Azken eguneratzea: 2005/12/02
Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta Lehendakariak irakurritako Euskararen Agiria
Lehendakaria agiria irakurtzen

Abenduaren 3an San Frantzisko Xabierkoaren eguna ospatzen dugu euskaldunok, eta harekin batera, Euskararen Nazioarteko Eguna. Aurten badugu beste euskaldun guren bat ekarri beharra gogora: Esteban Urkiaga "Lauaxeta"; izan ere, olerkari euskaldun honen jaiotzaren 100. urteurrena ospatu dugu aurten. Nafarrak eta bizkaitarrak, bi-biek, euskalduntasunaren haria lotzen dute 4 gizalditan zehar, eta aurrera begira ere lokarri hori iraunaraztea da guk haiei egin diezaiekegun omenaldirik onena.

Euskaldun bi horien ereduari jarraitu behar diogu gaurko egun berezi honetan, apaltasunez baina aldi berean harrotasunez erakutsiz jendaurrean, euskarak edonorako balio duela, bai eta edozertarako ere; ez duela ezeren lotsarik izan behar. Frantzisko Xabierkoak ere halaxe egin zuen bere amari gutunak euskaraz idazten zizkionean Txinatik Nafarroara, bai eta Lauaxetak ere euskal olerkiak, euskal literatura, eta, horrenbestez, euskara sartu zituenean, Europako XX. gizaldiko mugimendu berri eta berritzaileen artean. Eurek egindakoari jarraipena ematea dagokigu guri eta gure ondorengoei. Izan ere, Euskal Herriaren mugak euskararenak dira, eta, horrenbestez, euskaldun bat dagoen lekuan Euskal Herria hantxe izango da.

Eta euskara ikasteaz gainera, euskaraz egin daiteke, euskara egingarria da, ez da zerbait 'birtuala', ezpada guk berba egitean, hitz egitean, mintzatzean, behin eta berriro sortzen dugun izakia da, eta hori sortzen dugun neurrian geure nortasuna sortzen eta birsortzen dugu etengabe. Hori ez eze, euskaldun jaio ez diren askok euren burua euskaldundu duten neurrian euskal komunitate horren partaide bihurtu dira, euskaldunon herria handituz eta sendotuz.

Horixe da gure helburua, euskaldunon xedea, gure hizkuntza etenik gabe igarotzea, euskaldunak orain 2 000 urte ziren moduan, hemendik 2 000 urtera ere izan daitezen, eta gu horren giltzarri gara gaur eta egun, hemen eta han, edonoiz eta edonon.

Ez dadila izan gaurko eguna basamortuko urgune bakana. Izan bedi takan-takan topatzen dugun osina, etenik gabe edaten ematen diguna: egun guztietan edan behar dugu, egarriak hilko ez bagaitu. Guk erraz daukagu, ura bera gurea da, eta guk geuk eman diezaiekegu gure ondokoei edaten. Hala biz!