HAEE-k eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak IT Txartela IKTen gaitasuna egiaztatzeko tresnatzat onartu dute


Beren lan poltsetarako eta lan deialdi publikoetarako

 

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE), langileak aukeratu eta prestatzea eta euskararen erabilera erakunde publikoetan normalizatzea helburu dituen Eusko Jaurlaritzako erakundeak, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak onartu dute IT Txartelak ziurtagiritzat balio duela beren lan poltsetarako eta lan deialdi publikoetarako, Informazioaren Teknologiei buruzko ezaguera objektiboki adierazten duelako.

 

HAEE-k erabili du lehenbizikoz IT Txartelaren erreferentea erabiltzailearen maila egiaztatzeko. Aurreko ekaineko deialdian, 2.000 laguni baino gehiagori egin zitzaien azterketa administrari laguntzaile lanpostuetarako, eta ziurtagiri hau izanez gero ez zitzaien bulegotik aprobarik egin behar izan azterketariei. 

 

Beste alde batetik, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak ziurtagiritzat erabili du IT Txartela ofimatikari buruzko ezaguerak ebaluatzeko deialdi batean eta 200 lagunek parte hartu dute deialdi horretan. Baliteke udal batzuek balioa ematea IT Txartelari hurrengo lan deialdietako hautaprobetan eta merezimendu-lehiaketetan.

 

IT Txartela informazioaren teknologien gaineko oinarrizko gaitasunen egiaztapen sistema bat da, pertsonek hainbat tresna informatiko eta interneten erabileraz dakitena ziurtatzen duena, profil desberdinen arabera. Programa honek, herritarrak informazioaren gizartearen gaia ikastera eta agiri hau lortzera bultzatzea du helburu.

 

IT Txartelaren erabilera enpresetara eta erakundeetara zabalduko da, izan ere, programa honi esker, enpresa eta erakundeek beren taldeetan dauden pertsonen eta etorkizunean sar daitezkeenen IKTen gaineko gaitasunak ebalua ditzakete. Bestalde, egiaztapen modu hau darabilten enpresek ikuspegi independente bat lortzen dute ezagutza mailari buruz, eta honek oinarri bat ematen du etorkizunean prestakuntza jarduerak antolatzeko.

 

 

Softwarearen Europako Institutuak (ESI) homologatzen ditu azterketak egiten dituzten zentroak, KZgune guztiak eta prestakuntzako beste zentro batzuk, besteak beste. Guztira, 30 egiaztapen-modulu daude, eta Euskadi Informazioaren Gizartean Planak guztien eskura jartzen ditu erabiltzaileen prestakuntzarako. 

 

2005eko azarora arte, 8.686 pertsonek jaso dute IT Txartela SPRIren eskutik. Guztira, 16.099 pertsonek egin dute azterketa eta gainditu dutenak, berriz, %54  izan dira.

 

Azken eguneratzea: 2005/11/28