Azken eguneratzea: 2010/12/27
Telelanean esperientzia pilotu bat
Eusko Jaularitzak abian jarri du telelan esperientzia aitzindaria
Neurri horren bitartez familia eta lana bateragarri egiteaz gain Administrazioaren eraginkortasuna eta efizientzia hobetzea lortu nahi da.
Datorren urtarrilaren 17tik aurrera Eusko Jaurlaritzak Justizia eta Herri Administrazio Sailean telelanean esperientzia pilotu bat martxan jarriko du. Hasiera batean aurreikusita dago esperientziak lau hilabete iraungo duela. Planari nor bere borondatez atxiki ahal zaizkio karrerako funtzionarioak, bitarteko funtzionarioak edo lan-kontratuko langileak, betiere bere lana sail honetan betetzen badute.
Esperientziak berez dakar lanaldiaren zati bat (asteko hiru egun) lantokira joan gabe betetzea. Honek esan nahi du, betiere zerbitzuaren betebeharrek ahalbidetzen badute, Administrazioaren bulegoetatik kanpo dagoen lanpostu batetik beteko dela lana. Gainontzeko lanaldia betetzeko lantokira joan beharko da ohiko lanaldiari eta ordutegiari jarraituz. Neurri horrekin Eusko Jaurlaritzak aurrerapauso bat eman du honako hauei dagokienez: lan prozesuen berrantolaketa, helburuen eta espero diren emaitzen antolaketa, eraginkortasuna hobetzea eta lana eta familia bateragarri egitea.
Administrazioan telelanean esperientzia dagoeneko arrakastaz ezarri da Katalunian. Izan ere, diseinatu berria dugun esperientzia berri honetan Kataluniako Generalitateko Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak bere laguntza eta elkarlana eskaintzen ari da.
Emaitzak ikusi eta gero aurreikusten dena da telenaren erregimena eta lantokitik bertatik eginiko lanarena bateragarriak izango direla. Alde batetik baliabide telematikoek ahalbidetzen dutelako, baina, bestetik, erakunde gisa Administrazioak eskaintzen dituen aukerengatik, batez ere, helburuak kudeatzeari eta emaitzen araberako orientazioari dagokienez, izan ere, lehiakortasunean eta bikaintasunean hobetu daiteke eta langileei aukerak ematen zaizkie bere erantzukizun pertsonalak eta profesionalak kudeatzeko.
Lortzeko espero diren helburuak
Kudeaketaren ikuspuntutik neurriak hobekuntza nabariak ekarriko ditu Administrazio Orokorraren eraginkortasun eta efizientziaren parametroetan:
- Aukera eskaintzen du lan-bajak eta absentismoa gutxitzeko.
- Lan prozesuak berrantolatzeko aukera bat da.
- Administrazio jardueran emaitzak neurtzeko kultura bat sartzen da harekin batera eta, gainera, aukera ematen du erakundearen eta zerbitzuko publikoaren helburuekin lotzeko.
- Aurreikusitako emankortasuna handitzea. Telelanak aukera ematen du lana betetzeko, hain zuzen ere langileak lana gehiago bete dezakeenean eta, gainera, motibazio handiagoa duela eta bere errendimendua ere handiagoa da.
- Mugitzeko behar bereziak dituzten kolektibo batzuentzat lan-baldintzak hobetzea.
- Lanaldia malgutuz gero lana eta familia bateragarri egitea litekeena da eta horrek berez dakar nor bere denbora kudeatzea eta, gainera, erantzukizun pertsonal eta profesionalak orekatzea.
- Joan-etorrien denbora, ez ezik, garraioko gastuak eta istripua izateko arriskua ere murrizten ditu.
- Telenaren erregimenak ez du aldatzen zerbitzuak emateko harremana ezta gainerako Administrazioari eragiten dioten xedapen edo hitzarmen kolektiboak ere.
- Zerbitzu publikoa bermatuta geratzen da, izan ere, telelana egin ahal izateko funtsezkoa da lana, berezko dituen ezaugarriei esker, etxetik bertatik egin ahal izatea. Hori dela eta, telenaren bitartez ongi bete daitezkeen jarduerak zehatz batzuk daude eta horien artean honako hauek:
· Ikerketa, proiektuen azterketa eta analisia.
· Txostenak egitea.
· Aholkularitza.
· Dokumentuen idazketa, zuzenketa eta tratamendua.
· Itzulpengintza.
· Informazio sistemak eta web orriak mantentzea eta informatika sistemen administrazioa.
· Informazio-tratamenduak, datu-prozesamendua eta programazioa bezalakoak, esaterako.
Jarraipena eta ebaluazioa
Guztira, 29 lagun izan dira neurri horren onuradun. Telelanaren eraginpean dauden langileek Administrazio Orokorraren gainerako langileen eskubide eta betebehar berdinak izango dituzte eta ez dute inolako aldaketarik jasango beren ordainsariei dagokienez. Plan horretan parte hartu nahi duten langileek hainbat baldintza bete beharko dute. Baldintza horien artean jarduneko zerbitzuan egotekoa dago baita bere lan-unitatean gutxienez urtebete bat bete dutela egiaztatzea ere.
Lurraldearen arabera eginiko azterlan batek erakutsi du telelanaren modalitatea hartu dutenen ehuneko gehiena Gipuzkoakoak direla, izan ere, guztira 12 lagunek hartu baitute. Bigarrena Bizkaia dugu non guztira 11 lagunek hartu duten; eta, azkenik, Araba non sei langilek hartu duten.
Lanpostu motaren arabera, telelan modalitatea hartu dutenak honako eremu hauetakoak dira:
- Itzultzaileak: 8 lagun (%28a).
- Lege-aholkulariak: 6 lagun (%21a).
- web kudeatzea: 5 lagun (%17a).
- Terminologoak: lagun 1 (%3a).
- Bestelako teknikariak: 9 lagun (%31a).
Administrazioak beharrezko baliabideak jarriko ditu telelan modalitatean lanpostua bete ahal izateko:
- Ordenagailu pertsonal eramangarri bat (baldin eta beharrezkoa bada).
- ADSL linea bat.
- Telefono mugikor bat (baldin eta beharrezkoa bada).
- Sailaren informatika aplikazioak sartzeko bidea.
Kasu ematearren, telefonoko linea bat jarriko zaie telenari atxikitakoei zerbitzuaren gorabeheren berri jaso eta emateko aukera izan dezaten. Hautatzen diren pertsonek bete beharko dute datu pertsonalei eta isilekotasunari buruz indarrean dagoen legedia.
Gainera laneko segurtasun eta higieneari buruzko eskuliburu bat emango zaie eta Laneko Arriskuen Prebentzioko Zerbitzuaren laguntza eta telefonoz haren aholkularitza ere jaso ahalko dituzte.
Langileak nahiz berorren Zerbitzuko buruak prestakuntza jaso dute honelako gai hauetan: datuen babesa, lan-arriskuen prebentzioa eta helburuen araberako kudeaketa. Gainera, telelana nola garatzen ari den jarraitzeko helburuz tresna bat diseinatu da esperientzia kualitatiboki nahiz kuantitatiboki baloratzeko.