|
| Eusko Jaurlaritza eta ArcelorMittalen arteko hitzarmena sinatzeko ekitaldiaren une bat.JB |
Goizean egin den sinadura-ekitaldian Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak, Ana Agirre Industria Sailburuak, Gonzalo Urquijo ArcelorMittal Taldeko Zuzendaritzako partaideak eta Gegroy Ludkovsky ArcelorMittal Taldeko I+G alorreko zuzendariordeak parte hartu dute. Altzairuaren alorreko I+G+I gisako ekintzak garatzeko akordioa da sinatu dena.
Lehendakaria pozik eta harro agertu da. "Akordio honek zera erakusten digu; altzairuaren alorrean mundu mailan liderra den enpresak Euskadi etorkizuna duen herria dela uste duela", adierazi du.
Akordio honek zuzeneko zerikusia du euskal erakundeek berrikuntzaren alde egiten duten lanarekin. Berrikuntzaren alorrean belaunaldi baten buruan Euskadi Europan erreferente izateko helburua betetzen lagunduko du gainera.
Egun bizi den krisialdi "garrantzitsua" ere hizpide izan du Ibarretxek. Euskal ekonomiak krisialdiari Espainiako eta Europako ekonomiak baino hobe erantzuten diola esan du. "Euskal erakundeek beharrezkoak ziren neurriak hartu zituzten iraganean. Euskal ekonomian industriaren pisua mantentzeko hartu zen erabakia da horren adibide. Horrela, ekintza ekonomikoen motore izaten jarraituko zuen", esan du. Berrikuntzaren aldeko apustua egin zutela ere gogoratu du, "hitzarmen honekin egiten ari garen bezala".
Azken 20 urteotan aurrerapauso kualitatiboa eman dela azpimarratu du Lehendakariak. Enpresak ezartzeko laguntzak eskaintzetik goi mailako ikerketa zentroak ezartzeko laguntzak ematera igaro baita.
Ana Agirre Sailburuak, bestalde, Espainiako siderurgia-produkzioaren %40 Euskadin dagoela gogoratu du. Sektoreko lanaren lautik bat bertan zentratzen da gainera,. Ikerketa zentro honekin Eusko Jaurlaritzak "siderurgia bezalako sektore batean Euskadi mundu mailako erreferente izatea" nahi duela azpimarratu du Agirrek.
Gonzalo Urquijo ArcelorMittaleko zuzendariak ere hitz egin du ekitaldian. Zentro berrian produktuan ez ezik ekoizpenean ere lan egingo dela adierazi du. Enpresa, Lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza, bezala "berrikuntzaren aldeko apustua" egiteaz pozik agertu da.
Akordioaren edukia
- Altzairuaren alorrean ikerketa-zentro bat, ArcelorMittal Basque Country Research Centre, sortzea. Zentro horrek teknologia eta berrikuntza sortzeari eta garatzeari buruzko jarduerak, Euskadiko garapen ekonomikoa eta soziala lortzen lagunduko dutenak, egin beharko ditu, enpresen arteko lehiakortasuna edo garapen soziala ikerketaren, garapenaren eta berrikuntza teknologikoaren bitartez hobetuz. Zentroa Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko Eragile Zientifiko eta Teknologiko gisa osatuko da.
- I+G+Bko proiektuak garatuko dira Zentroan: proiektu propioak, proiektuak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearekiko lankidetzan, ArcelorMittaleko munduko sarearekiko lankidetzan, euskal kluster siderurgikoko erakundeekiko lankidetzan, edo nazioarteko beste ikerketa-erakunde batzuekiko lankidetzan.
- I+G+Bko proiektuen garapena ArcelorMittaleko euskal fabrikentzat, baita taldeak mundu osoan dituen fabrikentzat ere.
- Lehen mailako I+G+Bko lantalde baten sorrera. Lantalde hori Euskadin egongo da eta zentroari atxikita.
- Azken belaunaldiko know-how siderurgikoa sortuko da Euskadin, bertoko beste lankide industrial eta zentro teknologikoekin egingo diren garapen-programen bitartez.
Zentro hori sortzeko eta I+G+B jarduerak garatzeko, Eusko Jaurlaritzak eta ArcelorMittal Taldeak 50 milioi euro emango ditu bakoitzak 2008-2012 aldian. Adierazitako zentroaren sorrera ekonomia bizkortzeari buruzko erakunde arteko "Aurrerantz Plana" akordioan bilduta dago. Plan hori Lehendakariak aurkeztu zuen joan den ekainaren 20an.
ArcelorMittal Basque Country Research zentroa 2008. urte amaiera baino lehen eratuko da eta hortik aurrera abiaraziko ditu bere ikerketa jarduerak, progresiboki bere errendimendu osora iritsi arte. Gutxi gora behera 45 ikerlarik osatutako lantalde iraunkorra izango du eta bere jarduera ildoak honako hauek izango dira:
- Euskadiko, estatuko eta nazioarteko ikerketa programetan parte hartzea.
- Erakunde ezberdinekin lankidetza: altzairuaren I+G zentruak, ArcelorMittalen ekoizpen lantegi eta I+G zentruak, partner industrialak eta laguntzaile zientifiko, teknologiko eta akademikoak.
- Bertoko fabrikei I+G+b esparruko babesa eta babes teknikoa ematea.
- Talentuak erakartzea: unibertsitateko graduatuak I+G+B jardueretara sartzea sustatzea eta doktoratuen garapena sustatzea unibertsitate erakundeekin elkarlanean.
ArcelorMittal
ArcelorMittal munduko lehena da altzairuaren industrian, 320.000 langile ditu 60 herrialdetan baino gehiagotan. Euskal Autonomia Erkidegoan sei produkzio-fabrika ditu (Sestaon, Etxebarrin, Galdakaon, Olaberrin, Bergaran eta Zumarragan), altzairuaren zerbitzurako bi zentru (Basaurin eta Agurainen) eta lau banaketa zentru (Billabonan, Hernanin, Gasteizen eta Sestaon). Euskadiko industria talde garrantzitsuenetako bat da eta Euskadiko BPGaren % 5,5a dauka.
|