Azken eguneratzea: 2013/02/05
EAEko gazteen indizea Europar Batasuneko batez bestekoa baino lau puntu baxuagoa da
EAEn gazte gutxiago egoteak gazteen eta nagusien arteko ratioa Europar Batasuneko azkena izatea dakar: 71 gazte daude 64 urtetik gorako 100 pertsonako.
EAEn 15 eta 29 urte bitarteko 310 207 gazte bizi dira. 310 207 gazte horiek EAEko biztanleria osoaren % 14,1a osatzen dute eta hori da “gazteen indizea” deritzoguna (biztanleria osoan dagoen 15 eta 29 urte bitartekoen proportzioa).
EAEko gazteen indizea Europar Batasuna osatzen duten 27 estatuena baino baxuagoa da, hau da, gure biztanleriaren piramidea Europar Batasuneko estatuena baino zaharkituago dago.

Izan ere, gure gazteen indizea (% 14,1) Europako batez bestekoa baino lau puntu baxuagoa da.
Azken hamaika urteotan gazteen indizearen bilakaera aztertuz gero (biztanleria osoan gazteek duten pisuak nolako aldaketa izan duen urte tarte horretan), ageri geratu da EAEn zazpi puntutako jaitsiera izan duela, beste edozein herrialdetan baino jaitsiera handiagoa. Europar Batasuneko indize orokorra (EB osatzen duten 27 estatuen batez bestekoa) bi puntu eskas jaitsi da.

EAEk izandako jaitsiera nabarmenaren atzetik datoz Espainiarena, Portugalena, Greziarena eta Txekiar Errepublikarena (estatu hauetan ere jaitsierak bost puntutakoak baino handiagoak izan dira). Aitzitik, Zipren, Suedian eta Erresuma Batuan gazteen indizeek gorantz egin dute (puntu bat eta bi artean).
Zergatik jaitsi da horrenbeste EAEko gazteen indizea?
EAEko gazteen indizea nabarmen murriztu da azken urteotan gero eta gazte gutxiago daudelako (2001 eta 2012 artean ia 150 000 gazte gutxiago daude). Biztanleria osoa, aldiz, ez da murriztu, baizik eta pixkanaka-pixkanaka handitu da; beraz, biztanleria osoan gazteek duten pisua gero eta txikiagoa da.

Gazteek biztanlerian gero eta pisu txikiagoa izatea oso ageri geratzen da 15 eta 29 urte bitarteko gazteen eta 64 urtetik gorako nagusien arteko ratioa kalkulatzen dugunean. 2001ean 122 gazte zeuden 100 nagusiko; 2012an 71 gazte daude 65 urte eta gehiagoko 100 pertsonako.

Horrek belaunaldien arteko ordezkapen egokia lortzeko arazoak dakartza eta ondorio sozial eta ekonomiko izugarriak izango ditu, bai laguntza edo asistentziaren aldetik bai pentsioen sistema publikoaren bideragarritasunaren aldetik. Gazteen okupazio tasari erreparatuz gero, arazoaren larritasuna areagotzen da: 2012an 16 eta 29 urte bitartekoen okupazio tasa % 37,7koa izan da, hau da, adin horretako gazte guztien artean, bakarrik % 37,7k lan egiten dute.
Aurreko datuok, Europar Batasuna osatzen duten 27 estatuetakoekin alderatuz gero, berresten dute EAE dela gazteen eta nagusien arteko ratiorik txikiena duen lurraldea eta, ondorioz, populazio aktiboa ordezkatzeko potentzial gutxiago duena.

Datu hauek Gazteen Euskal Behatokiak landu eta aztertu ditu, INEk (Espainiako estatistika institutua) eta Eurostatek (Europako estatistika bulegoa) biztanleriari buruz zabaldutako datuak eta Eustatek lan merkatuari buruz emandakoak oinarri hartuta.
Indize eta ratio horiek EAEn izandako bilakaera Gazteen Euskal Behatokiaren estatistiketan kontsulta daitezke.