Azken eguneratzea: 2012/06/01

Lur hiztegi entziklopedikoa eta Lur entziklopedia tematikoa sarean

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) sarean jarri ditu jada Lur Hiztegi Entziklopedikoa eta Lur Entziklopedia Tematikoa. Era horretan, euskaraz ikasten dutenek beste kontsulta-tresna bat izango dute on line kontsultak egiteko.

Lur Hiztegi Entziklopedikoa eta Lur Entziklopedia Tematikoa sarean kontsulta daitezke honako helbideetan:
www.euskara.euskadi.net/lur-hiztegia eta www.euskara.euskadi.net/lur-entziklopedia

Paperezko formatuan bakarrik argitaratutako bi lan horien corpusak orain hiru urte eskuratu zituen HPSk. Paperezko bertsioa 2000-2001 urteen bitartean eguneratu bazen ere, HPSk 2009an hiztegiko eta entziklopediako oinarrizko datu batzuk gaurkotu zituen. 

Corpus hau sareratzearen helburua izan da, batetik, ikasleei on-line kontsultatzeko tresna bat gehiago eskaintzea, eta, bestetik, Interneten euskararen presentzia handitzea, eduki digitalizatu gehiago eskainiz. Hala ere, kontuan hartu behar da bi lan horiek aspaldikoak direla eta eduki gehienak zeuden-zeudenean eskaintzen direla, hau da, ez direla eguneratu ez eta zuzendu ere. 

Lur Hiztegi Entziklopedikoa 1991n argitaratu zen. Kontsultan eskaintzen dena 1990-1995 urte bitartean papelean inprimaturiko edizioaren hamar liburukiak dira, 49.900 sarrera baino gehiago, alegia. Lur Entziklopedia Tematikoa, berriz, 1999an argitaratu zen. Entziklopedia orokor baten berezko egitura izanik, Euskal Herriari buruzko bost liburuki eta izaera unibertsaleko gaiei buruzko beste zortzi liburuki ditu. 

Gogoratu behar da, baita ere, iaz, HPSk Lur Hiztegiko eta Lur Entziklopediako 11.000 artikulu egokitu zituela Wikipedian argitaratzeko.