Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren eta Lan Harremanen Kontseiluaren “funtzionamendu ezari” buruz iazko ekainetik irekita dagoen gogoeta-prozesuaren emaitzen berri eman die gaur Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Legebiltzarreko Lan, Gizarte Politika eta Berdintasun Batzordeko kideei. Gogoeta horren arabera, “beharrezkoa da funtsezko erreforma egitea, batetik, igarotako denboragatik eta sorreratik izandako aldaketengatik, eta, bestetik, lortutako emaitza eskasengatik eta iraganeko blokeatzeengatik. Hori guztia etorkizunean funtzionamendu hobea bermatzeko”.
Iazko ekainaren erdialdean Gemma Zabaletak konpromisoa hartu zuen legebiltzarreko batzordeko kideen aurrean, bi partaidetza-organoetako bakar batek ere egun “sorrerako eginkizunak zergatik ez dituen behar bezala betetzen” argitzeko diagnostikoa egiteko. Haien eraginkortasun ezaren arrazoia, batez ere, erabakiak hartzeko sistema da, txostenei buruzko bozketak egiterakoan blokeatzeak errazten baititu.
Bi erakunde horien jarduera hobetzeko sailak dituen proposamenak iradoki zituen Zabaletak. Proposamen horiek, bereziki, erabakiak hartzeko prozedura hori aldatzeko dira; izan ere, sistema hori LHK eta EGK osatzen dituzten blokeetako bakoitzean gehiengoak lortzean oinarritu da orain arte. Sistema horrek betoaren erabilera eta ondorengo blokeatzea erraztu ditu txostenak onartzerakoan. Horregatik, EGKn kide guztien baterako bozketa ezartzearen alde agertu zen sailburua; baita LHKn ere, lanbide arteko akordioak hartzeko izan ezik, kasu horietan egungo sistemak jarraituko bailuke.
Gemma Zabaletaren iritziz, “larria da gizarte demokratiko batentzat elkarrizketa-, partaidetza- eta topaketa-organoak izatea, hain zuzen ere, haien ezintasunagatik herritarrari huts egiten diotenak”. Gogorarazi behar da LHKren aurrekontua 2.544.000 eurokoa dela, eta EGKrena 1.791.000 eurokoa.
Proposamenen diagnostikoa egiterakoan, EGKri eta LHKri buruz sailburuak azpimarratu zuenez, bi erakundeen arteko izaera eta eginkizunak oso desberdinak izan arren, bi erakundeak gainjarri egin dira kontsulta-eginkizuna garatzerakoan. “EGK-k kontsulta-izaera izan behar du, gizarte- eta ekonomia-gaietan soilik, eta LHK-k bi alderdien (eta, hala dagokionean, hiru alderdiren) arteko bilgunea eta akordiorako lekua izan behar du, lan-arloko gaien inguruko kontsultarako soilik”. Horrez gain, lege desberdinetan beste sektore-kontseilu batzuei ematen zaizkien kontsulta-ahalmenak ere bere gain hartu litzake EGK-k.
Akordioak hartzeko sistemari dagokionez, blokeen araberako gehiengoen sistemak ez EGKn ez LHKn funtzionatu ez dutela ikusita, sailak prozedura aldatzeko asmoa du; horren arabera, erabakiak hartzeko nahikoa izango da kontseilua osatzen dutenen gehiengoa lortzea. LHKren kasuan, sistema hori baliagarria izango litzateke kontsulta-eginkizunerako, baina egungo sistemari eutsiko litzaioke (sindikatuen eta enpresaburuen blokeetako gehiengoa) lanbide arteko akordioak erdiesteko orduan.
Horrez gain, egiaztatu da EGKren funtzionamendurako barne-erregelamendua luzeegia eta zorrotzegia dela, eta horrek txosten-eskaerei epearen barruan erantzutea galarazten duela. Berez, sailburuaren arabera, “urtean ez da zazpi irizpen baino gehiago ematen, eta urte batzuetan kopuru horren azpitik geratu da, alde handiz”. Horregatik, txostenak eta irizpenak emateko metodologia arinagoa proposatzen da.
EGKren egungo osaerari dagokionez (enpresaburuak, sindikatuak eta bestelako erakundeak), gizarte-ordezkaritza nahikoa ez dagoela antzeman da; horregatik, kideen kopurua eta esleipena aldatzea eta egun ordezkatuta ez dauden taldeetara zabaltzea proposatzen da (gizarte-taldeak, gobernuz kanpoko erakundeen sareak eta elkargo profesionalak). LHKri dagokionez, gizarte-elkarrizketa trinkoa garatzea helburu duen sindikatuen eta enpresaburuen arteko alde biko topaketa eta hitzarmenerako organo parekidea dela kontuan izanik, “erakundeak Administrazioaren, enpresaburuen eta sindikatuen arteko elkarrizketarako organo gisa duen ekintza-marjina zalbaltzeko formulak ezarri beharko lirateke”.
“Gure ustez, LHK-k bere izaera ireki eta paritarioa izaten jarraitu behar du, baita Gobernutik juridikoki eta funtzionalki independentea ere. Hala eta guztiz ere, gure ustez komenigarria da jarduera-esparrua zabaltzeko formulak bilatzea, Gobernuak lan-arloan esklusiboki sustatzen dituen ekimenak adosteko prozesuan esku hartu dezan, Elkarrizketa Sozialeko Mahaia kokatzen den hiru alderdiko organo gisa eratuta”, gaineratu du Zabaletak, LHK-k lanbide-akordioen sustapen eta negoziazioan (PRECO) izan duen zeregina nabarmentzeaz batera.