Gasteizko Toki Enplegu eta Garapeneko Planak 3,6 milioi jasoko ditu Lanbideren eskutik lehen urtean

Argitalpen-data: 

Lanbide.

Guztira, Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak 19,5 milioi inbertituko ditu aurten Euskadin hasiko diren lehen hamaika planetan


Gasteizko Toki Enplegu eta Garapeneko Planaren aurkezpena.

Lanbidek Gasteizko Toki Enplegu eta Garapeneko Plana (TEGP) gauzatzeko lehen urtean jarriko dituen 3.559.516 euroen % 97,3 enplegu-politika aktiboetara bideratuko da. Horietatik,1,2 milioi euro inguru laneratzeko zailtasunak dituzten langabeen lan-aktibaziorako zuzenduko dira. Horretarako, Udalak zuzeneko 121 kontratazio egingo ditu laneratzeko zailtasunak dituzten langabeentzat.

Gainerako 2,3 milioi euroak langabeak kontratatzeko enpresentzako laguntzetara bideratuko dira, batez ere laneratzeko zailtasunak dituztenentzat. Helburua 230 pertsonek kontratua lortzea da.
Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren ekarpenaren gainerako % 2,7 enplegurako orientaziora bideratuko da, eta 850 pertsonak jasoko dute.

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren esanetan, plana «enplegu politika publikoak ulertzeko modu berri bat da: hurbilagoa, koordinatuagoa eta lurralde bakoitzaren errealitatera egokituagoa», Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Lanbidek, Arabako Foru Aldundiak eta ekonomia, gizarte eta Prestakuntza eragileek elkarrekin egindako lanaren emaitza.

Torres, Maider Etxebarria Gasteizko alkatearekin batera, Gasteizko 2026-2030 Enplegu eta Toki Garapeneko Planaren diseinuaren aurrerapenen aurkezpenean hartu du parte gaur.

Lehendakariordeak nabarmendu du EAEko Enplegu Legeak «benetako paradigma aldaketa» ekarri duela, tokiko erakundeek enplegu politiketan duten zeregina indartu eta erakundeen arteko koordinazio handiagoa sustatu duelako, herritarren beharrei hobeto erantzuteko.

«Enplegu politika aktiboak lan merkaturako sarbidea errazteko tresna bat baino askoz gehiago dira. Gizarte kohesiorako, aukera berdintasunerako eta garapen ekonomikorako tresna dira», adierazi du.

Aitzindariak

Gasteiz da TEGP bat izango duten lehen hamaika toki-erakundeetako bat, 2023ko Enpleguaren Euskal Legean ezarritakoa betez eta 2030eko Enpleguaren Euskal Estrategiari jarraituz. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuez gain, Amurriok eta Arabako Lautadako Koadrilak ere euren TEGPa gauzatzen hasiko dira 2026an; Barakaldok, Durangok eta Sestaok Bizkaian, eta Eibarrek, Irunek eta Oarsoaldeak Gipuzkoan. Laster, beste 14 toki-erakunde hasiko dira prozesu berarekin.

Erronkak eta indarguneak

Lan merkatuak eta produkzio  sareak dagoeneko jasaten ari diren eraldaketa sakonei aurrea hartzeko gaitasunean kokatu du Mikel Torresek erronka nagusia. «Plan on bat ez da soilik errealitatea aztertzea. Bere benetako balioa da gaur prestatzen laguntzea bihar beharko ditugun erantzunak. Ez dugu oraina kudeatzera mugatu nahi; enpleguaren etorkizuna eraiki nahi dugu», azaldu du.

Ildo horretan, nabarmendu du Euskadik digitalizazioa, trantsizio ekologikoa, eraldaketa industriala, belaunaldien arteko erreleboa eta gaitasun profesionalak enpresen eskaera berrietara egokitzea bezalako erronkei aurre egiten diela. «Erronka ez da soilik enplegua sortzea, baizik eta gure enpresek bihar beharko duten talentua prestatzea, lehiakorrak izaten jarraitzeko eta hurrengo belaunaldientzako aukerak sortzeko», ziurtatu du.

Gasteizek erronka horiei aurre egiteko duen gaitasuna balioetsi du Lehendakariordeak, ehun industrial, teknologiko eta logistikoaren sendotasunari esker, bai eta berrikuntzarekin eta jasangarritasunarekin duen konpromisoari esker ere. Testuinguru horretan, defendatu du trantsizio ekologikoa eta teknologikoa kalitatezko enplegua sortzeko eta tokiko ehun ekonomikoaren lehiakortasuna indartzeko aukera ere izan behar dela.

Torresek plan horiek inspiratzen dituen gobernantza eredua nabarmendu du, erakundeen, enpresen, Prestakuntza zentroen eta gizarte eragileen arteko etengabeko lankidetzan oinarrituta. «Enplegu politika publiko onenak entzunez, ezagutza partekatuz eta gaitasunak batuz eraikitzen direnak dira. Lankidetza espiritu hori da plan horren indargune nagusietako bat», adierazi du.

Aurkezpenean gogorarazi dute, halaber, Lanbidek aurten 3.559.516 euro bideratuko dituela Gasteizen enplegu politika aktiboak garatzera, pertsonen enplegagarritasuna hobetzera, enplegua lortzeko zailtasun handienak dituztenen laneratzea bultzatzera eta enpresei kontratazioa laguntzera bideratutako jarduketekin.

Enpleguaren Euskal Legean aurreikusitako etorkizuneko Enpleguaren Euskal Sarearen hedapenaren baitan kokatu du Lehendakariordeak ekimen hori. Sare horrek udalerri eta toki erakunde berriak txertatuko ditu pixkanaka, eredu koordinatuago, hurbilago eta eraginkorrago baterantz aurrera egiteko.

«Aldaketen aurrean erreakzionatzeaz gain, aldaketei aurrea hartzeko gai izango diren politika publikoak nahi ditugu. Horrela bakarrik jarraituko dugu Euskadi lehiakorragoa, kohesionatuagoa eta kalitatezko enplegu gehiagorekin eraikitzen», amaitu du Mikel Torresek.