Azken eguneratzea: 2001/10/25
Autogobernuari buruzko osoko bilkura (2001eko urriaren 25a)

Konpromiso sozial bat: Estatutua berehala betetzea eta Estatutuaren gaitasunak garatzea,itun berri bat lortzeko, elkarbizitzarako itun berri bat lortzeko
1.- Gernikako Estatutua

a) Itun politiko eta sozial baten emaitza

1. artikulua - "Euskal Herria, bere naziotasunaren adierazgarri, eta bere burujabetasuna iristeko, espainol Estatuaren, barruan Komunitate Autonomo gisa erazten da. Beronen izena Euskadi zein Euskal Herria izango da; eta konstituzio eta Estatutu honetan adierazten direnak izango ditu oinarrizko instituzio arautzat.

2.1. artikulua.- "Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak, eta era berean Nafarroak ere, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren partaide izateko eskubidea dute.



 

Horrela hasten da Gernikako Estatutua. Estatu hori 1979ko urriaren 25ean erreferendum bidez onartu zen, 1839ko urriaren 25eko Legearen 140. urtemugaren egun berean, euskal foruak abolitu zituen lehenengo legearen 140. urtemugaren egun berean, hain zuzen ere.

Lehenengo bi artikulu horiek oso ondo biltzen dituzte funtsezko baliabideak; baliabide horien bitartez euskal biztanleok aukera izan genuen bere garaian Gernikako Estatutua gure gizarteko sentsibilitate politiko eta sozial desberdinen bilgunetzat hartzeko. Artikulu horietan honako printzipioak biltzen dira:

- Euskal Herria identitate propioa duen egoera sozio-kulturala da, eta eskubide politikoak dituen subjektua.

- Estatu plurinazional batean, diferentziatutako nazionalitatetzat hartzen da.

- Euskal Herriak bere burujabetasuna iristeko oinarrizko instituzio arautzat jotzen da Gernikako Estatutua.

- Euskal Herriaren lurraldetasuna onartzen da. Honako lurralde penintsular hauek dute Euskal Herria osatzeko eskubidea: Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak.

- Lau Lurraldeetako bakoitzak -bertako biztanleek hori nahi badute- osotasun bat osatzeko duen borondatea onartu eta errespetatzen da.

Gernikako Estatutuaren xedapen gehigarrian berariaz gordetzen dira Euskal Herriaren jatorrizko eskubideak honako hitzen bitartez: "erregimen autonomikoaren onarpenak ez du esan nahi Euskal Herriari historian barrena dagozkiokeen eskubideei uko egiten zaienik". Gorago aipatutako printzipio horiek, Gernikako Estatutuan onartutako eskumenak eta berariazko erreserba hori Estatutuaren ardatzak dira; eta ardatz horien gainean eratu zen benetako itun politiko eta soziala Euskal gizartean bertan eta Euskadiren eta Espainiako Estatuaren artean.

Gernikako Estatutua, Euskal Herriko gehienen borondatearen adierazgarri modura, euskal gizarteak bere burujabetasuna iristeko zuen premia handiari erantzuteko aukera izan zen, gure Herriaren identitate berezia eta bereiztua onartzen baitu Estatutuaren lehenengo artikuluan fidelki.

Esparru instituzional baten bitartez bilgune bat adostu zen. Esparru horretan zenbait eskumen bildu ziren eta aukera eman zen proiektu politiko desberdinak burutzeko, Estatutu Ituna eguneratzeko edota aldatzeko aukera eskaintzen baitu xedapen gehigarriak horretarako behar diren gehiengoak lortuz gero.

Aitortu behar dugu bilgune horretan ez zirela denak izan. Kanpoan geratu ziren Gernikako Estatutuak euskal identitate nazionalaren helburuak betetzen ez zituelako onartu ez zutenak, eta baita ere, Gernikako Estatutua Espainiaren batasunerako arriskua eta Estatuaren uniformetasunaren hauskarria zelako ustetan onartu ez zutenak.

Adostasunaren eta elkarbizitzaren mesedetan, euskal gizartearen gehiengoak oreka puntu bat erdiestea erabaki zuen eta bertan bildu zituen Gernikako Estatutua Euskal Herriaren identitatea aitortzeko eta eraikitzeko abiapuntutzat jo zutenak eta Gernikako Estatutua Estatua arrazionaltasunez aldatzeko eta deszentralizatzeko tresna politiko eta administratibotzat jo zutenak.

b) Itxuragabetutako bilgune bat

Horixe izan zen guztiok bete behar dugun Lege Organiko baten abiapuntua duela hogeitabi urte. Herri honen berezitasun historiko, kultural eta sozialak onartzen zituen itun bat. Autogobernurako esparru bat, Herri honi jokabiderako ahalmen handiak eman zizkiona eta, horretaz gain, eskubide historikoak berariaz gordeta, horiek etorkizunean aldatzeko aukera ere eman ziona xedapen gehigarriaren bitartez.

Printzipio horiek gogoratu behar ditugu Gernikako Estatutuaren 22. urtemuga betetzen den honetan, guztiok gogoan har dezagun zer adierazten dugun garrasika esaten dugunean -batzuk konbertituen sinesbidea erabiliz- Estatutua zinez errespetatzen eta gogor defendatzen dugula.

Zoritxarrez, orduan bilgunea izan zena itxura galtzen joan da hogeitabi urte hauetan, eta adostasuna eza bilakatu da Estatutua betetzea eta garatzea aipatzen denean.

Balantzea egiteko unea eta aukera iritsi zaigu. Estatutuak euskal gizartearen hazkunde ekonomikorako, ongizaterako eta elkarbizitzarako izan duen eragin onuragarria ontzat hartzeko. Baina, baita ere, hazkunderako zailtasunak eta saihestu behar izan dituen oztopoak mahai gainean jartzeko; eta Estatutua ez betetzeak ekarri dituen ondorio txarrak azaltzeko.

Gure erantzukizuna iraganeko hutsak zuzentzen ahalegintzea da; baita elkarrizketa eta elkarrekiko errespetuaren bitartez ekintza eratzaile haren espiritua berreskuratzea ere. Helburua ez da errudunak bilatzea; baizik eta Gernikako Estatutua osorik betetzeko behin betiko bidea ezartzea eta Estatutuak gure Herriaren behin betiko normalizazio politikorako gordetzen dituen aukerak aztertzea

Batasunak ez beste alderdi politiko guztiok behin eta berriro azaldu dugu Estatutua onartzen dugula, Estatutua euskal gizartearen gehiengoaren borondatearen emaitza baita. Baina litekeena da, eta huts egitea nahiago nuke, Estatutua defendatzen dutela dioten zenbait alderdi politikok orain zailtasun asko izatea Estatutuaren printzipioak eta bertan jasotako autogobernua berresteko.

Gernikako Estatutuaz, bere esanahiaz, bere eskumenez, eta elkarbizitzarako dituen baliabideez jarrera komun bat dugula egia balitz, zergatik sortu dira hainbeste eztabaida Estatutua interpretatzeaz azkeneko 22 urte hauetan?

Zergatik eskatu behar izan du Legebiltzar honek behin baino gehiagotan Estatutua betetzeko?

Zergatik ez du balio izan 1979. urtean genituen oinarrizko adostasunak zabaltzeko?

Zergatik ez gara gauza izan normalizazio politikoan aurrera egiteko?

Zergatik dago bete gabe oraindik Lege Organiko bat 22 urte igaro ondoren?

Horiek guztiak eta beste asko dira euskal biztanleei sortu ahal zaizkien galderak Gernikako Estatutuaren hogeita bigarren urtemuga betetzen den honetan.
Agian, alderdi politiko guztiok izango dugu, egin duguna edo egin ez duguna kontuan hartuta, gure iritzia Estatutu Ituna oso osorik ez betetzearen erantzukizunaz.

Benetan, oso zaila da itsukeriarik gabe azaltzea zergatik desitxuratu eta lausotu den hasierako bilgune hura euskal gizartearen zati esanguratsu batek bilgune horretan ezarritako itxaropenak ia ezezagunak bihurtzeraino.

Oso erraza izan daiteke errua besteei leporatzea euskaldunen bilgune modura Estatutuan sakontzeko ezintasuna justifikatzeko, baina bai batzuk bai besteok ados egon gaitezke oinarrizko hiru adostasun apurtuta daudela esaterakoan; hain zuzen ere, oinarrizko hiru adostasun horiek bere momentuan Gernikako Estatutua gure gutxieneko izendatzaile komuna eta baita gure bilgune posible bakarra bihurtu baitzuten.

Lehenengo adostasuna apurtzea: Onartzea Euskal Herria identitate eta nazionalitate propioa duen subjektu politikoa dela.
Hemerotekek eta Legebiltzar honetan egindako adierazpenek zehatz mehatz islatzen dute zenbait alderdi politikok Euskal Herria badela eta identitate propioa duela ere zalantzan jarri dutela.

Bigarren adostasuna apurtzea: onartzea eskumenak izatea ez dela inongo pribilegioa ezta ere Estatuaren kontsezio unilateral eta graziosoaren ondorioa.
22 urte igaro ondoren Estatutuaren eskumenak ez dira osorik garatu; eta horren adierazgarri, alde batetik, osoko bilkura monografiko hau, eta beste aldetik, Legebiltzar honek eskumen horiek garatzeko behin eta berriro egin dituen eskariak.

Hirugarren adostasuna apurtzea: Estatuaren xedapen gehigarriak jasotzen duen bezala, Estatutua ez da euskal gizarteak autogobernuan aurrera egiteko eta sakontzeko duen borondatearen azkeneko muga.
Zenbait alderdi politikok ez dute ezertxo ere entzun nahi xedapen gehigarri horretaz nahiz Estatutuan jasotako eguneratze jardunbideez. Xedapen gehigarri horrek eta eguneratze jardunbide horiek Estatutua testu irekia bihurtzen baitute; bide bihurtzen baitute; eta ez, helmuga.
Horiek horrela, Estatuko alderdi politikoen iritziz, Estatutua ezin da inola gainditu eta Estatutua bere osotasunean garatzea mehatxua ere izango litzateke planteatzen duten bateratasun autonomikoaren prozesurako eta, horren ondorioz, baita Estatuaren identitate propiorako ere.

Hiru errealitate horietaz hitz egin behar dugu gaur hemen

Ez dut nahi hasierako gogoeta hauek egungo egoeraren deskripzio gordina izatea. Eta ez dago ezer pozgarriagorik niretzat osoko bilkura honetan adostasun horiek berreskuratzeko moduan gaudela egiaztatzea baino, baina zoritxarrez uste dut alderdi politikook jarrera gero eta urrunagoa adierazi dugula Estatutuaren interpretazioaz eta Estatutua osorik betetzeaz.

Lehendakari gisa, ez dut uste egokia denik ordezkari politikook Gernikako Estatutua oraingo desadostasuna sakontzeko armatzat erabiltzea. Alderantziz, apurtu ditugun oinarrizko adostasunak berreskuratu behar ditugula uste dut.

Behar bada demagogia gehiegi erabili da alderdi politikoek Gernikako Estatutua defendatzeaz eta errespetatzeaz duten jarrera azaltzeko.
Guztiok izango dugu iritzia Estatutuak berak nahiz Estatutuaren oraingo garapen mailak hasieran ezarritako itxaropenei erantzuten dieten edo ez.
Guztiok izango dugu balorazioa Estatutuan aurrikusitako eskumenak eskualdatzeko leialtasun ezaz.
Guztiok izango dugu iritzia, oraingoan ere legitimotasun osoz, egokia den edo ez xedapen gehigarriak gure autogobernuan sakontzeko dituen aukerak aztertzea; eta baita ere, egokia den edo ez, hala badagokio, euskal lurraldeen arteko barneko harreman esparrua nahiz Estatuarekiko eta Europarekiko kanpo harremanen esparrua aldatzea.

Baina, gure jarrera politikoak alde batera utzita, pozez adierazi nahi dut Eusko Jaurlaritza osatzen dugun hiru alderdi politikook -nazionalistek, EAJk eta EAk, alde batetik; eta alderdi federalista batek, EB-k, bestetik- zenbait printzipio konpartitzen ditugula autogobernuaz eta Gernikako Estatutuaz.

Lehenengoa: Euskal biztanleen borondateak sortu dituen erabakiak, erakundeak eta esparru juridikoak errespetatzea eta, ondorioz, Gernikako Estatutua lehenbailehen osorik betetzeko eskatzea

Bigarrena: Esparru juridiko horiek aldatzeko eta eguneratzeko aukeren legitimotasun demokratikoa errespetatzea; beti ere, horretarako behar diren gehiengoak lortuz gero.

Hirugarrena: Beraz, euskal gizarteak iraganean, orain eta etorkizunean askatasuna eta demokrazia erabiliz adierazitako borondatea errespetatzea.

Hiru printzipio horiek ez dira Eusko Alderdi Jeltzalearen, Eusko Alkartasunaren eta Ezker Batuaren ondarea. Gutxieneko oinarri demokratikoak dira gure autogobernuaren baliabideei buruzko adostasun semantikoak berreskura ditzagun.

Norbaitek gure autogobernu maila sakontzeko eta Gernikako Estatutua eguneratzeko eskatzea ez da orain arte egindakoari uko egitea; eta hori eskatzen duenari ezin zaio esan legitimotasun demokratikorik ez duela.
Era berean, Lege Organiko bat osorik betetzeko inork ezin du aurretik eskatu ETAren indarkeria desagertzea edota zenbait alderdi politikok uko egitea bere helburu legitimoak eta proiektu politikoak gizartearen aurrean azaltzeari.
Ez da inongo planteamendurik kanpoan utzi behar; ezta daukagun autogobernu mailari gehiegizkoa iritzita autogobernu maila hori murriztu nahi dutenak ere.
Utz diezaiogun euskal gizarteari erabakia hartzen. Mehatxurik eta txantajerik erabili gabe. Horrexetarako gaude gaur hemen. Bidean utzitako larru azalak bezala galdu ditugun oinarrizko adostasunak berreskuratzeko. Estatutua osorik betetzeko baliabideak alderatzeko eta Estatutua horrek bere baitan gordetzen dituen aukerak ebaluatu eta aztertzeko; beti ere, euskal gizartearen normalizazio prozesua bideratzeko bilgune berriak bilatu nahian.

Egin dezagun, beraz, ahalegina eta ikas dezagun iraganeko hutsetatik. Onar dezagun, behar bezala, Gernikako Estatutuaren gaur egungo garapenak euskal gizartearen ongizateari ekarri dion onura. Azter dezagun oraindik egin behar dugun bidea. Jar ditzagun Estatutua osorik betearazteko behar diren baliabide eta ahalegin politikoak eta, azkenik, azter ditzagun Estatutua aldatzeko eta eguneratzeko aukerak, aukera horiek aztertzea demokrazian aritzea eta euskal gizartearen borondatea errespetatzea baino ez baita.

Azken finean, bi zutabe hauen gainean adostasun politikoa eta soziala berreskuratzeko gaude hemen:

- Gernikako Estatutua oso osorik betetzea
- Euskal gizartearen borondatearen arabera Estatutu hori aldatzeko eta eguneratzeko aukera errespetatzea

Adostasunak berritu egin behar ditugu eta Itun berri bati ekin. Gernikako Estatutuak dituen ahalmenak aztertu behar ditugu, Gernikako Estatutua, abiapuntua ezezik, XXI. menderako bilgune berri bat eratzeko tresna juridiko, ireki, malgu eta dinamikoa ere badelako.

2.- Bete ez den itun baten historia

Gernikako Estatutuaren bizitzak eta garapenak eta Estatuaren garapen autonomikoak antzeko aldiak izan dituzte. Lege Organiko bat betetzean eragina izan dute inolako justifikaziorik gabe interes alderdikoiek eta Estatuan une bakoitzean izan den indarren korrelazioak eragindako trukeek. Horrela bada, hasiera batean itun politikotzat hartu zena eskumenak alde batek nahi duenean transferitzea bihurtu da, beti ere, alde horren interesak, aukerak edo egoerak eraginda.

1979ko urriaren 25ean Gernikako Estatutua erreferendum bidez onartu zenean Euskal Autonomia Erkidegoak Estatutuan aitortutako eskumenen erantzukizuna onartu zuen formalki.

Ekintza eratzaile horretatik aurrera, eta batez ere, laurogeigarren hamarkadaren hasieran, erakundeak aldatuz eta eskumenak transferituz joan dira, eta horri esker, gure Herriaren ekonomia, azpiegiturak, gizartea eta kultura suspertzen hasteko ekintza multzo bat izan dugu eskura.
Onartu behar dugu urte haietan izandako borondate politikoak emaitza nahiko handia izan duela gure autogobernua suspertzen, autogobernu hori diktadura frankistaren garai luzean indarrez kendu baitziguten.

Hala ere, hasierako urte haietako erakundeen garapen dinamiko hura eten egin zen, testuingurua bera eta Estatuko alderdiek prozesu autonomikoaz ordura arte izan zuten ikusmoldea aldatu egin baitziren erabat.

1981ko otsailaren 23an militarrek estatu kolpea ematen saiatu zirenean estamentu militarrak oharra bidali nahi izan zion zalantzan zegoen demokrazia hasi berriari, demokrazia berriak ez baitzuen behar besteko sendotasunik tutoretzarik gabe eta erabakitasunez estatu bateratu eta zentralista estatu plurinazionala bihurtzeko eta, horrela, nazionalitate historikoen berezitasuna eta nortasun bereiztua onartzeko.

Gertaera tamalgarri horrekin batera, hautsi egin zen Konstituzioan marraztutako hasierako eredu autonomikoa -bereizgarriek eta berezitasunek berariazko tratamendua behar dutela onartzean oinarritutakoa, hain zuzen-, Estatuko bi alderdi nagusiek, UCD-k eta PSOE-k, izenpetutako itun autonomikoen eta Prozesu Autonomikoa Armonizatzeko Legearen (LOAPAren) eragin maltzurren ondorioz. Lege horren zenbait aspektu Konstituzioaren aurkakotzat jo bazituzten ere, 1983an onartua izan zen eta horren eragin praktikoak gaur egun ere nabariak dira.

Bereizgarriei toki eman ordez, aukera homogeneizatzaile baten alde egin zen apustu, nortasun historikoek 17 autonomia erkidegorentzako erregimen orokor batean urtuko zirelakoan, eskumenen deszentralizazio administratibo huts-hutsean oinarritutako erregionalismo osasuntsu batean urtuko zirelakoan.

Aukera berdintzaile bat garatzea erabaki zen, kafea denontzako eskainiz; horren espirituak oraindik ere bizirik dirau, eta esango nuke azken urteetan areagotu ere egin dela garapen autonomikoaz orokorrean eta gure Gernikako Estatutuaz bereziki.

Prozesu Autonomikoa Armonizatzeko Legea onartu zenetik aurrera, eskumenen eskualdatzeak bertan behera geratu ziren urte askotan. Oinarrizko legeak onartuz eman zitzaion hasiera prozesu berdintzaile horri, geure gain hartutako eskumenez baliatzea eragotziz unilateralki. Judizializatu egin da, muga susmagaitzetaraino, gure autogobernuaz baliatzea Auzitegi Konstituzionalaren laguntza ordinezinaren bitartez, Auzitegi horrek aukera murriztaileena aukeratu baitu beti.

Azken finean, autonomia erkidegoen eskumenak eta konpetentziak homogeneizatu egin dira, nazionalitate historikoentzat aurrikusitako mugak eta aukerak izatezko bidetik jaitsaraziz, gure autogobernuaz baliatzeari kortse berriak jarriz, dudazko baliagarritasuna eta erabilgarritasuna duten sektore konferentzien bitartez.

Gertaera horiek guztiek gure autogobernua eta gure erakundeak mugikor bihurtu dituzte Espainiako Gobernuak hartzen dituen erabaki unilateralen menpe.

Jarrera horrekin, inori ez zaio ezkutatzen Gernikako Estatutua oso-osorik betetzea arazo estrukturala eta erakundeen eta euskal alderdien etengabeko eskaera bihurtu dela, Estatutua ez betetzeak ondorio larriak eta kezkagarriak ekarri baitizkio politikan, gizartean, ekonomian eta zuzenbidean euskal gizarteari.

Kezka hori agerian geratu zen 1988an, orain dela 13 urte, Ajuria-Eneako Hitzarmenean, hitzarmen hori sinatu genuen alderdi politiko guztiok hitz eman baikenuen Estatutua bere osotasunean garatzeko, inspiratu zuten printzipioekin bat etorriz eta bere berezitasuna errespetatuz.

Aipatutako Hitzarmenak, bigarren atalean, onartzen zuen Estatutuaren edukia osorik eta zintzotasunez betetzeak eraginkor laguntzen duela konfidantza demokratikoa eta elkarbizitza baketsua sendotzen. Edo bestela esanda, Estatutua ez betetzeak arrisku larria dela elkarbizitzarako.
Geroago -1992ko urtarrilean, hain zuzen ere-, Gobernuak lehenengo Transferentzi-Txostena egin zuen; txosten horretan estatutu garapena aztertu zuen, ordura arte transferitutako zerbitzuak ikertu zituen eta transferitzeko zeuden zerbitzuak zehaztu zituen.

Azterlan horretan oinarrituta, Legebiltzarrak Estatutu garapenaren txostena onartu zuen uztailaren 13an; txosten horretan garatu gabe dagoen autonomia "quantum"a zehaztu zen eta Batzorde Mistoen lanerako irizpide politiko eta juridikoak ezarri ziren transferentzia bakoitzean adostasuna lortzeko.

Ildo berean, 1994ko apirilaren 20an Diputatuen Kongresuak honako hau eskatu zion Espainiako Gobernuari: "autonomia erkidegoei transferitu gabeko transferentziak transferi zitzala, beti ere autonomia estatutuetan aitortutako eta bermatutako esparruaren arabera"..
Senatuak berak ere, 1994ko irailaren 28an Autonomien Egoera aztertzeko egin zuen osoko bilkuran, honako mozio hau onartu zuen: "Gobernuari eskatzen diogu Garapen Autonomikoaz Gernikako Estatutuan jasotako aurrikuspenak bete ditzala, Eusko Legebiltzarrak 1993ko uztailaren 1ean hartutako erabakian oinarrituta, erabaki horrek adierazten baitu euskal indar politikoen borondatea".

Jarrera alderdikoiak alde batera utzita, eta transferitu gabeko eskumenak zehaztu eta negoziatzeko jarrera komun bat eratzearren, Eusko Legebiltzarrak Transferentzien Lehentasunei buruzko Txostena onartu zuen 1995eko urriaren 20an, Eusko Alderdi Jeltzalearen, Alderdi Sozialistaren, Alderdi Popularraren, Eusko Alkartasunaren, Unidad Alavesaren eta Ezker Batuaren aldeko botoekin . Txosten horretan


- transferitu gabeko eskumen bakoitzeko fitxa bat zehaztu zen;
- eskumen horien lehentasunak ezarri ziren, ekonomian eta gizartean zuten eraginaren arabera;
- eskumen horiek eskualdatzeko erabili behar den balorazio irizpideak eta metodologia jaso ziren;
- Estatutua euskal biztanle gehienen borondatearen adierazgarri denez, Estatutua oso-osorik eta zintzo betetzeko eskatu zitzaion Gobernuari.
Lortutako adostasunen laburpen horrek erakusten digu politikan gehienok bat gatozela Gernikako Estatutua oso-osorik eta lehenbailehen bete dadila eskatzerakoan. Harrigarria bazaigu ere, eskari hori egiteko bat etortzeak ez du inongo baliorik izan egoera aldatzeko.

Gernikako Estatutua oso-osorik betetzea konpondu gabeko arazoa dugu oraindik, Estatutua onartu zenetik 22 urte igaro badira ere.

Legeak inolako zigorrik jaso gabe hausten direla ikusteak sortzen du etsipen eta deslegitimazio gehien; batez ere, lege horiek -Gernikako Estatutua, adibidez-, euskal gizartearen gehiengoak onartutakoak badira eta esparru politiko berriarekin bat etortzeko itxaropena esnarazi badute.
Horrela, sinesgaiztasuna eta mesfidantza sortzen dute euskal gizartean zenbait adierazpenek; adierazpenok lortutako autonomiarekiko beldurra eta aurrikusitako eskumenak eskualdatzen bukatzeko zenbait arduradun politikoren izua islatzen dute, zeren arduradun politiko horiek argudiatzen duten legez, hori bukatutakoan euskal gizarteak lortutako autogobernua sakontzea eskatu ahal izango bailuke. Horrela, badirudi transferentziak eskualdatzeko jarioa beste hogei urtetan mantentzearen alde daudela, historia bukaezina izango balitz bezala, euskal gizarteak askatasun gogoari eta autogobernu kuota gehiago izateko gogoari uko egiten ez badio, bederen.

Hona ekarri nahi ditut duela gutxi egindako bi adierazpen:

"Gernikako Estatutua onartu zenetik 22 urte bete direnean zenbait konpetentzia eskualdatu gabe izatea zenbait gaitako adostasun ezari zor zaio, gai horiek Espainiako biztanle guztien berdintasun printzipioari eragiten baitiote. Eskualdatu gabeko eskumen gehienak ezin dira eskualdatu".
Administrazio Publikoaren Ministroak uztailaren bukaeran egindako adierazpenak dira horiek, Lurralde Antolamendurako Estatu Idazkaritzaren txosten baten berri eman zuenean. Adierazpen horiek, gainera, aste honetan bertan berretsi zituen Espainiako Gobernuak xumetasun osoz jakitera eman zuenean ez dagoela prest Estatutua betetzeko. Ez dituztela errespetatzen eskubide historikoetan oinarrituz Estatutuan jasotako eskumenak ezta eskumen horiek garatzea. Alegia, "Estatutua Konstituzioaren aurkakoa" dela Espainiako Gobernuarentzat.
Azken finean, Espainiako Gobernuak ez duela onartzen Herri honen borondatea, ez duela entzun nahi eta ez duela onartzen euskal gizartearen borondatea.

Eta irailean Espainiako Gobernuaren Presidenteak berak ere "onetsi" egin zituen adierazpen horiek "ez duela pribilegio autonomiko gehiago onartuko" eta "bukatu direla besteen baliabideak eskatuta finantzatzeko garaiak" esan zuenean.

Aznar jaunak pribilegioak aipatzen ditu. Hitz horrek egonezin ikaragarria sortzen die euskal biztanle askori, eta niri ere bai. Pribilegio hitzak "nagusi batek emandako hobaria" adierazi nahi du esanahi arruntenean. Euskal biztanleentzat ikusmolde hori onartezina da, hitz gogorrago bat ez erabiltzearren.
Hemen ez dago ez hobaririk, ez nagusirik.
Euskaldunoi inork ez digu ezer eman behar, berezko eskubidea ez bada eta bere garaian indarrez kendutakoa ez bada; eta horrela onartzen du Espainiako Konstituzioak berak bigarren xedapen indargabetzailean.

Besteren baliabideak eskatzea dela eta, ulertzen dut Estatuak Kontzertu Ekonomikoa dela-eta Euskadiko eta Nafarroako dirukutxetatik datozen diru baliabideez finantzatutako gaiez ari dela. Euskaldunok ez dugu ezer finantzatzen besteren diru baliabideekin, Estatua da gure baliabideekin bere gastu arrunten zati bat finantzatzen duena.

Horrelako adierazpenek erakusten duten jarrerak, gutxienez, kezka eta gogoeta eragiten du eskualdatu gabeko transferentzia prozesua bukatu behar duenaren gogoaz; baita mende honetan Espainiako Estaturako elkarbizitzaren oinarriak ezartzeko erantzukizuna duenaren gogoaz ere.

Benetan, onartezina iruditzen zait euskal gizarteak bere autogobernua eguneratzeko edota aldatzeko duen eskubideari uko egin behar izatea Lege Organiko bat betetzeko.
Horrela balitz, atzerakada autonomikoa ez ezik, inboluzio demokratikoa ere izango genuke aurrean.
Beraz, adierazi behar dugu batzuk ez dutela aurrera egin, atzera baizik. Gogora ekarri nahi dut 1988an alderdi politiko guztiok zer onartu genuen: Euskal Herriko gehienen borondateak, bere ordezkari legitimoen bidez, erabaki behar du Estatutuak autogobernurako tresna gisa balio duen edo ez, eta Herriak berak legitimotasuna du legokiokeen edozein eskubide eskatzeko, Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriaren eta Estatutuaren xedapen bakarraren arabera.

Azken finean, onartu genuen baliabide juridikoak ez direla adostasunak galarazteko; aitzitik, itunak egiteko tresna malguak izan behar dutela. Horregatik, eta legaltasun osoz, gauza izan behar dugu gure arauak berraztertzeko eta borondate politikoa erabiliz adostasunak erdiesteko, euskal gizarteak erabaki dezan zer izan nahi duen.

Ikuspuntu horretatik, indarrean dagoen lege esparruak zenbait baliabide jaso behar ditu, lehenengo, Estatutua oso-osorik betetzea bermatuko digutenak; eta gero, euskal gizarteak horrela egoki baderitzo, Estatutua bera eguneratzea bermatuko digutenak; beti ere, normalizazio soziala eta politikoa bideratuko duen bilgune berria lortzeko.

3.- Euskadi-Ezaren ordaina "Autogobernuan sakontzea euskal gizartearen ongizatea hobetzeko"

Gernikako Estatutuaren historia azken hogeita bi urte hauetan bete ez den itun baten historia da. Estatutuaren ondorioz dugunak euskal gizarteari ilusioa eragiten badio ere, etsipen handia ere eragiten digu oraindik bete ez denak eta eskubidez dagokigunak.

Horixe da Euskadi-Ezaren ordaina. Disfrutatzen ez dugun autogobernuaren ordaina, euskal gizartearen ongizatea nabarmen hobetzeko aukera emango ligukeen autogobernuaren ordaina.

Estatutua ez betetzeak kostu politikoa ekartzeaz gain, izugarrizko kostua ere badu euskal gizartearen ongizatean. Osatu ez den Euskadi baten kostua da. Euskadi-Ezaren kostua da.

Jakina, Estatutuari esker lortutako autogobernuak eskumen ugariz baliatzeko aukera eman digula ukatzea eta eskumen horien bitartez ekonomiaren hazkundea, ongizatearen hobekuntza eta euskal biztanle guzti-guztion bizi-kalitatea gehitu dugula ukatzea biktimismoan aritzea eta egiaren kontra egitea izango litzateke.
Hori aitortzea ez da oztopo honako hau ere jakinarazteko: Estatutua onartu zenetik hogeita bi urte pasa direnean Estatutu horrek gaitasuna galdu du Estatuaren ikusmolde homogeneizatzailean sartzen ez diren eskumenak transferitzeari utzi zaiolako eta gure autogobernua murrizten duten neurriz kanpoko legeak edo epai murriztaileak onartu direlako, gure autogobernua oinarri sendorik gabeko autogobernua bihurtu nahian. Horrek guztiak gaitzustea eta etsipena sortarazten ditu euskal gizartearen eremu askotan.

Baina, horretaz gain eta frogatu dugunez, Estatutuaren garapenak ez du izan Lege Organiko bat ezartzeko eta itun politiko eta sozial bat zintzo betetzeko beharrezkoa den prozesu baketsu eta normalizatu bat. Horren ordez, nekearen bide luzea egin behar izan du, trukearena eta alderdiek une bakoitzean izan dituzten interesen kapritxoarena, hain zuzen.

Transferentziak Gobernu Zentralari prezio politikoa ordainduz kendu zaizkiolako irudipena izan du agian euskal gizarteak.

Ez dezagun gure burua engaina, zeren Kontzertu Ekonomikoa berriztatzeagatik, balio Erantsiaren Zerga jasotzeagatik, A-8 autopista nahiz beste transferentzia batzuk eskuratzeagatik -lanbide heziketa, osasuna, unibertsitatea, eta abar- ordaina eman behar izan du nazionalismo demokratikoak Madrilen.

Orain, prezio politikoaz hainbeste hitz egiten den honetan, sarkasmoa dirudi euskal gizarteari dagokion eskubide batengatik aldiro-aldiro ordaindu behar izana. Zoritxarrez, horrela izan da askotan eta ez dugu denboran asko egin behar atzera horren adibide bat edukitzeko.

Horixe da gure Gernikako Estatutuak bizi duen giro kutsatua. Gernikako Estatutua ez dago bere hitzei eta izpirituari lotua; aitzitik, aldian aldiko interesei lotua dago. Estatutu ituna betetzea bi aldetako baten borondateari lotua egon da eta horregatik gure autogobernua hondoratu egin da segurtasun juridiko ezaren itsasoan.

Horrela, euskal gizartearen zati handi batek egun baten Estatutuaren alde apustu egin bazuen ere, zalantza ugari ditu apustu hura egokia ote zen.
Estatutua ez betetzeak dakar, hain zuzen ere, Estatutua bera elkarbizitzarako bilgune modura deslegitimatzea, Estatutua sortu zuten printzipio politikoei erantzuten ez dielako.

a) Atzerakada autonomikoa
Azkenaldi honetan benetako atzerakada autonomiko bat bizi dugu; atzerakada autonomiko horrek oraindik eskualdatu gabe dauden eskumenak eskualdatzea galarazi ez ezik -hau da, jaio gabeko Estatutua-, lortutako autogobernuari erasotzeko eta autogobernu hori murrizteko politika sistematiko bat garatu du, eta horretarako Estatuaren menpe dauden tresna juridiko eta judizialak erabili ditu, baita Europako eraikuntza prozesua bera ere, gure autonomia politikoan eragin zuzena duten erabakietatik kanpo utziz.
Egoera honen emaitzak izugarrizko kostu politikoa eta soziala du euskal gizartearentzat nahiz 1979an hitzartutako elkarbizitza esparruarentzat berarentzat.

Estatutua oso-osorik betetzeko eskatzen dugu, ez bakarrik legitimoki dagokigulako, gure herri honentzat autogobernuak ongizatea adierazten duelako ere bai. Esperientziak erakusten digu gure hezkuntza sistema gestionatzen dugunetik aurrera, hezkuntzaren kalitate mailak Estatuarenak baino askoz hobeak direla; eta adibidez, euskal osasun sistema -hau da, Osakidetza- gestionatu dugunean sistema hori erabiltzen dutenek hobeto onartzen dutela Espainiako bataz besteko erabiltzaileek baino; eta horrela jarrai genezake gure esku dauden gainontzeko eskumenekin.
Horregatik, Estatutua ez betetzeak baduela bere kostu soziala adierazten dugu, Euskadi-Ezaren ordaina, lehen aipatu dudan bezala.

Ezinezkoa da agerraldi honetan EUSKADI-EZAk eragindako kostu politikoak sakon aztertzea -bestalde, kostu horiek Ajuria-Eneako hitzarmenean eta Legebiltzar honetan 1995eko eskumenen lehentasunen txostenean mahai gaineratu ziren -, baina uste dut oso interesgarria dela biztanleak konturatzea Estatutu Ituna ez betetzeak eguneroko bizitzarako nolako kostu ekonomikoa eta soziala dakarren.
Transferitu gabeko eskumen guzti-guztiek, gure autogobernuaren murrizketa guzti-guztiek, Bruselan guk esku hartu gabe hartzen diren erabaki guzti-guztiek zuzen-zuzenean eragiten diote euskal biztanle guztion bizi-kalitateari.

EUSKADI-EZAren lehenengo kostua -eta aipagarriena ere- 22 urte igaro ondoren transferitu gabe dauden 37 eskumenak dira, eskumen horiek Gernikako Estatutuan jasota egon arren.

Nola esan daiteke eskumen horiek ezin direla transferitu?
Horixe da Espainiako Gobernuak bultzatzen duen atzerakada autonomikoaren eta inboluzio demokratikoaren adibiderik onena.

Euskal gizarteak jakin behar du Estatutua osorik eta zintzotasunez betetzea ez dela alderdi politikoen edo Eusko Legebiltzarraren eskari erretoriko bat; aitzitik, transferitu gabeko 37 eskumen horiek guztiek benetako eragina dutela hazkunde ekonomikoan eta biztanleen ongizatean.

Jarraian, zenbait adibide aipatuko dizkizuet euskal gizartearentzat "Euskadi-Ezaren ordaina" zein izan den argitzeko; eta horretarako sei alor aipatuko ditut, alor horietan garbi ikusten baita gure autogobernu osoari eragiten dion atzerakada autonomiko hori.

- Ikerketa zientifikoa eta teknikoa
Estatu Administrazioaren ordezkaritzak bidegabe adierazi du ezin dela, Ikerketa zientifikorako eta teknikorako eskumena transferitu, eskumen horrek izaera esklusiboa duela aipatuz, nahiz eta Estatutuaren 10.16 artikuluak euskal administrazioari egotzi eskumen hori.
Konpromiso hori betetzea are larriagoa da kontuan hartzen badugu ikerketa alorrean erakundeek erabat ahaztu gaituztela. Consejo Superior de Investigaciones Científicas delakoak dituen 117 zentro eta institutuetatik 2 baino ez daude Euskadin (Unidad de Biofísica delakoa eta Unidad de Física de Materiales delakoa), Valentzian 10 daudenean, Katalunian 17, edo Madrilen 45.

Gure ahaleginaz eraiki dugu Zientzia-Teknologia-Enpresa sistema berezi bat, gure ekonomia sareari "itsatsita" dagoena. Hala ere, eskumen hori ez transferitzeak 139.000 milioi pezeta inguruan baliabideak murriztea ekarri du azken hamar urteetan; diru horiekin Euskadik Europan duen puntako tokia areago hobe genezakeen.

- Enplegua, Prestakuntza eta Laguntza Soziala
Estatutuak gaitasun zabalak eskaintzen dizkie euskal botere publikoei lan legedia ezarri eta garatzeko eta, baita ere, gaitasun osoak laguntza sozialaren sistema publiko guztia gestionatzeko. Praktikan, hala ere, gaitasun horiek oso urruti daude garatzetik.

Lan arloan, euskal erakunde eta gizartearen esku hartzerik gabe egindako legeek ez dute errespetatzen lan harremanetarako esparru autonomo bat garatzea, galarazi egiten dute hori, euskal administrazioari kudeatze zereginak bakarrik gordetzen baitizkiote, Estatutuan ezarrita dagoenaren kontra.

Enplegu eta prestakuntza arloan, politiken garapen egokia galarazten da hiru alde nagusitan: lehenengo, enplegua sustatzeko planak zehaztea galarazten delako, Estatuan egindako planen gestio hutsera eraman nahian politika aktiboetarako eskumena; bigarren, lanbide heziketarako legediaren bitartez, Estatuaren esku uzten delako, alde batetik, prestakuntza planak osorik zehaztea, eta bestetik, Euskadin kokatutako zentroen titulartasuna; eta hirugarren, etengabeko prestakuntzaren transferentzia onartzen ez delako, ezta HOBETUZ euskal Fundazioaren autonomia ere, Fundazio hori Langileen Estatutuaren babesean sortua bada ere.

Laguntza sozialaren arloan, transferentziarik ez izateak Gizarte Segurantzaren deszentralizazioa eta horren gestio konpartitua galarazten ditu. Egoera honek muga handiak jartzen dizkio euskal biztanleentzat, egoera partikularrak alde batera utzita, errenta unibertsala bermatzeko politika bat zehazteari Euskadin. Horrela, laguntza soziala erabat zatikatuta dago: langabezian daudenentzako dirulaguntzak, zergarik ordaindu behar ez duten pentsioak, gutxienetarako osagarriak, gizarteratzeko oinarrizko errenta, eta abar.

Euskal Administrazioak aurrekontu ahaleginak egin baditu ere enplegu eta laguntza sozialaren arloan, Euskadi-Ezaren ordaina oso garrantzitsua da alor honetan: ez dago lan administraziorik gizartearen egoeratik hurbil; ezin dugu euskal langile eta enpresen behar izanei egokitutako lanbide heziketa zehazteko politikarik ezarri; eta, azkenik, ezin dugu herritar guztientzat oinarrizko errenta unibertsalerako sistema zuzenago eta eraginkorrago bat diseinatu, ezta orain laguntza sozialean dagoen zatiketa galarazi ere.

- Azpiegiturak
Azpiegitura arloan Gernikako Estatutua ez aplikatzeak Euskadiren kapital publikoan murrizketa handia ekarri du.
A-68 Autopista ez transferitzeak eta, euskal administrazioen iritzia eskatu gabe, horren kontzesioa luzatzeak diru sarrerak murrizten ditu izugarri eta erabiltzaileei gehiago ordaintzea dakarkie; horretaz gain, ahalmen handiko bide sare azkar osatzea eta trafikoa nahiz Lurraldea hobeto antolatzea eragozten du.

Beste alde batetik, euskal arloan trenbideak ez transferitzeak eremu garrantzitsuetan garraioa antolatzea eragotzi du -Bilbo Metropolia kasu-, eta atzeratu egin du Bilboko hiria eraberritzea eta Ezker Aldea suspertzea, trenbideari erabat lotuta baitago alde hori.

Aipamen berezia egin behar diogu interes orokorra duten portu eta aireportuak ez transferitzeari, Estatutuarekin bat etorriz eta kontuan izanda Estatuak ez duela horien gestio zuzena beretzat gorde.
Egoera horiek guztiek lurraldearen gestioari eragiten diote zuzenean eta Euskadi-Ezaren ordainaren alderik deigarriena zailtasun bat dela adierazten dute; hain zuzen ere, lurralde politika eta eremu fisikoa trabarik gabe gestionatzeko zailtasuna.

- Hezkuntza
Estatutuaren 16. artikuluak Konstituzioaren Xedapen Gehigarriari egiten dion aipamenak aukera emango liguke geure hezkuntza sistema eratzeko maila guztietan. Hala ere, Estatuaren legeek eta horiek eragindako araudiek zalantzaz bete dute gure autogobernuak hezkuntza alorrean noraino iritsi behar duen.

Araudi bateratua eta homogeneoa ezartzeko tema goi mailara iritsi da Estatuaren azkeneko lege proiektuekin, proiektu horien bitartez autonomia erkidegoek bi hezkuntza maila garrantzitsutan -lanbide heziketan eta unibertsitate hezkuntzan, hain zuzen ere- dituzten eskumenak berraztertu baititu.
Alde batetik, Lanbide Heziketaren Euskal Planaz egindako aurrerapenak baztertu eta ahalmen guztiak Estatuko administrazioan berrezarri nahi dituzte. Bestaldetik, Unibertsitateen antolakuntza eta funtzionamendua erabat arautu nahi dute, unibertsitateen autonomia muga ulertezinetaraino murriztuz eta euskal administrazioei finantzatzaile hutsaren papera emanez.
Hezkuntza sistema Herri baten giza ehunaren isla zehatza izan behar du, eta martxan dagoen atzerakada autonomikoak, konstituzionaltasun blokea urratzeaz gain, euskal gizartearen benetako beharrei moldatu ezinaren kostua ekarriko dio.
Hezkuntza arloko atzerakada horren ondorioz -euskal unibertsitateetako errektore guztiek unibertsitate legeria zentralistatzat hartu dute-, eskumen esklusibo hau paper bustia bihurtzeko arriskua dago; eta garrantzitsuena dena: gure unibertsitate ereduan zorroztasuna eta malgutasun eza ekarriko du; horrek iraganera eramango gaitu, ez etorkizunera.

- Ekonomia eta Finantza arloa
Kreditu publikoaren erakundeak eta Estatuko sektore publikoa ez transferitzeak ekonomia sustatzeko eta sektore produktiboak berrantolatzeko oinarrizko baliabideak kendu dizkie euskal administrazioei.
Euskal erakundeei bizkarra emanez erreformatu eta pribatizatu da Kreditu Ofiziala, euskal erakundeoi finantza sisteman esku hartzeko tresna garrantzitsu bat kenduz. Era berean, aseguruen eta bankuen esparruan lotura eraginkorrak ez izateak eta finantza sistemaren kontrolerako erakunde garrantzitsuetan -Espainiako Bankuan eta Comision Nacional del Mercado de Valores delakoan, adibidez- esku ez hartzeak hustu egin ditu praktikan Estatutuaren eskumen zabalak, eta sistema bateratu eta oso zentralizatua eratu du, konstituzionaltasun bloketik kanpo erabat.

Bestalde, duela gutxi onartutako lege bat -Aurrekontuen Egonkortasunerako Legea, hain zuzen-, finantza autonomiari egin ahal zaion erasorik handiena da. Lege horri finantza fundamentalismoa dario, ez du ulertzen, ezta aplikatzen ere, ekonomia zikloaren Europako egonkortasun kontzeptua eta, zorra debekatzen duenean, oinarrizko obrak galaraziko ditu toki eremuetan (Bilboko metroa ez zen egingo lege horrekin), diktadura garaian gobernu zibilek udalen gain zuten tutoretza egoerara itzuliz.

- Justizia arloa
Aitortu behar dugu euskal erakundeek Justizia Administrazioko zerbitzuan dauden giza baliabideen eta baliabide materialen eskumenak jaso zituztenetik hona zerbitzu hori izugarri hobetu dela Euskadin.

Hori ez da oztopo arlo horretan honako hau adierazteko ere: Estatutuak EAEko justiziaren antolaketa Auzitegi Nagusi batean bukatuko dela eta eskabide prozesal guztiak hor amaituko direla ezartzen badu ere, ezta hori betetzen errekurtso judizialen sistemarengatik nahiz Audientzia Nazionala mantentzeagatik, Audientzia Nazionala mantentzea zalantzan jartzekoa izan arren.

Are gehiago oraindik, nahiz eta Gernikako Estatutuak adierazi Euskadiri dagokiola Justizia Administrazioaren zerbitzurako langileez eta bere funtzionamendurako baliabide materialez eta ekonomikoez hornitzea, Aginte Judizialaren Lege Organikoak Espainiako Gobernuari ematen dizkio ahalmen gehienak antolamendu judizialerako, euskal erakundeek gai horren funtzionamendurako behar duten autonomia eragotziz.

Ildo honetan, anakronismo aipagarria da funtzionarioen kidego nazionalak mantentzea eta, horren guztiaren ondorioz, Estatutuak Eusko Jaurlaritzaren kontra egitea, gure Erkidegoko sindikatuekin izenpetutako hitzarmen kolektiboak gauzatzeko. Horrek ageriko hobetzeak galarazten dizkie biztanleei orokorrean eta justizia administrazioaren langileei bereziki.

Azkenik, gainera, arrazoi politiko hutsak direla eta, uko egiten zaio espetxeei buruzko eskumena transferitzeari. Espainiako Gobernuak horretarako ematen duen azalpen bakarra hauxe da: Gernikako Estatutua gai horretan betetzeko baldintzarik ez da ematen.

Egoera honek guztiak atzerakada autonomikoa dakar euskal gizartearen ongizaterako eragin handia duen gai batean, Euskadin Justizia Administrazio azkarra eta eraginkorra izatean, hain zuzen ere.

b) Euskadi Europa eraikitzetik baztertuta
Europa eraikitzeko prozesua kontuan hartu behar den gai garrantzitsua da gure etorkizunarekin lotutako edozein gogoeta egiteko. Inork ez daki, adibidez, nola biziko garen ezta nolako harremanak izango ditugun 20 urte barru Europako Batasunean.
1979an gure autonomia politikoa diseinatu zenean ez zen aldagai hori kontuan hartu eta, hala ere, Europako Batasuneko itunek eta Espainiako Gobernuak itun horiek baztertzeko erabiltzeak funtsez eragiten diote gure autogobernuari.
Europak gero eta eragin handiagoa du gure bizitzan, eta Euskal Autonomia Erkidegoak jaso dituen eskumenei ere eragiten die. Gure eguneroko bizitzaren edozein arlotakotako eskumenei: politika monetarioari, arrantzari, nekazaritzari, ikerketari, azpiegiturei, industria politikari, eta abarrei.

Badakigu ez dagoela lege eragozpenik, ezta ere lege horiek ulertzeko eragozpenik, Euskal Autonomia Erkidegoak eraginkor parte har dezan Bruselan hartzen diren erabakietan. Horren lekuko da Maastricht-eko Itunak, 1992an izenpetutakoak, "Lex Bélgica" delakoa jasotzea. Lege horren bitartez, Europako kide diren Estatuen lurralde ordezkariek aukera dute Kontseilura joateko eta Estatu horren gobernua konprometitzeko.
Oraingoan ere, lege esparruan jasota daude eskumen esparru guztiak errespetatzeko eta biltzeko behar diren baliabideak; Espainiako Gobernuak egiten duen irakurketa baztertzaileak eragiten du gatazka politikoa, adostasun eza, atsekabea eta frustrazioa.

Bruselan euskal eskumenei zuzenean eragiten dieten gaiak eztabaidatzen direnean, Eusko Jaurlaritza ez da han izaten Estatuak galarazten diolako. Eta hori ez da egarri politikoa, horrek benetako eragina du gure interesak defendatzean eta Europako Batasunaren erakunde egituraren funtzionamendu demokratikoa hondatzean. Edozein herritarrek ulertzeko moduko bi adibide jarriko ditut:
Nola defendatu ahal ditu Euskal Administrazioaren zerga pizgarriak, gure ekonomiaren garapenerako hain garrantzitsuak direnak, Ekonomia eta Ogasunerako Ministro espainiarrak, errekurtsoa aurkeztu duenean pizgarri horien kontra?

Barne Ministroa ez bada polizia gaietako agintari eskuduna Euskadin, zeinek ordezkatzen du gure Herria Europako bileretan Eusko Jaurlaritzak polizia integrala badu bere agindupean?

Hamabost urte baino gehiago igaro dira Europako Batasunari Atxikitzeko Ituna izenpetu zenetik. Denbora luzea da; aukera asko galdu dira; eta gai asko gaizki defendatu dira; edota ez dira batere defendatu. Europan beste herrialde batzuk konpondu egin dute egoera hori. Egitura federala duten estatu gehienek -Belgikak, Alemaniak edo Austriak, adibidez- aldatu egin zituzten konstituzioak, eskualdeei edo estatu azpiko erakundeei beren interesak defendatzeko aukera emanez. Erresuma Batuan edo Portugalen duela gutxi izan diren deszentralizazio prozesuen lagungarri, zenbait baliabide ezarri dira, horko eskualdeetako erakundeek Europako Kontseiluan parte hartzeko aukera izan dezaten euren eskumenen eremuan.
Urrutira joan gabe, begira dezagun, adibidez, Kontseiluko Belgikako presidentziaren jarrera baikorra. 2001eko uztailaren 13an Waloniako eskualdeko presidentea izan zen Eskualde Politika eta Lurraldearen Antolamendu Kontseiluaren buru.

Europaren etorkizunari buruzko eztabaida handia ireki da. Premiazkoa iruditzen zaigu, beraz, nazionalitate eta eskualdeen parte hartzearen helburuak eta tresnak berraztertzea, beti ere, legitimotasun demokratiko handiagoa emateko Europa eraikitzeko prozesu horri.

Europako aktore guztiak parte hartu behar dute, bakoitza bere mailan eta bere eskumenen arloan, guztion artean Europa gehiago eta hobea egiteko, Europako aniztasuna eta errealitate politiko, nazional eta kulturalak errespetatzetik abiatuta.

Beharrezkoa da Euskadik eta estatu gabeko beste nazio batzuk aukera izatea Batasuneko erabakietan zuzenean parte hartzeko; horrela bermatuko baita Europa eraikitzeko prozesuaren legitimotasun demokratikoa, horren ondorioz gure autogobernuari kalte egin gabe.
Premia larriaz eskatzen dugu, beraz, Espainiako Estatuarekiko hitzarmen bilateral bat izenpetzea, Euskadik Europan zuzen-zuzenean parte hartzeko bideak zehaztu eta ahalbideratzeko gure eskumen esklusiboetan. Europako beste herrialde batzuetan egin izan bada, zergatik ez Espainiako Estatuan?

Gure autogobernuaren egoera eta 22 urte hauetan izan duen garapena aztertu eta gero, ondorioa argia da: 1979an onartutako Estatutu bat dugu, euskal gizarteak zuen behar bati erantzuteko izan zena; baina, baita ere, bere hitzak bete ez dituen Estatutu bat eta bere izpiritua desnaturalizatu duen Estatutu bat. 37 eskumen transferitu gabe dituen Estatutu bat. Autonomia politiko bat, beraz, atzerakada autonomikoak murriztutakoa.

Ondorio horrek nire azalpenaren bigarren zatira garamatza: Gernikako Estatutua berehala betetzea, hori premiazko eginbeharra baita ikuspuntu politiko eta soziala erabiliz.

4.- Premiazko betebeharra: Gernikako Estatutua, 1979an onartutakoa, berehala betetzea

Ez betetzearen eta frustrazioaren atea itxita bakarrik izango gara gai etorkizunari leihoa irekitzeko. Horregatik, gaur inoiz baino beharrezkoagoa zaigu Estatutua oso-osorik lehenbailehen betez orain dugun autogobernu esparrua errespetatzeko konpromisoa eskatzea guztioi.
Helburu honi ekiteko tresnarik eta oinarririk egokienak ezartzea da gure erantzukizun politikoa. Horixe da gehiago atzeratu gabe eta premia osoz egin behar dugun lana.

Eusko Legebiltzarra normalizazio politikoaren eragile bihurtzeko konpromisoa hartu dugu, gure arazo politikoak konpontzeko diren espedizio guztien kanpamendu nagusia bihurtzeko konpromisoa, hain zuzen ere.
Ildo horretan, uste dut nire betebehar politikoa dela Legebiltzarrari proposatzea tresna berezi bat era dezala, tresna horren bitartez talde parlamentarioek euskal gizarteak nahi duen autogobernu mailari buruz duen borondatea betetzeko proposatzen dituzten ekimenak batu ditzagun.
Horrela bada, honako proposamen hau egin nahi diet Legebiltzarreko talde guztiei azter dezaten: gure Autogobernua Sakontzeko Legebiltzar Batzorde bat sortzea.

Legebiltzar Batzorde horrek gaur egungo transferentzien egoera aztertuko du, oraingo estatutu ituna betetzea bultzatuko du, eta jarrera ireki eta demokratikoa erabiliz Estatutua aldatzeko eta eguneratzeko aukerei ekingo die, beti ere, euskal biztanleen borondatearen arabera.

Gainera, ezagutzen duzue Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak abuztuaren 31n hartutako erabakia: hau da, Espainiako Gobernuari eskatzea Negoziatzeko Batzorde Politiko bat era dezala, Gernikako Estatutua oso-osorik betetzea bultzatzeko eta Estatutu horren ahalmenak aztertzeko.
Elkarrizketa politiko lasaia eta heldua proposatu nahi dugu Legebiltzar honek gai horri buruz behin baino gehiagotan hartu dituen erabakiak bete daitezen.

Ezin gara konformatu Legebiltzar honek hartutako erabakiak betetzen ez direla ikusita eta, beraz, Legebiltzar honetan ordezkatuta dagoen borondatea ez dela errespetatzen ikusita. Iritsi da garaia euskal gizartea konturatu dadin bai batzuk bai besteok agindutakoa betetzeko nolako jarrera politikoa dugun, nolako epeak eta konpromisoak ditugun, Estatutua bere osotasunean betetzeko denok azaldu dugun jarrerari buruzko adierazpen erretorikoak alde batera utzita.
Azken finean, argia da nire proposamena euskal gizarteak orain dela hogeita bi urte egindako ituna betetzeari buruz. Premia begi bistan dago eta baliabideak mahai gainean: 1995eko urriaren 20an Eusko Legebiltzarrak onartutako lehentasun txostena, autogobernua sakontzeko Legebiltzar Batzorde berezi bat eratzea eta Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren arteko Politika Batzorde bat martxan jartzea.

Legebiltzarra da euskal gizarteak behar duen normalizazio politikoa bultzatzeko eragilea. Behar beharrezkoa dugu elkar bizitzarako oinarrizko adostasunak aurkitzea; horietako batzuk oraindik lortu gabe ditugu eta.

Euskal Herri osoaren erronka saihestezina dugu hori eta Legebiltzar honek, gure autogobernua Sakontzeko Batzordearen bitartez, ezin du eztabaida hori albo batera utzi, gure etorkizunerako oso garrantzitsua da eta.

Lehendakaria naizenez, gogoeta ireki bat mahaiganeratu nahi dut: hain zuzen ere, nola ekin normaltasun demokratikoa erabiliz itun berri bat lortzeko dugun erronka saihestezinari, elkar bizitzarako bilgune berri izan dadin.

5.- Saihestezineko erronka: Estatutuaren gaitasunak garatzea, Itun berri bat lortzeko, elkarbizitzarako bilgune berri bat lortzeko

Estatutua Itun bat dela onartzen badugu, botere publiko guztiak eta herritarrak uztartzen dituen itun hori errespetatzen badugu, bete dezagun eta erabil ditzagun bere ahalmenak elkarbizitzarako bilgune berri bat bilatzeko.

Gutxiago kezkatzen nau nola izendatu behar ditugun guztiok ditugun desadostasunak nahi dugun autogobernuaz, nortasun nazionalaren ikusmoldeez, burujabetzaz, lurraldetasunaz edota Estatuaren egituraz beraz. Dei diezaiegun desadostasun horiei egoki iruditzen zaigun bezala: gatazka, auzia, arazoa, ezadostasun politikoa, berdin zait. Baina egon badaude, eta horietaz hitz egin behar dugu.

Iritsi da garaia gogoeta egiteko gaur egungo Gernikako Estatututik abiatu eta gure autogobernua sakontzeari ekin beharraz.

Adostasun politiko berri bat eratzeko tresnak aurkitu behar ditugu eta prozedura demokratikoak adostu behar ditugu, euskal gizarteak lortutako adostasuna berretsi dezan edo aurkeztutako aukeren artean erabakitzea izan dezan.

Horixe da egoera; eta egoera horri aurre ez egiten ez badiogu edo egoera hori saihesteko gure haserako jarrerei eusteko aukera ematen diguten adostasun semantikoak bilatzen baditugu, horrek ez digu lagunduko dagoen arazoa politikoa konpontzen.

Euskal biztanleek berek duela gutxi -maiatzaren 13an, hain zuzen ere- argi utzi zuten arazoa; desadostasun politikoa edo dena delakoa honako hau baino ez da: euskal gizartearen zati esanguratsu eta anitz bat dago, bere etorkizuna askatasunean eta demokrazian erabakitzeko eskubidea eskatzen duena..

Horixe da, eta ez besterik, gure erantzukizuna. Elkar onartuz eta errespetatuz egin dezakegu hori; eta horretarako, borondate politikoa badago, zuzenbide estatu batek gure eskuetan jartzen dituen baliabide juridikoak erabil ditzakegu; beti ere, tresna horien irakurketa irekia, malgua eta dinamikoa eginez

Horregatik, etorkizunerako proposamen bat egingo dut. Proposamen horren bitartez -eta legitimotasun osoz beste proposamen asko ere aurkez daitezke-, normalizazio politikorako prozesu bati ekingo diogu elkarbizitzarako bilgune berri bat aurkitzeko.Nire asmoa lan horri ekiteko helburuak, printzipioak, oinarriak eta tresnak mahai gainean jartzea da. Talde parlamentarioek baloratuko dituzte Autogobernua Sakontzeko Batzordean edo egoki deritzoten organo parlamentarioan bakoitzak aurkezten dituen proiektu politikoak, euskal gizarteak berretsi ditzan erdietsitako adostasunak edo erabaki dezan aurkeztutako aukeren artean.

Nire proposamenaren helburua ez da botoen bidez erabakitzea, aitzitik, eztabaida politiko eta sozialerako gogoeta garden bat aurkeztu nahi dut, eztabaida horrek aurrera egin dezan.

Hauxe da nire planteamendua:

Konpromiso bat:

Itun Politiko berri bat lortzea, elkarbizitzarako bilgune berri bat erdiestea, Estatutu Ituna eguneratu eta berriztatuz, itun hori euskal gizartearen eskaerei egokitzeko.

Bi helburu:

- Euskadin orain arte lortu ez ditugun oinarrizko adostasunak lortzea etorkizunean.
- Elkarbizitzarako bilgune berri bat bilatzea, gure herrian dauden sentsibilitate politiko eta sozial desberdinek bidezko erantzuna izan dezaten, proiektu demokratiko guztiak berdintasunez defenda daitezen eta proiektuok aukera berberak izan ditzaten gauzatzeko.

Hiru printzipio:

- Pertsona guztien askatasuna errespetatzeko eta defendatzeko konpromisoa, pertsona guztiek mugarik eta koakziorik gabe adieraz ditzaten legitimotasun osoz dituzten nahi politiko eta sozialak.
- Euskal biztanleen borondatearen bitartez eraikitako erakunde eta esparru juridikoen legitimotasun demokratikoa onartzea eta errespetatzea; eta, baita ere, horiek aldatzeko eta eguneratzeko aukeren legitimotasun demokratikoa onartzea eta errespetatzea.
- Euskal Herriak berari legozkiokeen eskubideez baliatzeko bide baketsu eta demokratikoak aurki ditzakeela onartzea; eta era berean, prozesu demokratiko batean euskal gizartearen gehiengoak legitimotasunez adierazitako borondatea unean indarrean dagoen legedian jaso behar dela onartzea.

Zazpi oinarri:

- Onartu Euskal Herria identitate propioa duen egoera sozio-kulturala dela eta, beraz, eskubide politikoak dituen subjektua dela.
- Onartu Espainiako Estatuan kokatuko lurraldeek -Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak, alegia- egoki deritzoten harreman esparrua ezartzeko eskubidea dutela, bertako biztanleen borondatea mugatzat jarriz. Horretarako aukera eskubide historikoen bermerako xedapen gehigarriek ematen dute; xedapen horiei esker, elkartzeko edota federatzeko bideak ezarri baitaitezke bakoitzaren nortasuna errespetatuz.
- Tresna politiko, sozial eta kulturalak ahalbideratu, Espainiako Estatuan dauden euskal lurraldeek eta Frantziako Estatuan dauden euskal lurraldeek harremana izan dezaten; horretarako, era zabal eta malguan erabili beharko da Europako Batasuneko estatuetako lurraldeen arteko lankidetza bultzatzen duen araudi komunitarioa.
- Onetsi Euskal Herriak, bere nazionalitatearen adierazgarri gisa, eskubidea duela kontsulta egin dakion, askatasunean eta demokrazian bere etorkizunaz erabaki dezan, beti ere, Euskal Herria eratzen den eremu politiko eta administratibo bakoitzeko herritarren borondatea errespetatuz. Eskubide hori oinarrizko tresna da sistema demokratikoa gizartean legitimatzeko.
- Orain arte eskuratutako eskumenak berriztatu eta eguneratu, eta eskumen horiek Europako ekonomiari eta gizarteari egokitu; baita, euskal gizartearen gehiengoaren borondateari ere; tresna egokiak eratuz Estatuarekin ituntzeko eta negoziatzeko.
- Estatuarekiko Itun politiko bat ahalbideratu, Europan eta munduan Euskadik zuzenean parte har dezan eta gure autogobernua eta gure nortasuna ordezka eta defenda ditzan, Europako Batasunaren Itunaz eta nazioarteko zuzenbideaz bat eginez.
- Tresna juridiko eta politikoak erabaki, berme sistema bilaterala eratzeko, hitzartutako harreman esparruari egonkortasun instituzionala emateko eta hitzartutakotik eratorritako autogobernu mailaren murrizketa unilaterala galarazteko.

Tresnak:

- Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarria.
"La Constitución ampara y respeta los derechos históricos de los territorios forales. La actualización general de dicho régimen foral se llevará a cabo, en su caso, en el marco de la Constitución y de los Estatutos de Autonomía".
- Konstituzioaren bigarren xedapen indargabetzailea.
"En tanto en cuanto pudieran conservar alguna vigencia, se considera definitivamente derogado el Real Decreto de 25 de octubre de 1839 en lo que pudiera afectar a las provincias de Alava, Gipuzkoa y Bizkaia.
En los mismos términos se considerará definitivamente derogada la Ley de 21 de julio de 1876".

- Gernikako Estatutuaren xedapen gehigarria.
"Estatutu honetan finkatu den erregimen autonomikoaren onarpenak ez du esan nahi, Euskal Herriari historian barrena dagozkiokeen eskubideei uko egiten zaienik, ordenamendu juridikoak erabakitzen duenaren arabera gaurkotu daitezkeelarik"

Horiexek dira Estatu Itun handi bat bideratu ahal duten tresnak, Euskal Herriak, bere nazionalitatearen adierazgarri gisa, eskatzen duen autogobernuari eta bere etorkizunaz erabakitzeko duen ahalmenari erantzuteko.

Zeren, onar dezagun behingoan, arazoa ez da bakarrik zeinek gestionatuko duen gizarte segurantza edo lanbide heziketa, Espainiako Gobernuak edo Eusko Jaurlaritzak. Arazoa honako hau ere bada: onartu behar da Euskal Herria ez dela Estatuaren menpeko zati bat, nortasun propioa duen Herri bat baizik, barne harremanetarako esparru propioa ezartzeko ahalmena duena eta Estatu plurinazionalaren proiektuari borondate propioz atxikitzeko ahalmena duena, Estatu plurinazional hori "eque principale" borondateen batasunaren emaitza izanik.

Ez gaude arazo juridikoen aurrean. Borondate politikoaren aurrean gaude.

Autore spetsu askok, konstituzionalismo erabilgarriaren ikusmoldea erabiliz, bide hori aztertzearen aldeko argumentuak ezarri dituzte mahai gainean. Badakit badaudela "ez dago gogorik" oinarritzat hartu eta "ezin da" argumentatzen dutenak.
Planteamendua egina dago. Nire eginkizuna zen eta horri erantzun diot. Alderdi politikoetan ezezik, gizartearen baitan ere gogoeta eta iritzien kontrastea sustatzeko proposamen bat egin nahi izan dut. Edozein modutan, planteamendu honek ez dio inongo beldurrik sortu behar demokrata bati.

Dena dela, eta ekarpen irekia den gogoeta honetaz haraindi, badakit gutxieneko oinarriak ezarri behar ditugula autogobernuari buruzko osoko bilkura hau normalizazio politikorako bide berriaren hasiera izan dadin.

Bideari ekiteko proposamen bat eginez bukatuko dut, beraz, nire azalpena.

6.- Guztiontzako gutxienekoa bidea hasteko

Alderdi politiko bakoitzak bere iritzia izango du Gernikako Estatutuaz, Estatutu hori betetzeaz, Estatutuaren betetze mailaz eta Estatutua eguneratzeaz; eta bai gaur eta bai etorkizunean aukera izango dugu horiei guztiei buruzko argumentuak alderatzeko. Iritzi horiek guztiak errespetatzetik abiatuta, gure zeregina da gutxieneko oinarriak ezartzea normalizazio politikorako prozesuan aurrera egiteko.

Ildo horretan, iruditzen zait nire eginbeharra dela konponbiderako proposamen bat aurkeztea, proposamen hori talde parlamentarioek azter dezaten, eta ondorioz bidea hasteko guztiontzako gutxienekoa bilatzeko. Aurrera egiteko bilgunerik soilena bilatu behar dugu.

Proposamen egin nahi diet talde parlamentarioei aintzat hartu eta, horrela irizten badute, Legebiltzar honetako guztiok batera onar dezagun:

Konponbiderako proposamena:

Euskal gizartearen borondateari zor zaion errespetuarengatik, Gernikako Estatutua osorik eta premiaz betetzeko eskatzen dugu, Estatutu hori sortu zuten printzipioen arabera eta Eusko Legebiltzarrak transferitu gabeko eskumenen lehentasun txostenaz 1995eko urriaren 20an adierazitako jarrerarekin bat eginez.

Halaber, onartu egiten dugu euskal gizartearen borondatearen bidez orain arte eraikitako esparru juridiko eta politikoen legitimotasun demokratikoa, eta onartu egiten dugu, baita ere, esparru horiek aldatzeko eta eguneratzeko aukeren legitimotasun demokratikoa, beti ere, euskal gizartean horretarako behar diren gehiengoak erdiesten badira.

Hitz ematen dugu gure autogobernua sakontzeko Legebiltzar Batzorde bat eratuko dugula, batzorde horren bitartez Estatutu Ituna errespetatzea eta betetzea aztertzeko eta Estatutua eguneratzeko aukerei ekiteko, Estatutuan bertan jasotako ahalmenen arabera.

Dena dela, eta gizartearen aurrean helburu horien betetze mailaz eztabaidatzeko eta maila hori aztertzeko, behar beharrezkoa iruditzen zait bai Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuarekin ezartzen duen Batzorde politikotik abiatuta, bai Autogobernua Sakontzeko Legebiltzar Batzordeak Legebiltzar honetan aurkeztea txosten bat kurtso parlamentarioa bukatu aurretik. Txosten horretan egindako lanen balantzea eta Estatutua osorik betetzean nahiz Estatutua eguneratzeko egin diren proposamenetan lortutako aurrerapena jasoko dira.

Bukaera:

Nire azalpen guztian zehar behin eta berriro aipatu ditut elkarbizitzarako bilguneak bilatu behar ditugula elkar errespetatzetik eta elkar onartzetik abiatuta.

Nortasun nazionala ezin da dekretuz ezarriz. Arau juridikoek herritartasuna eta herritartatusun horrek herri edo estatu baten dituen eskubideak eta betebeharrak ezarriko dituzte, baina nortasun sentimenduak nahiz herri baten parte izatearen sentimenduak ezin dira ezarri. Ezin zaio inori ezarritako aberririk onartarazi.

Gure Autonomia Erkidegoan badaude herritarrak Euskadi dutenak aberritzat, eta badaude beste batzuk legitimotasunez Espainia jotzen dutenak aberri bakartzat.

Elkarbizitzarako gakoa ez da indarrez ezartzea nortasun nazionalaren sentimendu bat beste baten gainetik, elkar errespetatzea eta elkar onartzea baizik. Zeren, bai batean bai bestean, etorkizunerako edozein proiekturi askatasunez atxiki beharko baitzaio; ezingo baita proiektu hori ezarri.

Beharrezkoa dugu, beraz, onartzea eta aitortzea Espainiako Estatuan badaudela herritarrak Euskadi, Galizia edo Katalunia hartzen dutenak aberritzat legitimotasun osoz, eta badaudela beste batzuk Espainia hartzen dutenak aberritzat.

Estatu plurinazional baten estatu horretako nazioek bizi behar dute elkarrekin; eta berdintasunez eta askatasunez erabaki behar dute proiektu komun bati atxikitzea.

Estaturik gabeko nazionalismoak ez dira kultura ezarriz edo indar militarrez Estatuak bereganatu, suntsitu edo deuseztu behar dituen aldi baterako arazoak -Franco saiatu zen horretan berrogei urtez-; aitzitik, errealitate legitimo eta iraunkorrak dira eta errealitate horiek kontuan hartu behar dira, etorkizunean historia komun bat eraiki nahi izanez gero.

XXI. mendearen hasieran historiak irakatsi digu herrien arteko elkarbizitzaren giltza ez dela menperatzea eta inposatzea, askatasunez konpartitzea baizik.

Demokraziaren, justiziaren eta bakearen zutabea munduan herriak eta nazioak elkar onartzea da. Elkar errespetatzetik eta onartzetik abiatuta, elkarbizitzarako edozein bilguneren zutabea ez da proiektu bat inposatzea, proiektu bati askatasunez atxikitzea baino.

Horixe da euskal gizartearen eta Espainiako gizartearen erronka. Bilgune berri bat aurkitu behar dugu mugarik gabeko Europaren esparruan. Elkarrizketa erabiliz eta demokrazian sakonduz.
Bidea irekita dago. Egin dezagun bide hori etorkizunari beldurrik izan gabe.