|
| Lehendakaria Azkarraga eta Madrazo Sailburuekin, webgunearen aurkezpenaren une batean |
Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak Hiritarren Parte Hartzea Bultzatzeko Planaren bigarren ekimena aurkeztu du gaur, "egun inoiz baino gehiago" Gobernuak "agente aktiboa" izan behar duela uste baitu. Hainbat Udaletan eztabaidaguneak sortuta abiatu zen Plan hau.
Konpondu.net webgunea aurkeztu du gaur Ibarretxe Lehendakariak eta aurkezpenean Kontseilu Politikoko Joseba Azkarraga eta Javier Madrazo Sailburuak izan ditu lagun. Webgune horren bidez, internetera sarbidea duen edozein hiritarrek "bere zalantzak, ilusioak eta ametsak" jakitera emateko aukera izango du. Era berean, "bakearen eta normalizazio politikoaren eraikuntzarako" iritziak emateko aukera izango du.
Herritarren parte hartzea izango duen proiektu "indartsu eta osoa" sortzearen beharra agertu du Ibarretxek. Horrela, "une zail hauetan itxaropena mantendu ahal izango dugu", esan du. "Ezin dugu etsipenean erori, amildegian erortzea izango bailitzateke hori", azpimarratu du.
Ekimen aitzindaria
Webgunearen aurkezpenean Ibarretxek esan du ekimen hau aitzindaria dela mundu mailan eta "Euskadin eta munduan banatuta dauden" euskaldun guztiak bertan aktiboki parte hartzera bultzatu ditu.
Euskadiko zein Euskadi kanpoko edonor sar daiteke konpondu.net webgunean, eta bere iritziak, iruzkinak eta proposamenak eman ditzake. Inkesta erraz batek unean uneko gai garrantzitsuenen inguruko galderak azalduko ditu eta horien emaitzak indar politikoei emango zaizkie zuzenean jakitera.
Bestalde, webgunean sartzen diren pertsonek elkarrizketa birtual batean parte hartzeko aukera izango dute, inolako trabarik gabe, ez fisikorik ez lurralde mailakorik. Gune honetan, gainera, inkestez eta eztabaidez gain, normalizazio politikoarekin lotutako albiste garrantzitsuenak, agente politikoek esku artean dituzten lanerako dokumentuak eta diasporarentzako eta euskal gazteriarentzako prestaturiko gune zehatzak ere ikusi ahal izango dira.
Interneterako sarbidea ez duten pertsonek 902540499 telefonoaren bidez parte hartu ahal izango dute ekimen honetan.
Konpondu.net webgunearen aurkezpenean (Real Player 95 Mb)
|