| Azken eguneratzea: 2000/12/20 |
| Bizitzeko eskubidea eta pertsona guztien askatasunak defendatzeko konpromiso etiko bat (2000ko abenduak 20) |
| |
|
|
|
"Gizabanako orok badu bizitzarako, askatasunerako eta bere buruaren segurtasunerako eskubidea"
(Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 3. art.)
Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren espirituaren eta bertan bildutako oinarrien errespetutik, eta indarkeria irmoki gaitzesten dugula eta gizabanakoen askatasunen defentsarekin konpromisoa dugula adierazteko helburuz, Gernikan bildu diren gure Herriko ordezkarien aurrean, guretzat Bake, askatasun eta tolerantziaren sinboloa den Arbolaren ondoan, Lehendakari naizen aldetik, eta euskal gizartearen gehiengoaren iritzi ozena azaldu nahian, pertsona guztien bizitzarako eskubide eta askatasunen aldeko Deklarazio Etiko hau irmotasun osoz egin nahi dut.
|
|
Bakea, Giza Eskubide Unibertsala
Euskal gizarteak denbora luzeegia eman du indarkeriazko egoera jasanezin baten ondorio izugarriak sufritzen; egoera horrek, min eta sufrimendua ereiteaz gain, herri guztien erreferente nagusia izan behar duten bizikidetzaren oinarri etiko eta moralen degradazioa eragiten du. Elkarrekin Bakean bizitzea funtsezko oinarria eta ezinbesteko baldintza da, pertsonen gainontzeko eskubide eta askatasunen erabilpena bermatzeko. Azken batean, Bakea oinarrizko giza eskubidea da. Bakea gure helburu nagusia da, gure erantzukizun indibidual eta kolektiboa, gure gizarteak duen eskubidea. Euskaldunok Bakerako giza eskubidea aldarrikatzen dugu.Guretzat eta herri guztientzat aldarrikatzen dugu, eta Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean Bakerako eskubidea sartzeko martxan jartzen diren ekimen guztien aldeko konpromiso aktiboa berresten dugu.
|
|
Euskal Herriak Bakerako eskubidea du
Euskal Herriak eskubide osoa du bere etorkizuna Bakean eraikitzeko. Etorkizun horretan, denok izan behar dugu tokia. Bertan, gorroto, inposaketa eta ezinikusiaren ordez, adiskidetzea, tolerantzia eta elkarrekiko errespetua nagusitu behar dira. Gure etorkizuna, errespetutik eraiki nahi dugu, eta berea den eta maite duen Herri honentzat, norberak nahi duena pentsatu eta adierazteko askatasunaren defentsatik eraiki nahi dugu, horregatik, hilketa, hertsapen, txantaje, edo bere osotasun fisiko eta moralaren aurkako mehatxurik sufritu gabe. Etorkizun hori, Herri bakezale, langile, ireki eta solidario honen borondatea errespetatuz eraiki behar da. Gure Herriak indarkeria gaitzesten du, eta ETAri bizitza errespetatzea eta borroka armatua behin betirako uztea exijitzen dio. Gure Herriak ETAri eskatzen dio gatazka politikoen konponbidea oztopatzeari uztea, arazo horiek hiritarren konpetentzia eta beraiek zilegitasunez hautatzen dituzten ordezkarien eskumen esklusiboa direlako. Herri honetako herritarrak izanik, "Bakean eta askatasunean bizitzeko" dugun eskubidea eta pertsona guzti-guztien bizitza eta duintasuna errespetatzea aldarrikatzen dugu. Denok batera oihukatu nahi dugu gure gizartean indarkeriak ez duela tokirik. Ondorengo belaunaldiei eskaini diezaiekegun oparirik onena Bakea da. Guri dagokigu, beraz, benetako "Bakearen kontzientzia" eraikitzeko erantzukizuna, indarkeria eta intolerantziazko eszenatoki hau aldatu eta elkarrizketa, adiskidetasun eta bizikidetza nagusi dituen bestelako eszenatoki bihurtzeko.
|
|
Bakea eta Egitasmo Politikoen aniztasuna
Bakea ezin da lortu egitasmo zehatz bat besteen gainetik indarrez inposatuz, norbanakoen askatasuna defendatuz baizik, gure artean dauden egitasmo guztiak era demokratikoan defendatu eta garatu ahal izateko, aukera berdintasunean. Berriz ere esan behar dugu Bakea ez dagoela inolako egitasmo politikotan, proiektua lortu eta defendatzeko eran baizik. Ikuspuntu horretatik, demokraziaren aurkako inposaketa jasan ezina da ETAk indarkeriaren bukaera bere egitasmoa lortzearen baldintzapean jartzea, euskal hiritar gehienen borondatea kontuan hartu gabe; era berean, demokratikoki ezin da onartu, ETAren desagerpenaren baldintza ezartzea pertsona bakoitzaren zilegizko egitasmoak defendatu eta gauzatu ahal izateko. Ez da zilegi hiritarrak beldurtzea, bere askatasunari uko egin diezaioten, Bakean uztearen truke; ezta demokraziaren erabilpena atzeratzea ere, Bakea lortu arte; zeren, horrela egiten badugu, erreferente politikoa, gure oraina eta geroa definitzeko lema alegia, ETAren esku uzten ari baikara. Justizian oinarritutako Bake irmo eta iraunkor baten eraikuntza, ezin da murriztu eta identifikatu, inolaz ere ez, kontrakoaren ezabaketa soilarekin edo indarkeriarik ezarekin. Benetako Bake prozesu sendo bat, pertsonen eta Herrien duintasuna eta askatasuna errespetatzeko norbanakoen konpromisotik eta borondate kolektibotik sortu behar da.
|
|
Bakea justizian eta demokrazian oinarritu behar da
Justiziak eta demokraziak eutsitako Bakea bakarrik da koherentea pertsona eta herrien duintasun eta askatasunarekin. Ez dago gizarte justurik, ideiak eta egitasmo politikoak gizabanakoen bizitza eta duintasunerako eskubidea urratuz defenda daitezkeela onartzen duenik. Eta demokratikoa izan nahi duen gizarte bat ezin da eraiki, gizarte horretarako zenbait kidek edo gizataldek kanon eta bizikidetza-arau baketsuen barrutik soil-soilik defendatzen dituzten helburu politikoak ezeztatu, gauzatu ezin direla edo ezinezkoak direla dioen ideia abiapuntutzat hartuta. Horregatik guztiagatik, elkarrizketaren bidea egokiena da bake prozesu bat garatzeko; hau da, adostu eta gureganatu, justizian eta demokrazian sostengatu, eta euskal hiritarren erabaki librearen adierazpena den egitasmo batean oinarritutako bake prozesu bat garatzeko, hain zuzen ere.
|
|
Pertsonen eskubideak, herrien bizikidetzaren oinarria
Pertsonen eskubideak herrien bizikidetzaren oinarriak dira; eta, horregatik, ezinbestean onartu eta defendatu behar dira ondorengo jomuga politikoen lorpen errealak alde batera utzita. Helburu politiko hipotetiko bat lortu arte, Giza Eskubide hauen onarpen eta benetako errespetua indarrik gabe uztea, pertsonak eta bere duintasuna erabiltzea da, eta horrela, defendatu eta lortu nahi den helburua prostituitu egiten da. Herrien eskubideak eta bere politika eta administrazio-eraketa egokia ulertzeko moduan dauden desadostasunek ezin diote, inola ez, zilegitasunik eman pertsonen aurka burututako indarkeriari, pertsonen oinarrizko eskubideak herriak justiziaz antolatzeko oinarria direlako. Horregatik, gizarte-bizikidetzaren printzipio eta arau batzuen indarra errebindikatu nahi dugu; azken batean, printzipio eta arau horiek gizarte guztiek bermatu behar dituzte, eskubide naturalak direlako eta giza egoerari dagozkiolako. Bizitzarako, osotasun fisikorako, askatasunerako eta ideiak, arraza, sexu, erlijio edo bestelako arrazoiengatik baztertua ez izateko eskubideak, pertsona guztien ukaezinezko eskubideak dira, eta gizarte demokratiko eta aurreratu batean legezkotasun, seguritate, aurrerakuntza, ongizate eta elkartasun baldintzapean babestu eta erabili behar dira. Eskubide horiek guztiek izan beharraren kategoriak ordezkatzen dituzte eta herri-agintariok eta gutariko bakoitzak, herritarrak garen aldetik, errespetatu, bermatu eta sustatu behar ditugu, gizarte justuago, solidarioago eta, azken batean, bihozberagoa lortzeko. Eskubide horiek euskal gizartearen iparra eta helmuga dira. Betidanik gure Herriari norabidea eman dioten erreferentziako baloreak dira, eta gure jarduera politiko eta soziala zuzentzen jarraitu behar dute, gizabanako eta gizatalde gisa ditugun erantzukizunetan egunero aritzen garenean.
|
|
Euskal Herria, giza duintasunaren errespetuan finkatzen da
Izan ere, Euskal Herriaren zentzu historikoa giza duintasunerako errespetuan finkatzen da. Bere aintzatespena gure Foruetan adierazia, hain antzina eta argia da, ezen konstituzio askoren aurrekaritzat hartu izan baita. Horrela, agerian geratzen da Bizkaiko Foru Berriaren XXVI. Lege famatuan. "Euskal Habeas Corpus-a" izenez ezagutzen den ebazpen honetan azaltzen denez, eskuduntza duen epailearen agindurik gabe, inor ezin izango da atxilotua izan. "... Que ningún prestamero ni ejecutor alguno sea osado de prender a persona alguna, sin mandamiento de Juez competente..." , edo-ta XII. Legea aipatu daiteke. Orain dela bost mende, Gernikako Arbolaren azpian, gure Herriaren ordezkariek hitzartu zuten hirritarrak ezin zitezkeela izan tortura-gai. "... Que a vizcayno alguno no se dé tormento alguno, ni amenaza de tormento, directa ni indirecta, en Vizcaya, ni fuera de ella en parte alguna". Honelako ebazpenak eten gabe errepikatu dira euskal kode guztietan, eta aditzera ematen digute gure Herriak, pertsonen duintasun eta askatasunaren errespetua, erreferente historikotzat hartu duela.
|
|
Aniztasunaren aintzatespen eta onarpena
Euskal gizartearen aniztasuna errebindikatu nahi dugu abiapuntu aberasgarri gisa; eta, horregatik, gure artean zilegitasun osoz dauden ezadostasunei ekiteko, elkarrizketaren beharra baieztatzen dugu, elkarrekiko tolerantzia eta errespetuan oinarritutako guztiontzako etorkizunaren eraikuntza bermatzen duen tresna gisa. Hori dela eta, gaur bildu gara, gizarte anitz batean ohi denez, gure artean dauden bidezko ezberdintasunen gainetik, oinarrizko premisa batzuetan ados gaudela adierazteko. Oinarrizko Premisak:
Indarkeriak pertsonen oinarrizko eskubideak larriki urratzen ditu, gizarte osoaren aurkako agresioa da eta bizikidetzarako edozein sistemaren oinarri etiko eta moralei zuzenean erasotzen die.
Gure Herriak ezin du, ez du nahi, bakerik gabe bizitzera kondenatuta egon. Indarkeria ankerra da, giza duintasunaren aurkakoa. Mina sortzen du, eta gorrotoa ereiten du. Argi eta garbi baieztatu nahi dugu, Mahatma Gandhirekin batera, "ez dagoela bakerako biderik, bidea bakea bera dela".
Gatazka politikoak elkarrizketa, elkarrekiko errespetu eta tolerantziatik bakarrik konpon daitezke, politikak eta demokraziak herrien borondatea eratzeko dituzten tresnak soilik erabiliz.
|
|
Gure konpromiso etikoa
Premisa horietan oinarriturik, bizikidetzaren edozein arazori konponbidea emateko, gizartearen parte izanik dugun eginkizunaz konbentzituta, ekitaldi sinboliko honetan,
- Pertsona guztien eskubide eta askatasunak defendatzeko dugun konpromiso etiko eta zibikoa azaldu nahi dugu.
- Injustiziaren aurka jaiki nahi dugu eta salatu nahi ditugu:
Terrorismoak bere postulatu totalitarioen aurkakoak diren pertsona eta gizataldeen kontra burutu dituen hilketak, giza eskubide oinarrizkoena, bizitzarako eskubidea alegia, urratzen dutelako.
Estortsio eta txantaje ekonomiko eta moralak, mehatxu fisikoak eta, oro har, askatasuna mugatu eta pertsonen seguritatearen aurkako erasoa den jazarpen-indarkeria.
Bere egitasmo politikoak besteei inposatzeko, beldurra eta erasoa erabiltzen dituen intolerantzia.
Adierazpen eta pentsamendu askatasunaren aurkako atentatuak, bide bakezale eta demokratikoen bitartez defendatzen diren bidezko ideiak kriminalizatzea lortu nahi dutelako.
Eta pertsona guztien giza eskubide ororen bortxapen guztiak.
Egoera horien guztien aurrean, euskaldunontzat Bake eta Askatasunaren sinboloa den Gernikan bildurik, euskal gizartearen Lehendakari eta bere ordezkari naizen aldetik, modu solemnean aldarrikatu nahi dut:
Lehena. - Gure konpromisoa, elkarbizitza sozialaren oinarriak diren bizitzarako eskubide eta pertsona guztien askatasunen defentsarekin, eta, horren ondorioz, edonolako indarkeriaren gaitzespena. Gizabanako guztien eskubide bortxa ezinak, bere osotasun fisiko eta morala eta bere adierazpen askatasuna errespetatzea, oinarri sendo bakarra baita benetako giza bizikidetza eta zilegi diren egitasmo politiko guztiak ezartzeko.
Bigarrena. - Gure konpromisoa, gure hirikide guztien eskubide eta askatasunen erabilpena defendatu eta bermatzeko. - Askatasuna, koakzio, jazarpen eta hilketaren mehatxurik gabe bizitzeko, euskal hiritar guzti-guztiei, inolako salbuespenik gabe, pertsona bezala dagozkien giza eskubide guztien erabilpena gure gizartean berma dakien. - Askatasuna ere, ideietarako, ideia guztietarako. Aukera-askatasuna, pentsatzeko askatasuna, hautatzeko askatasuna eta erabakitzeko askatasuna, inposaketa eta txantajerik gabe. - Askatasuna, egitasmo guztiak defendatu eta, hala balegokie, gauzatu ahal izateko, bakarrik bide politiko eta demokratikoak erabiliz.
Hirugarrena. - Gure konpromisoa, indarkeria, intolerantzia eta terrorismoaren ondorioak, bere azalpen guztietan, sufritu eta sufritzen dituzten pertsona guztiei elkartasun aktiboa eta begiramen etiko, politiko, sozial eta materiala azaltzeko. Biktimei elkartasun eta hurbiltasuna adieraztea, gizartearen ezinbesteko bete beharra da, ausardi osoz defendatu nahi dugun giza duintasunaren halabeharrezko ondorioa delako.
Laugarrena. - Gure konpromisoa, pertsonen askatasun eta seguritatea defendatzeko zuzenbidezko estatu batek zilegitasunez bere esku dituen neurriez gain, indarkeriari elkarrizketaren bidez bukaera emateko, normalizazio politikoa lortzeko eta gure gizartea adiskidetzeko behar diren baldintzak sor ditzakeen ekimen guztiak aurrera eramateko.
Bosgarrena. - Gure konpromisoa, elkarrizketa eta indarkeriarik ezarekin. Euskal gizarteak ez diolako inori eskatzen bere ideiei uko egiterik; aitzitik, politika eta demokrazia soilik erabiliz defendatzea exijitzen dio.
Seigarrena. - Gure konpromisoa, mundu osoari Gernikako Deklarazio hau zabaldu eta jakinarazteko, horrela, Euskal Herriaren benetako iritzia mundu osoan ezagut dadin, hau da, historian zehar Bake, Askatasun, Justizia eta Giza Duintasunaren aldeko konpromiso sendoa azaldu duen Herri ireki eta solidarioa ezagut dadin.
|
|