore bakoitzaren ikuspegia gainditzea, hirigune konplexuetan garraio azpiegituren antolamendu egokia burutu ahal izateko, hirigintza alorreko estrategien eta azpiegituren aurreikuspenaren arteko elkarrekikotasuna bermatuz, kontzertazioaren kulturan sakonduz, lan horietan parte hartzen duten erakunde guztien artean.

Testuinguru horretan, parte hartzen duten aldeak, bakoitzaren eskumen eremuetan, bat datoz Donostiarako sarbideak hobetzeko helburuarekin, bide garraioko azpiegituren bitartez, eta tren garraioko zerbitzu metropolitarra eskaini nahi dute Donostiako hirigunean. Horretarako beharrezkoa da proiektuen idazketa koordinatzea era funtzionalean eta eraginkorrean, izan ere espazio fisiko berean hainbatek bat egiten baitute. 

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila, ETS-ren bitartez, Donostiako Metroaren Informazio Azterlana idazten ari da, garraio metropolitarreko zerbitzua hobetu ahal izateko, Lasarte-Hendaia linearen bitartez, lur azpian joan daitezkeen trazatuaren bariante posibleak eta geltoki berriak kontuan izanik. Horrek, gainera, ustiapen ratioak hobetzeko aukera emango du. Txosten honetan trenbidea lur azpian sartzea aurreikusten da, Morlanseko pasealekua eta Anoeta artean.

Jarduketa horri esker Gipuzkoako Foru Aldundiak kendu ahal izango ditu Carlos I. Etorbideko sestrak, eta behin betiko kendu ahal izango da Amara eta GI-20 errepidea lotzen dituen eta Donostia erdigunerako sarbidea den bidezubia.

Zero kotako bide berrantolaketa dela eta, beharrezkoa izango da Donostiako Udalaren parte hartzea. Erakunde hori izango da jarduketa eremu guztia berriro urbanizatzearen ardura izango duena, eta berak jasoko du Carlos I. Etorbidetik doan bidearen titulartasuna, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskuetatik.