Azken eguneratzea: 2012/06/27
Gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa arrakasta handia izaten ari da
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak iragan otsailaren 28an jendaurrean aurkeztu zuen gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa arrakasta handia izaten ari da. Egunez egun haren kalitatea hobetzen ari da, zehaztasun handiagoa du eta gero eta erabiltzaile gehiagok erabiltzen du.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak otsailaren 28an gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa aurkeztu zuenean, ikusmin handia zegoen, zalantza bat baino gehiago zegoen haren funtzionamenduaren inguruan: kalitatezkoa izango zen, akats asko izango zituen, benetan erabilgarria izango zen…
Aurkezpen-egunetik ekaina bitartean itzultzaileak izandako datuei erreparatzen badiegu, beldurrik gabe esan daiteke itzultzaile automatikoa arrakastatsua izaten ari dela. Ondorengo datuei gain begirada bat botatzea besterik ez dago hori horrela dela egiaztatzeko:
|
|
Dokumentuak |
Esaldiak |
|
Otsaila 2012 |
54.883 |
1.525.487 |
|
Martxoa 2012 |
280.023 |
11.762.430 |
|
Apirila 2012 |
242.209 |
17.894.370 |
|
Maiatza 2012 |
335.190 |
29.948.918 |
Ikus daitekeenez, otsailetik ekaina arteko datu horietan, itzultzeko sartu diren dokumentu-, esaldi- eta hitz-kopuruak goranzko joera izan du etengabe. Apirilean, dokumentuen kasuan, zertxobait behera egin du, baina kontuan hartu behar da hil horretan Aste Santua tartean zegoela eta jarioa asko jaisten dela esparru guztietan.
Aurkezpen-egunean behin eta berriz aipatu zenez, itzultzaile automatikoa laguntza-tresna da, behar bezala erabili behar da, hasieran akatsak eman ditzake, baina erabili ahala, akats horiek zuzentzen joango dira eta bere kalitatea gero eta handiagoa izango da. Eta hala gertatzen ari da. Hona hemen hori horrela dela egiaztatzen duten datu batzuk:
- Benetako erabileraren aurrean (eskari-fluxuak), hainbat premia ikusi ziren aplikazioaren sistema informatikoaren ezarpenari zegozkionak, hobetu beharrekoak. Horiek doitu eta gero, sistema egonkortu egin da eta ez du blokeo- edo geratze-arazorik eman.
- Interfazeari dagokionez, “erakutsi aukerak” botoia, lehenetsita agertzen da orain eta, horrela, erabiltzaileak, hasieratik, hitz polisemikoen itzulpen-aukerak ikusiko ditu.
- Hizkuntza-zuzenketak ere sartu dira sisteman sailkapen bati jarraituta: akats orokorrak, lexikokoak eta izen bereziak eta siglak Adibidez: “Euskadi” (ondo deklinatzen da orain); “gracias, muchas gracias, gracias por” (orain gehienak ondo itzultzen ditu); egitura batzuk ere hobetu dira: mientras…; no poder (ezin…); ir + gerundio (-t(z)en joan; el tren de (Irun), el aeropuerto de (Madrid); (recibió una recompensa) por (venir a la escuela); … de mi parte (nire partetik); eta beste batzuk: hiztegi zehatza (sailburu, sailburuorde…), formulak (afectuosamente) eta abar.
Akatsak hautematen jarraitzen eta, etengabe, zuzentzen ari dira. Dena den, itzulpen-prozesuan, dokumentu luzeen itzulpenekin, bestelako akatsak antzemango dira eta, hortaz, sistema osoa hobetzen joango da.
Kritikak kritika, erabiltzaileek aldeko iritziak eta balorazioak jakinarazi dituzte itzultzaile automatikoaren inguruan. Hona hemen zenbait adibide:
1.- Zu Zeu hedabide digitalak egindako azterketan, hainbat iritzi agertzen dira: “Itzultzaile txukuna iruditu zait, lagungarria bederen”. “Baina izan gaitezen errealistak. Nork erabiliko du itzultzaile bat (dela Googlerena, dela EJrena, dela Opentrad) ”muchas gracias”, “vete a la mierda” eta antzekoak itzultzeko? Ez al gara pentsatzen jarri behar, bereziki, testu formalagoetan? Eta, alde horretatik, txukun samarra dirudi EJrenak, nahiz eta beti egon beharko duen atzean itzultzailea edo aditua emaitza birpasatzeko.
2.- Sustatun ere eztabaida izan zen eta hainbatek itzulitako testuen bidez ateratako ondorioen artean honako hau agertzen da: “Lehen begiratu batean ez dut hain tresna okerra ikusten… Uste dut euskararen teknifikazio beharrezkoa aurrerapauso bat badela hau. Ez idealena, demagun, baina bai probesteko modukoa”.
3.-Itzul posta-zerrendan ere iritzi-trukaketa izan zen. Iritzien artean, honako hau:
“Egun hauetan, nola ez, ni ere proba batzuk egiten aritu naiz eta, egia esateko, sorpresa hartu dut, onerako sorpresa. Izan ere, ez nuen espero halako emaitzak eskainiko zituenik sortzetik beretik… eta abiapuntua, nik uste, baliozkoa da. Hizkuntza Politikako arduradunek argi esan dute testu orokorretarako tresna dela itzultzaile automatikoa; eta, itzulpen baten emaitza inola ere plazaratzeko asmoa izanez gero, gizakiak zuzendu behar duela beti testu sortzez automatikoa… Betor, beraz, 'es >eu' itzultzaile automatikoa”.
Beraz, argi dago itzultzaile automatikoaren harrera oso ona izan dela lehen hilabete hauetan, baina pedagogia egiten jarraitu behar da, eta gogoan izan emaitza onak jasotzeko zer egin behar den:
- Itzultzaile automatikoa ondo erabiltzen ikasi behar dugu (itzultzaile automatiko guztiak bezala), hau da, jakin behar dugu makinari zer eskatu diezaiokegun eta zer ez, eta nola; hori ikasiz gero, benetan lagunduko digu testuak azkar itzultzen. Ahaztu gabe, jakina, makinak ematen duen itzulpena beti zuzendu behar dela.
- Gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa testu neutroak, erregistro formalekoak, eta oso egitura finkoak eta errepikakorrak dituztenak itzultzeko prestatu da. Ezin da emaitza ona lortu lagunen arteko erregistroan idatzitako testuak edo testu informalak, oso modu librean idatzitakoak. Gainera, itzultzailea ezin da hiztegi moduan erabili, hau da, ezin du ordezkatu hiztegi bat.
- Ezaugarri horiek kontuan hartuta, badira aintzat hartu beharreko beste kontu batzuk, itzultzailea behar bezala erabiltzeko: itzultzeko sartzen diren gaztelaniazko testuek oso ondo idatzita egon behar dute (ortografia- eta tipografia-akatsik gabe, sintaxi egokia erabilita, laburdurarik gabe), puntuazio egokia erabilita (komak, puntuak eta puntu eta komak) eta, jakina, diskurtsoa koherentea izan behar da.
Baina itzultzaile automatikoaren bidea ez da hemen amaitzen. Orain, itzultzailea smartphone eta tablet-etan erabiltzeko prestatzen ari dira.
Etorkizun hurbilari begira, berriz, Itzulpen-memorien Banku Publikoa garatzen ari da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, eta aurreikuspenak betetzen badira, urte amaiera aldera operatibo izan daiteke. Bankuarekin, itzulpengintzari laguntzeko tresna indartsua izango dugu eskura. Hurrengo urratsa itzultzaile automatikoarekin uztartzea izango da. Horrela, sisteman itzuli beharreko testu bat sartzen denean, lehenengo eta behin, itzulpen-memorietan bilatuko du eta hor aurkitzen duena bertatik hartuko du (hori giza itzulpena da) eta, aurkitzen ez duena itzultzaile automatikotik pasako du.
Horrekin batera, 2013aren erdialderako euskara-gaztelania eta ingelesa-euskara itzulpen-noranzkoak gehituko zaizkio itzulpen-sistemari, gauzak ondo bidean.