Azken eguneratzea: 2013/06/13
Euskara da eremu urrikoen artean hizkuntzarik txiokatuena
Twitter harreman sarean, eremu urriko hizkuntzen artean, euskara da erabiltzaile eta txio gehien duen hizkuntza, Missouriko San Luis Unibertsitateko irakasle batek egin duen ikerketaren arabera.
Missouriko San Luis Unibertsitateko Kevin Patrick Scannell irakasleak indigenoustweets.com atarian twitter harreman sarean erabiltzen diren eremu urriko hizkuntzen sailkapena egin du. Hala, 150 hizkuntzen arteko sailkapenean euskarak du erabiltzaile eta txio gehien. Hain zuzen ere, aurtengo ekainaren 9an euskarak 17.000 erabiltzaile zituen twitterren eta guztien artean lau milioi txio baino gehiago idatzi zituzten. Hala jaso du ikerketak.

Txio kopuruei dagokionez, euskara da lehena (4.156.081 txiorekin) eta honakoak datoz atzetik: Haitiko kreolera (3.552.162 txio), galesa (2.200.662 txio) eta Filipinetako kapampangana (1.354.579 txio), hurrenez hurren.
Missouriko ikertzaileek nabarmendu dute euskaldunak milioi bat hiztun baino gutxiago garela eta Haitiko kreolerak, esaterako, 8 milioi hiztun dituela. Hortaz, emaitza hauek euskararen bizi indarraren eta euskarak teknologia berrietan duen presentzia handiaren isla dira.