Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa Radio Euskadin

2022-09-09

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Radio Euskadiko Boulevard saioan elkarrizketatu dute gaur goizean. Bertan, hezkuntza-arloko hainbat gai jorratu ditu, 2022-2023 ikasturte berriaren hasiera betean. Ikasturte hau, aurrekoak ez bezala, Covid-ari aurre egiteko protokolorik gabe hasi da, bai ordea ikasgeletan aplikatzeko gomendio orokorrekin.

Aurreko ikasturteetan ikastetxeetara bideratu diren Covid errefortzuei dagokienez, Bildarratzek adierazi du giza baliabide horiek mantendu egiten direla, baina behar berrietara egokituta eta profil berriekin. Berrikuntzako 970 arduradun aipatu ditu, hurrengo urteetan gertatuko diren aldaketez arduratuko direnak, eta horiei batzen zaizkien beste 107 orientatzaile eta aholkulari gehiago.

Ikasturte honetan etapa bakoitzeko maila bakoitietan indarrean sartzen diren curriculum berriei dagokienez, sailburuak adierazi du uda baino lehen – Ministerioaren curriculumak jaso ondoren – lan eskerga egin zela horiek egokitzeko, hezkuntzako profesionalen laguntzarekin, eta ikastetxeetara bidali zirela; beraz, horiek formalki onartzea baino ez da falta. “Baina ez da aldaketa handiagorik izango, ezta arazo handiagorik ere. Curriculumak esku artean ditugu”.

Ordezkagune aplikazio informatikoak iraileko bi egunetan izan dituen arazo teknikoez galdetuta, Bildarratzek argitu du ez dela langile faltaren arazoa izan, eta beste gogoeta bat azpimarratu nahi izan du: azken 40 urte hauetan lehen aldiz, uztailaren 15erako ikastetxe publikoetako ia plantilla guztiak osatuta egon direla. Azaldu duenez, arazo informatikoa irailaren 5ean eta 7an atera ziren 2.300 ordezkapenekin sortu zen. Egun horietako bakoitzean 680.000 eragiketa baino gehiago egin behar izan ziren, hautagai batzuek mila plaza baino gehiago eskatu baitzituzten ordezkapenak egiteko.

Ukrainako haurrak

Elkarrizketan zehar, Jokin Bildarratzek aurreko ikasturtean Euskadin eskolatu diren haur ukrainarren datuak eman ditu, baita aste honetan ikasturtea hasi dutenenak ere, euskal gizartea behar duen pertsona oro hartzeko erakusten ari den elkartasuna azpimarratuz. Joan den ikasturtearen amaieran 763 haur ukrainar zeuden euskal ikastetxeetan eskolatuta, eta ikasturte berri honen hasieran beste 118 eskolatu dira.

datozen lan eskaintza publikoei dagokienez, zehaztu du aurten 6.300 lanpostu baino gehiago deituko direla hainbat prozesutan, eta aurreratu du horietako lehena, merezimendu-lehiaketaren bidez garatuko dena, datozen asteetan argitaratuko dela. Aurrerago, Haur eta Lehen Hezkuntzako Kidegorako eta Sukaldeko eta Garbiketako langileentzako prozesuak deituko dira. «Plantillen egonkortasuna hezkuntzaren arrakastaren eta kalitatearen oinarrietako bat da, ikastetxeko proiektuak egin ahal izateko edo ikastetxe bat ahalduntzeko».

Hezkuntza Legea

Hezkuntza Saila Euskal Hezkuntza Lege berriaren testu artikulatuaren lehen zirriborroa amaitzen ari da, eta hilabete honetan lehen aurreproiektua argitaratzea aurreikusten du, ondoren herritarrei eta taldeei entzuteko epea hasteko. Bildarratzek adierazi du lege-proiektu hau udazken edo negu aldera Gobernu Kontseiluan onartzea aurreikusten dela, Legebiltzarrera bidaltzeko.

Gai horri buruz, sailburuak azpimarratu du testu horrek “Eusko Legebiltzarrak apirilaren 7an hartutako akordioarekin Eusko Jaurlaritzari eman zion agindua islatzen” duela, “legebiltzar-talde ezberdinetako legebiltzarkideen % 90 baino gehiagoren babesarekin”.  Gaineratu du akordio hark adierazten zituen  irizpide nagusiei jarraitzen diela, eta Legebiltzarrak datozen 12 urteetarako ezarri zituen 43 neurriak ere jasotzen dituela. Zentzu horretan, Jaurlaritzak hasieratik bilatu duen akordio zabal horren garrantzia nabarmendu du, berau osatzen duten alderdietatik haratago, “hezkuntza garrantzi bizikoa baita herri honen etorkizunerako”.