Azken eguneratzea: 2008/10/10
ETB-3 telebista kate berriaren martxan jartzea eta eitb.com atari berriaren aurkezpena
Lehendakariak ETB-3ko emanaldiak eta eitb.com berria inauguratu ditu
Juan Jose Ibarretxe Lehendakariaren hitzaldiak ETB-3 EITBko telebista kate berriaren emanaldiak eta eitb.com web atari berrituaren martxan jartzea inauguratu ditu. EITBren Bilboko egoitzan ospatutako ekitaldian, Lehendakariak adierazi du "EITBren eguneroko lanean zein euskal gizartean egiten den guztian, kalitatea dela jarraitu beharreko bidea".

Ekitaldian Bingen Zupiria ETBko zuzendariarekin eta Juan Diego Eitbneteko eta Estrategia taldeko zuzendariarekin batera izan da Ibarretxe eta bertan aditzera eman duenez, euskal telebista “berezko hedabide moderno bat da eta bertan ohiturak zein azken joerak egon behar dira”.

 

Ibarretxeren ustez, “ez dugu leihoak itxita dituen etxe harresitu bat defendatzen. Munduko kultur guztiak ahalik eta libreen ibil daitezen nahi dut, baina ez nago prest horietako batek berak ere ni suntsi nazan”, azpimarratu du. 

 

Gazteak euskara eta kultura ardatz ditu gaur martxan jarri den telebista kate berriak. Bestalde, eitb.com berriari dagokionez, programetako informazio eguneratua, partehartzea, interaktibitatea eta denetariko edukiak bilduko ditu bere baitan.

 

Lehendakariaz gain Miren Azkarate Kultura Sailburuak EITB Taldearen bi hedabide berri horien martxan jartzea babestu nahi izan du. Azkaratek egoitza bisitatu du eta EITBko zuzendari, aurkezle, irratietako esatari eta eitb.com-eko lankideekin argazkia ateratzeko aukera izan du.

 

Izan EITB

 

Aurkezpen eta martxan jartze hau EITB Taldeak antolatutako ekitaldietako bat izan da. “Izan EITB” lelopean antolatutako jardunaldian bost jazoera garrantzitsu ospatu dira: ETB-3 telebista kate berria martxan jartzea, eitb.com web atari berriaren estreinaldia, Radio Euskadiren 25. urtemugako ospakizunen amaiera, Bilboko egoitzaren lehen urteurrena eta EITBko hedabide guztien denboraldi hasiera. Modu berean, egoitzaren ateak irekita egon dira goizeko 10:00etatik 19:00ak arte, nahi zuenak egoitza bisita zezan.

 

Oteizari omenaldia

 

Gaur ospatutako beste ekitaldi garrantzitsuenetako bat Bilboko Arte Ederretako Museoak EITBri utzitako eskulturen aurkezpena izan da. Bertan izan dira Javier Viar Arte Ederretako Museoaren zuzendaria, Gurutz Larrañaga Kultura Sailburuordea eta Bingen Zupiria ETBko zuzendaria, besteak beste. Gurutz Larrañagak Eusko Jaurlaritzak urriaren 20an Donostiako Miramar Jauregian Jorge Oteizari eskainiko dion omenaldia iragartzeko aprobetxatu du hitzordua.