Txostenaren arabera:
- Lamiategi elkarteak proposatutako aldarazpenak egungo proiektuaren oinarri den informazio-azterlanean onartutako trazaduran funtsezko aldaketa eragiten du.
- Proposatutako aldarazpena egitekotan Sustapen Ministerioak beste informazio-azterlan bat idatzi eta onartu beharko luke, eta Ingurumen Ministerioak ingurumenaren gaineko ebaluazioa egin, berriro.
- Informazio-azterlan osagarria garatuko duten oinarrizko proiektuak eta eraikuntza-proiektuak ere ingurumenaren gaineko ebaluazioaren izapidea pasatu beharko lukete.
- Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoa derrigortuta egongo litzateke indarrean dagoen lurraldearen arloko plana informazio-azterlan osagarrira egokitzera.
Beraz, txostenak argi eta garbi uzten du Lamiategi elkarteak proposatutako trazadura onartuz gero, ostera ere izapide guzti-guztiak egin beharko liratekeela, eta horrek gutxienez 4 urteko atzerapena eragingo lukeela Euskal Ya egiteko lanetan.
Baina gainera, proposatutako aldarazpen horrek beste tarte batzuetan ere ondorioak izango lituzke, kontuan izan behar baita aipagai dugun tarte hori Euskal Yaren trazaduraren giltzaduretako baten zati dela: 1. irudian ikus daitekeen legez, hiru lurralde historikoak lotzen dituen begiztan dago. Alde horretatik, eskatutako aldarazpenak lau eraikuntza-proiektu aldatu beharra eragingo luke, zehatzago esanda:
- Elorrio-Bergara eraikuntza-proiektua, 7,6 kilometrokoa.
- Bergara-Bergara proiektua, 3,02 kilometrokoa.
- Arrasate-Bergara proiektua, 7,3 kilometrokoa.
- Arrasate-Elorrio proiektua, 4,3 kilometrokoa.
AURREKARIAK
2000ko azaroaren 24an Sustapen Ministerioak behin betiko onartu zuen proiektuaren informazio-azterlana, jendaurreko erakustaldiaren izapidea bete ondoren. (2. irudian trazadura hori jasotzen duen planoa dator, eje PTS/EI epigrafearekin).
Informazio-azterlana onartu ondoren, Eusko Jaurlaritzak trenbide-sarearen lurraldearen arloko plana onartu zuen behin betiko (otsailaren 27ko 41/2001 Dekretuaren bidez). Korridorea eta erreserbarako lur-zerrenda morez marraztu dira planoan. Lurraldearen arloko plana bat dator informazio-azterlanean ezarritakoarekin.
Hala eta guztiz ere, eta aurkeztutako alegazioekin inguru horretako paisaia babestu nahi zutela kontuan izanik, ADIF prest zegoen behin betiko onartutako informazio-azterlanean jasotako trazadura aldarazteko. Planoan ikusten den bezala, trazadura, zati batean lurraldearen arloko planeko erreserba-zerrendatik atera eta informazio-azterlanean ezarritakotik aldentzea aurreikusten zuen konponbideak. Bergara, Arrasate eta Elorrioko udalek ordea alegazioak aurkeztu zituzten (2008/06/2an, 2008/06/3an eta 2008/06/2an hurrenez hurren), oso antzeko argudio juridikoetan oinarrituta.
Alegazio horietan, udalek, ADIFek aurkeztutako oinarrizko proiektuaren (abiadura handiko linearen plataformaren Arrasate-Elorrio-Bergara nodorako oinarrizko proiektuaren) kontrakoak izan arren, adierazi zuten proposatutako oinarrizko proiektu horrek informazio-azterlanean jasotakoarekiko funtsezko aldarazpena zekarrela. Era berean alegatu zuten, trazadura ez zetorrela bat Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sarearen lurraldearen arloko planean aurreikusitako erreserba-zerrendarekin, ez eta korridorearekin ere.
Udalek ondorioztatu zuten trenbideen sektorean indarrean dagoen araudiaren argitan (eta bereziki, 2387/2004 Errege Dekretuaren bidez onartutako Trenbide Sektorearen Erregelamenduaren arabera) beste informazio-azterlan bat egin beharra egongo litzatekeela, eta horrek aldi berean ingurumenaren gaineko beste ebaluazio bat eta EAEko trenbide-sarearen lurraldearen arloko plana aldatzea eskatuko lukeela.
Lege-arauak aztertu ondoren, ADIFek ikusi zuen udalek aurkeztutako alegazioak zuzenbidean ondo oinarrituta zeudela, eta proposatutako trazadurari eutsiz gero, ziurgabetasun handia sortuko litzatekeela, trazadura hori gerora legez kanpokotzat jotzeko aukeraren inguruan. Horrela bada, ADIFek indarrean zeuden informazio-azterlanarekin eta lurraldearen arloko planarekin bat zetorren beste oinarrizko proiektu bat egin zuen Arrasate-Elorrio-Bergara trenbide-nodorako.
Proiektu hori Bilbon 2008ko urriaren 1ean egin zen bilera batean aurkeztu zitzaion Eusko Jaurlaritzari, eta 2009ko martxoan onartu zen behin betiko. Orduko Eusko Jaurlaritzak ez zuen desadostasunik agertu, ez eta inolako aitzakiarik jarri aurkeztu zitzaion proiektuari.
Behin betiko onartutako oinarrizko proiektu hori ikusita, Lamiategi elkarteak grafikoan datorren trazadura eskatu zuen. Hau da, Bergarako udalerrian trenbide-nodoaren oinarrizko proiektuan aurreikusitako trazadurari berriro heltzeko, izapideen prozesuan Arrasate, Bergara eta Elorrioko udalek aurkeztutako alegazioen ondorioz baztertu zen hari alegia.
Hona eskatutako aldarazpenen ezaugarri nagusiak:
a) Trazadura aldarazten du, baina ezaugarri teknikoetan aldaketa esanguratsurik eragin gabe. Funtsean, konponbide tekniko eta ekonomiko bera proposatzen da, baina beste trazadura batekin.
b) Proiektuaren ardatz nagusia erasaten du, Bergaran eskatu den aldaketak proiektuaren zati garrantzitsuenaren trazadurarako irtenbidea baldintzatzen baitu. Zehatz esanda, 27 kilometro inguruko zatian aldatuko luke trenbidearen trazadura, Arrasate, Elorrio eta Bergaran barna, Ya marrazten duen eta hiru lurralde historikoen arteko bidegurutzeak zehazten dituen begizta horretan.
Garraio Sailak, ETSk eta Lamiategi elkarteak hainbat bilera izan dituzte elkarteak eskatzen zuen bezala oinarrizko proiektua aldatzeko aukerak aztertzeko, ingurumenean eta paisaian eragin txikiagoa zuelako. Kontua zen ea eskatutako aldarazpen horrek indarrean dauden informazio-azterlanaren eta lurraldearen arloko planaren funtsezko aldaketarik zekarren jakitea.
Aldaketa funtsezkoa izanez gero, proiektuaren informazio-azterlana eta lurraldearen arloko plana ere aldatu egin beharko lirateke, eta horrek proiektua atzeratu egingo luke; 4 urte inguru. Eragozpen horiei gainera, trazadura berri horrek trenbide-nodoko edo aldaguneko beste tarteetan eragingo lituzkeen aldaketa sakon guztiak gehitu beharko litzaieke.
Horrela bada, eta gaia erabakitzeko, sailak eskaintza bat egin zion Lamiategi elkarteari: ETSk txosten juridiko bat eskatu ziezaiola ospe eta esperientzia handiko abokatu-bulego inpartzial bati. Txostenak ondorioztatu du proposatutako aldarazpenak funtsezko aldaketa eragiten duela informazio-azterlanean onartutako trazaduran.
Idazten ari den eraikuntza-proiektuan sartu diren hobekuntzak
Edonola ere, Garraio Sailak kontuan izan ditu Lamiategi elkartearen aldarrikapenak, legezkoak eta ulergarriak baitira; eta horregatik, 2009ko abenduan Bergara-Bergara tartearen oinarrizko proiektua onartu ondoren, (trazadura finkatzen duen dokumentua alegia), hainbat bilera izan ditu Lamiategi elkartearekin, proposatutako irtenbidea inguruan ahalik eta ondoen integratzeko, eta aintzat hartu ditu elkarteak, indarrean dagoen lege-esparruaren barruan, aurkeztu dituen iradokizunak.
Hortaz, eraikuntza-proiektua idaztekoan hainbat hobekuntza sartu dira, azpiegitura paisaia aldetik hobeto integratzeko:
- Sestra jaitsi egingo da, azpiegituraren begi-inpaktua ahalik eta gehien txikitzeko; Angiozarko herrigunearen parean tunelean igaroko da.
- 4 tunel aizun egingo dira (193 m, 90 m, 51 m eta 576 m-ko luzerakoak), eta bosgarren bat Arrasate-Bergara tartearen amaieran, inguru horietan hesi-efekturik ez eragiteko.
- Obretarako sarbideak jabeen ordezkariekin koordinatuko dira.
- Etxebizitzei zuzenean ez erasateko modua bilatu da (Eduegi baserria barne).
- Soberakinak uzteko zabortegi bat egingo da, bizilagunek proposatutako lekuan.
- Deba ibaiaren gaineko zubi berezia tipologia mistoarekin diseinatu da, zutabeen arteko argi zabalekin, eta inguruaren ezaugarriak gorabehera, terrenoan ondo integratzeko moduan moldatuta.
- Trazadura osoan zehar paisaian ondo integratzeko elementuak (tunel aizunak, arbola sailak –hormak eta zubiak ezkutatzeko–, landareak –ezpondak eta hormak estaltzeko…).