|
| Lehendakaria biktimen aldeko omenaldian. J.M. |
Lehendakariak barkamena eskatu die terrorismoaren biktimei. Manuela Orantes ETAk hildako guardia zibil baten alargunak biktimak ez erabiltzeko eskatu du
Euskal erakundeek omenaldia egin diete gaur ETAren biktimei Bilbon, euskal gizarteak zuen "zorra" kitatzeko xedez, Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak adierazi duenez. 1.500 lagun inguru bildu dira Euskalduna Jauregian izandako ekitaldian.
Hirukoak eta PSE-EEk adostutako adierazpena irakurri du Ibarretxek. Horretan, barkamena eskatu die biktimei: "Ez ginen egon zegokigun mailan", "baina uste dugu oraindik ere garaiz gabiltzala denok batera barka eske etor gaitezen, eta 'sentitzen dut' esan dezagun".
Ekitaldian EAJko, EAko, PSE-EEko, Ezker Batuko eta Aralarreko ordezkariak izan dira.
Bendarik gabeko Oroimena Manuel Palaciosen dokumentala eskaini dute, eta ondoren Anjel Lertxundi idazleak, Ibarretxe Lehendakariak eta Manuela Orantesek hitz egin dute, gizartearen, erakundeen eta biktimen izenean, hurrenez hurren.
Ibarretxe
Ibarretxek aitortu du gaurko omenaldia "berandu" datorrela eta, hortaz, ekitaldiak ETAren biktimekin euskal gizarteak zuen "zorra" arintzea helburu izan duela.
"Elkartasun- eta hurbiltasun-adierazpen asko izan dira, bakoitza bere aldetik, elkarren berri izan gabe; baina ez dugu jakin izan gure elkartasun hori denok batera transmititzen; indarkeriaren erasoa sufritu behar izan duten milaka pertsona horiei elkartasuna helarazten", adierazi du. Gasteizko Gobernuko buruak terrorismoa xede politikorako ez erabiltzeko eskatu du.
Manuela Orantos
Ekitaldian Manuela Orantosen hitzak eta Leioako Kantika abesbatzaren eta Daniel Oyarzabal organo-jolearen emanaldia entzun ahal izan dira ere. Avelino Palma Brioa ETAk 1980an hildako guardia zibilaren alarguna da Orantos.
Halaber, edozein indar politikok "terrorismoaren biktimak txotxongilo gisa erabiltzea" gaitzetsi du. "Gure komunitatearen zutabeei eraso egiten dien indarkeriaren desagertzea da Espainiar guztion kezka nagusia eta ezin da jaurtitzeko armatzat erabili, ez eta hauteskundeetan etekinak ateratzeko ere", azpimarratu du Orantosek.
ETArekin negoziatzearen aurka agertu da, "indarkeriari uko egiten ez dioten eta armak uzten ez dituzten bitartean". "Hiltzaileek beren zigorrak bete ditzatela nahiko nuke eta sententzia beteta kartzelatik irtetean, "eragin diguten gaitza barkatu ahal izango dugu, agian", gaineratu du.
Anjel Lertxundi
Anjel Lertxundik irakurri du lehen adierazpena. "Hainbestetan ulertua izan ez den sufrimendua aitortu nahi dugu", esan du idazleak biktimei zuzenduta, "eta laburra bezain sendoa den ideia adierazi nahi dugu: indarkeria politikoak ez du inolako justifikaziorik". "Ez dugu etorkizuna eraiki nahi, ez dugu etorkizuna baldintzatu nahi iraganeko akatsetan oinarrituta", azaldu du.
Lehendakariaren bideoa
Manuelaren bideoa
Andu Lertxundiren bideoa
|