Ertzaintzak eta udaltzaingoek abiaduraren kontrola indartuko dute Euskadiko errepide-sarean

Argitalpen-data: 

Control_Ertzaintza.JPG
  • Aurtengo urtean, orain arte, 38 pertsona hil dira Euskadin trafiko-istripuetan
  • Abiadura desegokia da hildakoak eragiten dituzten istripuen % 70etako faktoreetako bat

Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, abiadura kontrolatzeko eta zaintzeko kanpaina indartuko du urriaren 4tik 10era Euskadiko kale eta errepideetan. 

Aurten, orain arte, 38 pertsona hil dira Euskadin trafiko-istripuetan (horietako 13 Bizkaian, 10 Araban eta 15 Gipuzkoan). Kanpaina hauen helburua trafiko-istripuei aurrea hartzea da.

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak azpimarratu duenez, “funtsezkoa da ezarritako abiadura-mugak errespetatzea; izan ere, egiaztatuta dago abiadura desegokian gidatzeak areagotu egiten dituela istripu larria gertatzeko probabilitateak”.

Hainbat eta hainbat azterlanek egiaztatzen dute errepide bakoitzean ezarritakoa baino abiadura handiagoan joanez gero, modu esponentzialean egiten dutela gora istripuen kopuruak eta horien larritasunak. Era horretako jokabideei aurrea hartu ahal izateko, agenteek abiadurarekin lotuta arrisku handiagoa duten bide-zatiak kontrolatuko dituzte bereziki, bai eta istripugarritasun-indize handiko puntuak ere.  

Kanpaina hau trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urterako programatu diren 46 kanpainen egutegiaren barruan dago, eta kanpaina horien baitan ibilgailuen baldintza teknikoekin eta gidatzearekin zerikusia duten hainbat alderdi kontrolatu eta zainduko dira.