Azken eguneratzea: 2014/01/27
Operazioa hilaren 25eko gauean egin zen, Jaizkibelen.
Segurtasun Sailak arrakastaz burutu du Alpify geolokalizazio-sistemarekin eginiko lehenengo mendi-erreskatea.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak arrakastaz burutu du Alpify geolokalizazio-sistemarekin eginiko lehenengo mendi-erreskatea; urtarrilaren 25eko gauean izan zen, Jaizkibelgo landa-eremuan galduta zebiltzan bi mendizale erreskatatzeko.
Segurtasun Saileko iturriek adierazi dutenez, bi mendizaleetako batek bere mugikorretik Alpify Alerta aktibatu zuenean hasi zen erreskatea; horri esker, SOS Deiak zerbitzuak berehala jakin ahal izan zuen haren izena, telefono-zenbakia eta kokapen geografikoa.
Datu eta koordenatu horiek berehala jakinarazi zitzaizkion Ertzaintzaren Agintaritza eta Kontrol Zentroari, eta 30 minutu eskasetan egin ahal izan zuten erreskatea, Euskal Autonomia Erkidegoko poliziaren baliabideak bakarrik erabilita, eta eguraldi txarra gorabehera.
Edoakoa den aplikazioa
Alpify telefono mugikorretarako geolokalizazio-tresna bat da, erabat doakoa erabiltzaileentzat. Eusko Jaurlaritzak duela gutxi bereganatu du, eta bateragarria da Android, iPhone eta BlackBerry sistemekin.
GPS, 3G/Gprs eta GSM teknologietan oinarrituriko Alpify tresnak beren kokapena eta ordura arte eginiko ibilbidea erakusteko aukera ematen die erabiltzaileei, eta hala, balizko erreskatean erabili beharreko denbora murrizteko aukera eskaintzen du. Horretaz gain, SOS Deiak alarma bat igortzeko aukera ere ematen du, egiazko arrisku-egoeran izanez gero.
Tresna berriak emandako datuak SOS Deiako langileei iristen zaizkie eta haiek kudeatzen dituzte, kontrol-panel baten bitartez.
Era berean, sistemak eremu geografiko zabaletan bilaketa- eta erreskate-unitateen jarduna kontrolatzeko eta optimizatzeko aukera ematen du; izan ere, geolokalizazio-sistemari esker, berehala ikus ditzakegu dagoeneko arakaturiko eremuak. Interneterako sarbiderik izan ezean, erabiltzaileak beti bidali ahalko du SMS bat, bere kokapena adierazteko, edo, bestela, zuzenean 112 telefonora deitu.
Adierazitako abantailez gain, aplikazio berria norberaren babeserako tresna garrantzitsua da, berez, aire zabaleko ekintzak egitea maite duten pertsonentzat; bereziki mendizaleentzat.
Segurtasun Sailaren helburua sistemaren ezarpena ahalik eta gehien hedatzea da, hark eskaintzen dituen prestazioek denbora eta baliabideak aurrezten laguntzen baitute, desagerturiko pertsona bat aurkitu edo arrisku-egoeran dagoen bat erreskatatu behar denean. Horretarako, balizko erabiltzaileek Alpify doako aplikazioa deskargatu behar dute beren mugikorretan.