Azken eguneratzea: 2009/02/06
DenokInn, Urdaibaiko Berrikuntza Poloaren aurkezpena
Sektore tradizionaletan lan egitea eta aldi berean berritzaile izatean krisitik ateratzeko oinarrizkoak direla uste du Lehendakariak
Itxaropenerako "arrazoi sendoak" daudela uste du
Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak DenokInn, Urdaibaiko Berrikuntza Poloaren aurkezpen ekitaldian parte hartu du. Bermeoko Arrantza Kofradiako Eraikin zaharrean egin da ekitaldia. Lehendakaria esan du ez dela kasualitatea proiektu hau Bermeoko Arrantza Kofradian jaio izana. "Modu honetan tradizioak eta berrikuntzak bat egiten dute, hori baita bidea: sektore tradizionaletan lan egitea eta aldi berean berritzailea izatea eta produktu eta proiektu berriak sortzea", azpimarratu du.
Guadalupeko Izarra, Innovalab laborategiaren kokalekua
Guadalupeko Izarra, Innovalab laborategiaren kokalekua

Lehendakariaren aburuz, itxaropenerako arrazoi sendoak daude. "Euskal gizartea bizirik dagoela, adimenarekin lan egiten duela eta krisia egon arren, mahai gainean proiektuak jartzeko gai dela erakusten ari da", gaineratu du.

Massachussets-eko Teknologia Institutua sozio bezala izateak sortzen duen ohorea ere azpimarratu du Lehendakariak "mundura irekita dagoen herri erakargarria baikara". Gaineratu du krisiari aurre egiteko proiektu berrietan erakundeak eta gizartea elkarlanean aritzea garrantzitsua dela.

Ekitaldian erakunde ezberdinetako ordezkariek parte hartu dute. Besteak beste, ondorengoak izan dira: Xabier Legarreta Bermeoko alkatea, Unai Rementeria Mundakako alkatea, Amaia Eiguren, Elantxobeko alkatea, Izakun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidentea, Ana Aguirre Industria Sailburua, Gonzalo Saenz de Samaniego Nekazaritza eta Arrantza Sailburua eta Izaskun Artetxe Sustapen Ekonomikorako Diputatua.

DenokInn proiektua Bermeoko portuan egongo da, Arrantza Kofradiaren eraikinean eta arrantza ontzi zahar batean hain zuzen ere. Proiektuaren helburua berrikuntza aplikatuan nazioartean erreferente izatea da. Horretarako, MIT institutuarekin (Massachussets Institute of Technology) akordioa sinatu da eta horren arabera, laborategi bat eta MIT institutuak berrikuntzako formazioko titulazioak emateko gunea egingo dira.

DenokInn proiektuaren lehen etapa honetan oinarrizko azpiegiturak ezarriko dira, horien arten lau laborategi: sormen eta kontzepzualizazio laborategia (INNOVALAB), prototipoen eta fabrikazio azkarrerako laborategia (FABLAB), formazio laborategia (FORMALAB) eta produktuei edo negozioei ekiteko laborategia (APPLAB) hartuko ditu Kofradia zaharrak.