Azken eguneratzea: 2007/12/05
Lehendakariak eta Filipinetako Presidenteak Urdaneta urteari hasiera eman diote Ordizian
Urdaneta globalizazioaren aitzindari izan zela uste dute biek
Lehendakariak eta Filipinetako Presidentea Ordizian (J.B.)
Lehendakariak eta Filipinetako Presidentea Ordizian (J.B.)

Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria eta Filipinetako Presidentea, Gloria Macapagal, Urdaneta Urtearen inaugurazio ofizialaren buru izan dira Ordizian. Urte horrek Ordiziako Andres de Urdaneta nabigatzailearen jaiotzaren V. mendeurrena ospatzen du.

Lehendakariak ekitaldian nabarmendu duenez, Urdanetaren kasuak argi adierazten du euskaldunek XV. eta XVI. mendeetan eman zen lehen globalizazio mugimenduan parte hartu zutela. Bere ustez, orduan eta orain helburua berbera da: Euskadi, bere kultura eta bere hizkuntza mundura agertzea, kultura unibertsala eta berezko kultura bere gain hartuz eta aberastuz baina berezkoari uko egin gabe. "Herri txiki batek globalizazioaren lehen mugimenduari egindako ekarpen apala izan zen", azpimarratu du.

Filipinetako Presidenteak, bere aldetik, antzinatik bi herriak lotzen dituzten harremanak nabarmendu ditu eta bi herrialdeek izaera ausarta eta ekintzailea dutela, bertako hizkuntzari eta ohiturei mirespena diotela eta duintasuna eta oinarrizko eskubideak defendatzen dituztela nabarmendu du.

Filipinetan lotura horiek agerikoak direla adierazi du Macapagalek, izan ere, euskal abizen ugari eta hainbat euskal enpresari daude bertan. Lotura horiek -esan du- herrialdea sendotzen dute.

Presidenteak Urdaneta goraipatu du eta "globalizazioaren aitzindari horrek" Asia, Amerika eta Europa lotzea, baita merkataritzaren atea zabaltzea eta kulturen arteko elkartrukea ere lortu zituela baieztatu du.

Andres de Urdaneta

Andres de Urdaneta marinela, astronomoa eta humanista izateaz gain, aurkikuntza zientifiko-tekniko baten protagonista ere izan zen:  "Itzul bidaia" ("Tornaviaje") deitu izan dutena, hau da, Filipinetatik Ameriketara, Ozeano Barean barrena, itzultzeko ibilbide konplexua.

Urdanetak 1565ean hasi zuen zedarri horrek munduko merkataritza-ibilbide garrantzitsuenetakoa zabaldu zuen, Ozeano Bareko mendebaldea eta Asia Amerikarekin lotu zituena, hain zuzen ere. Ibilbide hori 250 urtez erabili zuten eta motor bidezko itsasketa ezarri zutenean desagertu zen.

Filipinak, Amerika eta Europa lotzen zituen ibilbideak, Manilako Galeoian barrena doanak, lortutako garrantzia ekonomikoa dela eta, bere garaian Marco Polok eta Colonek zabaldu zituzten ibilbideekin alderatu daiteke Urdanetaren aurkikuntza.

(Iturria: Lehendakaritza - Komunikaziorako Idazkaritza Nagusia )

Zerikusia duten estekak