Gaur sinatutako hitzarmenaren xedea da, Txingudi saskibaloi elkarteko nesken taldeak, kirolaren bidez, publikoki sustatu, zabaldu eta laguntzea, ETS Txingudi inguruan eta Gipuzkoan egiten ari den proiektuak eta obrak; batez ere, trenbide-sare berriaren, Euskal y-aren eraikuntzari dagozkionak.
Txingudik 100.000 € jasoko ditu 2009-2010 denboraldian.
Ordainetan, Txingudik AHTren irudia jarriko du jokalarien praketan, kirol-instalazioetan, webgunean, partiden berri emateko prentsako iragarkietan eta eguneko partiden datuekin ikusleei banatzen zaien orrian.
Hitzarmena denboraldi baterako izango da, baina denboraldika luzatzeko aukera izango da.
Arriolak esan duenez, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak oso ondo daki zer-nolako zailtasunak dituzten kirol-taldeek aurrera jarraitzen utziko dieten finantzaketa lortzeko. Horregatik, Garraio Sailak, ETSren bidez, erabaki du kirol-taldeei finantza aldetik laguntzea.
Arriolak azpimarratu du, era berean, Gobernuak trenari behin betiko bultzada eman nahi diola. “Uste dugu trena garraiobide ezin hobea dela, erosoa eta iraunkorra baita. Eta espero dugu gainera, azkarra izatea eta trenak sarri-sarri ibiltzea. Horregatik, abiadura handiko trenari bultzada ematea erabaki dugu, (horrek Euskadi modernizatzen lagunduko duelako), baina era berean, aldirietako trena hobetzen eta Donostialdeko metroa eraikitzen ari gara” esan du sailburuak.
Gainera gogorarazi du, Donostialdeko metroaren barruan Irungo linea Hondarribiaraino eramatea erabaki dela, eta horrekin Hondarribia eta Irun elkarrekin lotzeaz aparte, Donostialde osoarekin eta Donostiarekin berarekin lotuko dela. “Horrek ikaragarri hobetuko du hondarribitarren bizi-kalitatea, itxura guztien arabera, hiru geraleku izango baitituzte gainera: erdialdean, aireportuan eta hondartzan”.
Datorren urteko udaberrirako informazio-azterlanaren emaitzak prest izango dira, eta obraren ezaugarri teknikoak zehatzago azaltzeko modua izango da.
Sailburuak eskerrak emango dizkio Txingudiri, abiadura handiko trena bultzatzen laguntzeagatik. “Guretzat oso garrantzitsua da, Txingudiko nesken taldearen gisara, herritik sortu eta gizartean erro sakonak izanik, kirol mailan hainbesteko maila lortu duen talde batek bere izena abiadura handiko trenaren izenari lotzea, eta herri honen irudi modernoa kaleratzen eta Euskadik aurrera egiteko funtsezkoa izango den proiektu bat bultzatzen laguntzea”.