Azken eguneratzea: 2013/05/30

Gizarte zerbitzuek esku-hartzeko dituzten prozedurak Gizarte-fitxaren bidez bateratuko dira

Tresna informatiko batek, Gizarte-zerbitzuen euskal sistemaren gizarte-fitxak, oinarrizko zerbitzuetara jotzen duten pertsonen gizarte-beharrak zein diren zehazteko eta baloratzeko aukera emango du, baita diagnostiko sakon bat egiteko ere, sektoreko profesionalek aztertutako oinarrizko datuetatik abiatuta.

Informazio hori funtsezkoa izango da arloko erakunde eskudunek esku-hartze egokia egiteko, eta horren jarraipena egin ahal izateko.

Azken hilabeteetan, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila eta sektoreko eragileen talde handi bat tresna informatiko hau garatzen aritu dira, euskal administrazio publikoen eskura jartzeko

Eredu edo tresna horrek emango dio hasiera, gizarte-zerbitzuen sisteman, esku-hartzeko oinarrizko prozedurari. Tresna sortzea Gizarte Zerbitzuen 12/2008 Legean dago jasota. Gizarte-fitxak oinarriko gizarte-zerbitzuen laguntza eskatzeko arrazoiari buruzko gutxienezko aldagai-kopuru bat biltzen du; hona hemen adibide batzuk: zerbitzuei eta sistemaren prestazioei buruzko informazioa eskatzea, mendetasunari arreta ematearekin lotutako gaiak, babesgabetasuna, bizirauteko bitartekoak eta gizarte-partaidetza.

Metodologia horren arabera, oinarriko gizarte-zerbitzuetako langileek pertsonak zerbitzura zergatik jo duen eta haren gizarte-gaitasunak aztertu beharko ditu, lehenik.

Fitxari esker, hasierako diagnosi horretan bildutako informazioa automatikoki pasatuko da diagnosi zabalago batera eta gizarte.net-en sistema informatikoan sartuko da. Hala, erabiltzaileek gizarte-zerbitzuak baliatzeko arrazoiak zein diren jakingo da, eta horien lehen balorazioa egiteko erabili ahalko da informazioa.

Datuak fitxan sartu ondoren, datuak informazio estatistikotzat hartu ahalko ditu gizarte-zerbitzuen euskal informazio-sistemak.

 

Gizarte-diagnosia

Fitxa bezala, EAEko herri administrazioen tresna komuna da gizarte-diagnosia ere. Gizarte-zerbitzuen esku-hartzeko irizpideen homogeneotasuna bermatzea du helburu.

Gizarte-diagnosiak erakusten du erabiltzailearen zer behar ez diren betetzen ari eta zer mailatakoa den gabezia; halaber, erabiltzailearen gaitasunak erakusten ditu. Emaitza horri esker zehaztuko da hautemandako beharrak betetzeko esku-hartzeak zein mailatakoa izan behar duen, eta udalak, foru aldundiak edo autonomia erkidegoak zer zerbitzu eta prestazio eskainiko dituzten, hautemandako beharrei egoki erantzuteko.