Azken eguneratzea: 2011/05/05

Maiatzaren 6an ospatuko den arrantza azokak tokiko produktuaz gozatzeko

Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuorde Jon Azkuek parte hartuko du jardunaldiaren inaugurazio ekitaldian

Parrillan prestatutako antxoaren usaina Getaria osoan zehar barreiatuko da datorren ostiralean, maiatzak 6, Antxuaren Eguna ospatuko baitu udalerriak lehen aldiz. Jardunaldian zehar, baita asteburuan ere, ekintza anitz egingo dira Kantauri itsasoko produktu hori dastatzeko eta horren balioa handitzeko. Getariako festak bat egingo du Eusko Jaurlaritzak FROM-ekin batera (Fondo de Regulación y Organización del Mercado de los Productos de la Pesca y Cultivos Marinos) martxan jarri berri duen sustapen kanpainarekin, ‘Iritsi da Kantauri Itsasoko altxorra’ leloduna.

Ekimen horren helburua, Kantauri itsasoko antxoak azken 5 urte hauetan arrantzaldiaren itxieragatik galdu duen tokia berreskuratzea da bai plazatan, arrandegietan, jatetxetan zein etxeko sukaldetan. Gure produktuaren kalitatea guztiz onartua dago eta orain guri dagokiguna arrantza denboraldiaren eta “kantauri itsasoko altxorraren” kontsumoaren normalizazioaren alde arduratsu lan egitea da” azpimarratu du Jon Azkue Arrantza sailburuordeak.

Euskal Autonomia Erkidegoan 2011n zehar egingo den arrantza azoken artean lehenengoa izango da Antxua Eguna. Getariako festa Euskadiko Arrantza Azokak proiektuaren barne dago, eta arrantza sektorea bultzatzea zein horretan lan egiten duten emakumeak eta gizonak aintzat hartzea da horren xedea.

Inaugurazio ekitaldia

Antxoaren eta txakolinaren kontsumoa sustatu nahi ditu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailak, Getariako Udalak eta Elkano Arrantzale Kofradiak bultzatutako azokak. Horretarako, ekintza ugari antolatu dituzte eta 10:00etan ekingo diote ospakizunari Elkano Kofradian egingo den jardunaldi teknikoarekin. Bertan izango da Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuorde Jon Azkue, Kofradiako presidente Emeterio Urrestirekin batera.

‘Zilarrezko Antxoa’

Nabarmentzekoa da, gainera, arratsaldean egingo den sari-banaketa, 17:30ean udaletxeko ekitaldi aretoan. Horrela, aipamen berezia egin nahi zaie antxoa publikoki sustatzen lagundu duten bi pertsonari eta entitate bati.

‘Zilarrezko antxoa’ saria jasoko dute:

  • Gastronomia atalean: Luis Irizar sukaldaria
  • Kontserbaren arloan: Euskal Kostaldeko Kontserbero Artisauen Elkartea
  • Antxoa freskoari dagokionean, Itziar Etxeberria. Getariako antxoa saltzen du Zarauzko merkatuan.

Jaiaren osagarri gisa hitzaldiak, lonja eta hainbat kontserba-enpresa ezagutzeko bisita gidatuak, baita hamaiketakoa eta bazkaria ere egingo dira, herriko hainbat jatetxetan. Halaber, antxoak parrillan, frijituta eta gazituta jateko aukera izango da, txakolinarekin batera. Musikak presentzia handia izango du festan. Gure Txeru dantzari taldeak ikuskizuna eskainiko du arratsaldean Gazte Alaiak taldeko txistulariek lagunduta, eta Egan-en dantzaldia egongo da ondoren.

Bestalde, azpimarragarria da herriko sei tabernak martxan jarri duten ekimena. Bi euroren truke, txakolin kopa eta antxoa pintxoa, establezimendu bakoitzean ezberdina, eskainiko dute. Eskaintza maiatzaren 1ean eman zuten lehenengo aldiz eta hilabete honetako 8, 14, 21 eta 28an ere eskuragarri egongo da.

Egitaraua ikusi (pdf 111 Kb)