Iñaki Arriolak: "Trenbide-azpiegiturak genero-ikuspegitik jorratzeko unea da"

Arriola_Sanchez_premio_Matilde_Ucelay.jpg

2022-09-13

  • Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroaren eskutik, Matilde Ucelay saria jaso du, Euskal Trenbide Sareari emana ‘Genero-ikuspegia duten euskal trenbide-sareko geltokiak diseinatzeko irizpideen liburu zuria’ proiektuagatik
  • ETSrekin batera, Dolores Hayden arkitekto estatubatuarra eta Galiziako Errepideko Salgaien Garraio Enpresa Elkartearen Fundazioa saritu dituzte

 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak, Euskal Trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vasca (ETS-RFV) erakundeko presidente gisa, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministro Raquel Sánchezen eskutik, Matilde Ucelay saria jaso du astearte honetan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko proiektu honengatik: ‘Genero-ikuspegia duten euskal trenbide-sareko geltokiak diseinatzeko irizpideen liburu zuria’-gatik.

ETSk sari honetako hiru kategorietako bat irabazi du, eta astearte arratsaldean banatu da Madrilen. Erakunde publikoarekin batera, Dolores Hayden arkitekto estatubatuarra eta Galiziako Errepideko Salgaien Garraio Enpresa Elkartea (Apetamcor) saritu dituzte.

Arriolak nabarmendu duenez, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila aspaldidanik ari da lanean genero-ikuspegia bere eskumeneko alderdi estrukturalenetan txertatzearren, besteak beste 2019ko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan eta pertsonen egunerokoan eragina duten araudietan, esaterako Euskadiko etxebizitza eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituen dekretu berrian.

Genero-ikuspegia gure oinarrizko araudiaren zati handi batean txertatuta dago”, nabarmendu du sailburuak, eta gogorarazi du lana dagoela oraindik egiteko. Alde horretatik, liburu zuriaren ekimen “aitzindaria” balioan jarri du, lortu egiten baitu garraioen arloan “orain arte bigarren mailan mantendu den errealitatea ikusaraztea, emakumeen mugikortasunean eta, beraz, euskal trenbide-zerbitzu osoan funtsezko hobekuntzak egiteko balioko duena”. “Trenbide-azpiegiturak genero-ikuspegitik jorratzeko unea da”, defendatu du.

Liburu zuria duela bi urte sortu zen, Euskal Trenbide Sareko geltokien egoeraren diagnostiko bat egiteko proposamenarekin, ETSko Berdintasun Taldeak bere laugarren Berdintasun Planaren esparruan planteatu zuen genero-ikuspegitik. Azterlan horrek 80 trenbide-geltoki baino gehiago eta 40 tranbia-geltoki inguru berrikustea ekarri zuen, eta liburu zurian jasotako hobekuntza-neurrietan eboluzionatu zuen. “Gidak gure instalazioen arazoak eta gune kritikoak diagnostikatzen ditu, baina irtenbide orokorrak eta espezifikoak ere proposatzen ditu”, azaldu du Arriolak. Aurtengo apirilean argitaratutako dokumentu honen helburua da pertsona guztiek modu seguru eta eroso batean erabili ahal izatea espazioak eta zerbitzuak, haien adina, generoa edo gaitasunak edozein direla ere.

Sailburuak gogorarazi du emakumeak direla garraio publikoaren erabiltzaile nagusiak, eta, zehazki, Euskotren trenbide-operadorearena, % 63, hain zuzen. Prozesu honetan zehar identifikatu diren alderdi sentikorrenak kontuan hartuta, besteak beste trenbide-pasaguneak, lurpeko pasaguneak, geltokiak, nasak eta tranbia-geralekuak, ETSk genero-ikuspegia txertatu du etorkizuneko azpiegituren diseinuan. Fokua irisgarritasunean, argiztapenean, ikuspenean eta garbitasunarekin edo langileen presentziarekin lotutako beste gai batzuetan jartzen ari da, baina baita udalekin lan egitean ere, geltokietarako sarbideak jorratzeko eta urbanizazioa hobetzeko, genero-ikuspegiaren irizpideekin.

Etorkizunari begira, geltokiez eta geralekuez gain, erakunde publikoak pixkanaka zuzendu nahi izan ditu dagoeneko eraikita dauden azpiegituretan genero-ikuspegitik antzemandako segurtasun-defizitak, eta milioi bat eurotik gorako inbertsioa egin du jarduera horietarako 2022an.

ETSren jardueratik harantz, argitalpenak ingeniaritzaren eta eraikuntzaren sektoreko profesionalen lana babestu nahi du, besteak beste, genero-ikuspegia duen eskuliburu bat izan dezaten.