Azken eguneratzea: 2011/05/05

Elorrieta-Errekamari institutuak EMAS ingurumen erregistroa lortu du

Bilboko Elorrieta-Errekamari GBLHI izan da EMAS ingurumen erregistroa eskuratzen duen bigarren erakundea Ekoscan Plus ziurtagiria lortu ondoren, Ingurumen Sailburuordetzak EAEn EMAS ziurtagiriak bultzatzeko Ihoberen bidez sustatutako proiektuaren esparruan.

Joan den otsailaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak jakinarazi zuen Elorrieta-Errekamari lanbide heziketako institutuak Ingurumen Kudeaketa eta Auditoretza Sistema Komunitarioaren (EMAS) erregistroa lortu zuela.    Izen emate berri horrekin 45 dira EMAS erregistroa duten EAEko erakundeak.

Ekoscan arauaren arabera ziurtatutako enpresak EMASen arabera erregistratzeko bideragarritasuna frogatzeko IHOBE, SAk gauzatutako esperientzia pilotuaren bidez, Elorrieta GBLHI Ekoscan Plus arautik abiatuta EMAS erregistroa lortu duen bigarren erakundea eta erregistroa eskuratu duen hirugarren ikastetxea da.

Ekoscan ziurtagiria izan duen 5 urteetan, Elorrieta-Errekamari institutuak ingurumen jarrera hobetu zuen. Izan ere, hiri hondakinen sorrera % 92, elektrizitate kontsumoa % 3, ur kontsumoa % 11, gasolio kontsumoa % 52 eta paper kontsumoa % 16 txikitu zituen.

Halaber, ikastetxeak ingurumen gaietako sentsibilizazio eta trebakuntza lanak egin ditu 500 ikasle baino gehiagorekin eta langile guztiekin.

EMAS erregistroa eskuratzean, erakundeko pertsona guztien informazioa, komunikazioa, trebakuntza, partaidetza eta kontsulta hobetu da. Bestalde, ingurumen jarrera hobetzeaz gain, lege baldintzak bete behar izan ditu, kutsadura eta langileen segurtasunerako eta osasunerako kalteak saihesten ditu eta ikastetxearen helburuak lortzen ditu.

Bestalde, nabarmentzekoa da lehengo ostiralean, apirilaren 15ean, ElorrietaErrekamari GBLHIk ingurumenari buruzko 1. jardunaldia egin zuela, «Hiri jasangarritasuna» izenburupean, ikastetxe honek ingurumenarekin hartutako konpromisoa eta lan ona dela eta. Jardunaldia Bilboko Udaleko alkateorde eta Hirigintzako eta Ingurumeneko ordezkari Julia Madrazok inauguratu zutena. Gainera, Estibaliz Sanz Gogeaskoetxeak, Klima Aldaketaren aurkako Bilboko Bulegoko zuzendariak, Salome Cenigaonaindiak, IHOBEren Ingurumen Kudeaketako Sistemen promozioaren arduradunak, eta Maria Passalaquak, Kataluniako EMAS Taldearen zuzendariak, hartu zuten parte.

Kudeaketa ereduekiko konpromisoa ez ezik, nabarmentzekoa da ikastetxeak ingurumenaren alorreko proiektuen aldeko apustua egin duela, adibidez, Eskola Agenda 21. Ekimen hori Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailaren gidaritzapean gauzatzen da, Bilboko Udalaren Agenda 21arekin batera.