Eusko Jaurlaritzak eta Mercedes-Benz enpresak hitzarmen bat sustatu dute Euskadin ibilgailu elektrikoen fabrikazioa sustatzeko. Zehazki, akordioari esker, 2010eko azken hiruhilekotik aurrera Mercedesek Gasteizen duen fabrika ibilgailu elektrikoak fabrikatzeko egokituta egongo da. Enpresak horretarako Araban duen fabrikan 15 milioi euro inbertituko ditu.
Patxi López lehendakariak adierazi du akordioa "berri bikaina" dela eta Euskadiko automozioaren sektorea bere lehiakortasuna indartzeko pauso hau emateko "prest dagoela" erakusten duela. Lópezen arabera, krisialditik irteteko konponbiderik onena "enpresen lehiarako ahalmena hobetzean" datza, Mercedesek Gasteizen duen fabrikan burutuko dena bezalako proiektuen bidez.
Hitzarmena Bernabé Unda Industria eta Berrikuntza sailburuak eta Emilio Titos "Centros Industriales Mercedes-Benz España"ko zuzendari nagusiak sinatu dute, Patxi López lehendakariaren aurrean. Lehendakariak azaldu du Jaurlaritzak horrelako ekimenak babesteko erabakiaren oinarria berrikuntzaren, iraunkortasunaren eta klima aldaketaren aldeko apustuan datzala. Akordioaren bidez, Jaurlaritza Mercedes-Benz-ekin elkarlanean arituko da bere Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza (I+G+b) programen bidez, eta horri esker aztertzen den inbertsioaren % 40 arte lor liteke. Fabrikatuko den ibilgailua furgoneta bat izango da, motor elektrikoa eta 130 km-ko autonomia nominala duena.
Eusko Jaurlaritzaren eta Mercedes-Benz Españaren arteko hitzarmena eta bertan jasotzen diren proiektuak Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Euskal Autonomia Erkidegoan ibilgailu elektrikoa sartzea sustatzeko ezarritako estrategia globalaren barruan sartzen dira. Pasa den urriaren 29an jada, Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu zuen Repsolekin, ibilgailu elektrikoak kargatzeko sare bat sortzen laguntzeko asmoarekin.
Hitzarmen hau sinatzeak esan nahi du Mercedes enpresak automozioaren osagaien euskal sektorearekin "era aktiboan" lan egingo duela ibilgailu elektrikoekin lotutako proiektuak gauzatzen, Unda sailburuak azaldu duenaren arabera. Akordioak jasotzen du ibilgailu mota hauek Euskadiko garraio-flotetan sartzeko proiektu aitzindari bat gauzatuko dela.
Euskadiko automozioaren sektorea 300 enpresek osatzen dute; hauek 10 mila milioi eurotik gora fakturatzen dituzte eta Euskadin 40.000 pertsonari baino gehiagori eta kanpoan 20.000 gehiagori ematen diete lana.