Azken eguneratzea: 2009/06/19
ATENTATU TERRORISTA
Lehendakariak Polizia nazional baten erailketa gaitzetsi du eta ETAren kontra mobilizatzera deitu ditu herritarrak
Gaitzespenerako kontzentrazioak deitu dituzte bihar eguerdiko 12:00etarako udaletxeetan. Manifestazioa Bilbon, 18:00etan
Gaur goizean Eduardo Puelles Garcia Polizia Nazionalaren inspektorea hil duen atentatu terrorista gaitzetsi du Patxi Lopez Lehendakariak. Patxi Lopez Lehendakariak ETAri esan dio deuseztatu egingo duela, ez diola arnasarik hartzen utziko eta "kartzelarako bidea" erakutsiko diola, izan ere, banda armatuak "minaren bidea erakutsi digu".

Patxi Lopez Lehendakariak "erabateko gaitzespena" eta "arbuio irmoa" adierazi du Eduardo Puelles García Polizia Nazionalaren inspektorea hil duen atentatuarekiko. ETAri esan dio deuseztatu egingo duela, ez diola arnasarik hartzen utziko eta "kartzelarako bidea" erakutsiko diola, izan ere, banda armatuak "minaren bidea erakutsi digu". Gasteizen komunikabideen aurrean egin duen agerraldian Lopez irmo azaldu da: "Gaitzespena eta arbuioa egiteaz gain, ohar argi bat helarazi nahi diot ETAri: deuseztatu egingo dugu, Zuzenbidezko Estatuaren indar guztia eta Legearen baliabide guztiak erabiliko ditugu indarkeria erabiltzen dutenei arnasarik hartzen ez uzteko. Saminaren bidea erakutsi digute beraiek, eta guk kartzelarako bidea erakutsiko diegu".

Lehendakariak esan du biktima "geuretako bat" dela eta herritarrak deitu ditu bihar eguerdiko hamabietan euskal erakunde guztien aurrean egingo diren kontzentrazioetara joateko, baita arratsaldeko seietan Bilbon egingo dute manifestaziora ere, "Euskadik ETAren kontra berriz ere garrasi egiteko".