Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du elurragatik bihar, ostirala, egun osorako eta etzi, larunbata, 10:00ak arte

nieve_elurra.gif

2022-03-31

  • Bi egunetan elur-maila 200-300 metro inguruan kokatuko da
  • Aldi berean, tenperaturek nabarmen egingo dute behera, eta negu beteko baloreak izango ditugu

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du elurragatik bihar, ostirala, 00:00etatik etziko, larunbateko, 10:00ak arte, elur-maila 200-300 metroan koka baitaiteke. Bestalde, tenperaturek nabarmen egingo dute behera Euskadiko lurralde osoan, eta barnealdean izotza egingo du.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, gaur, osteguna, hasita Euskadira fluxu indartsu bat iritsiko da iparraldetik, Groenlandia eta Britaniar Uharteen artean dagoen antizikloiak eta Mediterranioan kokatuta dagoen borraskak eraginda. Egoera horrek, eta atmosferako goi-geruzetan sartuko den aire hotzak, prezipitazio ugariak eragingo ditu, eta leku batzuetan ekaitza izango da eta txingorra egingo du. Gainera, iparraldeko haizeak gogor joko du eta tenperaturek nabarmen egingo dute behera.

Elur-maila hasiera batean 1.000-1.200 metro inguruan kokatuko da, baina gaur, egunaren amaierarako, 600-800 metrora arte jaitsiko da. Ostiralean eta larunbat goizera arte, elur-maila 200-300 metroan kokatuko da, eta 400-500 metrora igoko da ostiraleko ordu zentraletan. Egoera meteorologiko honetan zaparrada txikiak eta ertainak izango dira, eta prezipitazioak handiagoak eta sarriagoak izango dira isurialde kantauriarrean, gainera ekaitzak ere sor litezke eta txingorra egin dezake batez ere itsasertzean.

Ostiralean eta larunbatean 15 zentimetrotik 60ra bitartean meta daitezke 1.000 metroan, 7 eta 20 zentimetro artean 600 metroan eta gehienez 3 bat zentimetro espero dira 200 metroan eta bi egunetan. Igandean elur-maila 500 metro inguruan mantenduko litzateke, eta zaparradak bakanagoak izango dira eta zentimetroren bat edo beste meta daitezke.

Tenperatura maximoak 5-7 ºC ingurukoak izango dira barnealdean eta 9 ºC ingurukoak itsasertzean; tenperatura minimoak -3 ºC eta 0 ºC artean ibiliko dira barnealdean eta 3 ºC inguruan itsasertzean. Litekeena da astelehenean ere giro hotza izatea, eta asteartean hasiko lirateke tenperaturak pixkanaka igotzen.

Era berean, abisu horia aktibatu da elurragatik gaur ostegunerako 600-800 metro artean 21:00etatik 24:00etara, eta larunbaterako 500 metro inguruan 10:00etatik 24:00etara.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez, edo “Abisuak nahieran” zerbitzuan alta emanda. Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.

GOMENDIOAK

  • Iragarpenen aurrean, elurra egitea eta haizea zakar ibiltzea espero denez, mendira ez joatea aholkatzen da.
  • Aurretik eskatu errepideen egoerari eta eguraldiari buruzko informazioa Euskalmeten eta/edo Eusko Jaurlaritzako Trafikoko 011 telefono-zenbakiaren bidez.
  • Ibilgailua hartu behar baduzu, ahal dela ez zirkulatu goialdeetatik.
  • Edonola ere, bidaiatzea ezinbestekoa izanez gero, ziurtatu pneumatikoak, balaztak eta izotz-kontrakoa ondo daudela; kateak beti eraman, erregai-depositua bete eta berokiak hartu.
  • Poliki ibili, izotz-plakak egon baitaitezke, batez ere leku laiotzetan.