Azken eguneratzea: 2012/07/24
Lanbidek hirugarren bulegoa irekiko du Gasteizen irailean
Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak hirugarren bulegoa irekiko du Gasteizen irailaren hasieran, zuzeneko arretako zerbitzua indartzeko asmoz. Lokal hori Lakua auzoan zabalduko dute, eta behin‑behinean egongo da irekita, Zumakadi ibilbideko makrobulegoa abian jarri arteko zubia izango baita. Bulego handi hori abenduan edo hurrengo urteko urtarrilean irekitzea aurreikusi da.
“Lanbidek, diru‑sarrerak bermatzeko errentaren eta enplegu‑eskaera inskribatzearen inguruan arreta azkar eta eraginkorragoa emateko asmoz, behin‑behineko bulego hori irekiko du, irailaren lehen hamabostaldian, Lakuan”, eman du aditzera Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gema Zabaletak.
Lokal horretan, Euskal Enplegu Zerbitzuko orientatzaileek eta administrariek DBEa jasotzen duten 1.200 bat pertsonari emango diete arreta bulegoa jardunean egongo den aldian. Lanbideren plantilla zazpi profesionalek osatuko dute.
Zehazki, bulego hori Espoz y Mina kalean (z.g.) edo Jose Domingo Olarte kalean (23, 25 eta 27 zenbakietan) egongo da. Era berean,197,68 metrokarratuko azalera erabilgarria izango du.
“Betiere ahalik eta zerbitzurik onena ematearren, Lanbideren egitura indartuko dugu. Gainera, erakundeko langileek konpromiso irmoa dute orientazio pertsonalizatuaren, prestakuntzaren eta lan‑bitartekaritzaren bitartez langabeei laguntzeko eta langabeek enpleguari dagokionez duten posizioa hobetzeko”, esan du Lanbideren Administrazio Kontseiluaren presidenteak.
Zabaletak gogorarazi du «Gasteizen, zerbitzua hobetu egingo dela, instalazioak erosoagoak izango direlako, jendea bulego horretara errazago iritsiko delako eta kalitatezko zuzeneko arreta emango dutelako han».
Makrobulegoa negurako
Bulego hori, EAEko 42.a, itxi egingo da Zumakadiko makrobulegoa abian hasten denean. Lokal berria —655 bat metro karratu izango ditu— abenduan edo hurrengo urtearen hasieran inauguratuko dela aurreikusi da.
Garai bateko anbulatorioaren ondoan egongo da, Zumakadi ibilbideak Nieves Cano kalearekin bat egiten duen tokitik gertu. Bulegoak 35 langile izango ditu, enplegu‑eskatzaileei, diru‑sarrerak bermatzeko errentaren (DBE) jasotzaileei eta enpresei zerbitzua emateko.