Azken eguneratzea: 2011/09/26
Zallako hondakin ez-arriskutsuetarako instalazioa da EMAS erregistroa eskuratu duen Euskal Herriko lehen hondakindegia
Cespa Conten SA Stop CO2 Euskadiko erakunde elkartuak Zallako hondakin ez-arriskutsuetarako bere instalazioa EMAS ingurumen-erregistroan Ingurumena Kudeatzeko eta Ikuskatzeko Europako Batasuneko Sistema inskribatzea lortu du; hala, ingurumen-bikaintasuneko ziurtapen hori eskuratu duen Euskal Autonomia Erkidegoko lehen hondakindegia izan da.
Cespa, Ferrovial taldearen filiala eta Stop CO2 Euskadiko Plus Bazkidea, jasangarritasunaren alde eta berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko ari da etengabe lanean. Horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak Zallako hondakin ez-arriskutsuetarako instalazioa EMAS erregistroan inskribatzea lortu du.
Aintzatespen hori dela eta, EMAS erregistroa eskuratzen duen Euskadiko lehen hondakindegia Zallakoa izatea lortu du Cespak. Erakunde baten ingurumen-eragina ebaluatzeko eta kudeatzeko aukera ematen du horrek.
Horrez gain, hainbat ekintza garatzen segitzen du Cespak, ingurumenaren gaineko bere eragina gutxitzearren. Besteak beste, 2011n aurreko urtearekiko % 2 murriztu nahi ditu berotegi-efektuko gasen isuriak, hondakindegietan sortzen den biogasa biltzeko eta kudeatzeko sistemak hobetuta. Bere karbono-aztarna kalkulatzen ere segituko du, Ferrovial taldean erabiltzen den prozedurari jarraiki.
Ingurumenaren gainean sentikortzeari dagokionez, berriz, energia arduraz kontsumitzeari buruzko kontzientziazio-kanpaina bat eta ibilgailu eta makinen gidariei eraginkor gidatzeari buruzko ikastaro bat daude aurreikusita.
Azkenik, komunikazioaren alorrean, Cesparen Jasangarritasun Memoria banatuko zaie interes-talde guztiei, eta http://www.cespa.es/ webgunean 2010 Ingurumen Adierazpena argitaratuko da, Zallako hondakin ez-arriskutsuen instalazioak EMAS erregistroa lortzea ekarri duena, hain zuzen.