Azken eguneratzea: 2011/09/02
Fernando Fantova izango da euskadiko berrikuntza soziosanitarioko Fundazioaren zuzendari berria
Gizarte Gaietako gaur egungo sailburuorde Fernando Fantova jauna izango da Euskadiko Berrikuntza Soziosanitarioko Fundazioaren zuzendari berria. Zahartzea, gaixotasun kronikoak, desgaitasuna eta ezintasuna ikertzea da Fundazioaren helburua.
Proiektu estrategikoa da Eusko Jaurlaritzarentzat, ikerkuntzak aukera emango duelako arreta soziosanitarioko eredu berriak sortzeko, mendeko pertsonei beren etxebizitzetan edo ohiko inguruneetan ahalik eta denbora gehien ematea ahalbidetuko dietenak, ahalik eta bizi-kalitaterik onena bermatuz.
Fantovak datorren astean utziko du bere sailburuorde-erantzukizuna, Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakia onartu eta berehala. Une horretan, Fundazioko Patronoen Batzordeak Fernando Fantova izendatuko du zuzendari gisa.
Uztailaren 21ean Patxi López lehendakariak aurkeztu zuen Euskadiko Berrikuntza Soziosanitarioko Fundazioa, eta, besteak beste, Osasun eta Kontsumo Saila eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila dira Fundazioko kide. Gainera, Mondragón Corporación Fundazioko bazkide estrategikoa eta patronoa da. Ildo horretan, Fundazioak kide berriak hautatu nahi ditu Euskadiko enpresa-sareko eta sare soziosanitarioko ordezkari nagusien artean, lehen mailako proiektu bat egiteko, eta, horrela, Euskadi eredu berritzaileen garapenaren abangoardian kokatzeko, mendeko pertsonen, desgaituen edo gaixo kronikoen arretari dagokionez.
Fundazioaren aurkezpenean, lehendakariak proiektuaren liderra hautatzeko erabili beharreko irizpidea azpimarratu zuen: “ereduzko” pertsona bat izan behar zuen, eta, gainera, elkarrizketa zientifiko-teknikorako zein politiko instituzionalerako gaitasun handia eduki behar zuen, baita berrikuntza soziosanitarioan inplikatutako askotariko agenteak dinamizatzeko gaitasun handia eduki ere.
Fernando Fantova (Bilbo, 1961) soziologian doktorea da, baita gizarte-hezitzailea eta psikologian lizentziaduna ere, eta master bat egin du giza baliabideen alorrean. 1979. urteaz geroztik desgaituekin jardun du, gizarte-zerbitzuen eta esku-hartze komunitarioaren alorretan, eta, azken 15 urteetan, egungo Gobernuan lanean hasi aurretik, aholkulari independentea izan da Europan eta Latinoamerikan, gizarte-zerbitzuen alorrean.