Kamerungo eta Euskadiko hezkuntza eta lankidetzako hainbat eragileen arteko elkarlana sustatzen du "Connect my school" programak

Garga_Sarali__52_.jpg

2019.eko azaroak 20

  • Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak haurren hezkuntza eskubidearen aldeko ekimenak laguntzen ditu
  • Connect my school programaren helburuetariko bat da Kamerungo eta Euskadiko hezkuntza eragileek proiektu bateratu batean elkarrekin lan egitea

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako (GLEAko), Gasteizko Berritzeguneko eta UNICEF Euskal Herriko Batzordeko ordezkariak Kamerunen egon ziren joan den astean UNICEF Kamerunen eskutik Connect my school programa ezagutzen. Ekimen honen helburua da, herrialde afrikarraren urruneko eskolak eta ikasleak teknologia erabiltzea hezkuntza baliabide gisa eten digitala murrizteko eta umeen eskolaratzea bultzatzeko. Programak, gainera, hango eta hemengo errealitateak lotzeko eta hezkuntza eragileen arteko elkarlana bultzatzeko balio du.

Ordezkaritzak herrialdearen ekialdeko eskualdeko hiru eskola bisitatu zituzten, eta bertako hezkuntza eragileekin zein erakundeekin bildu ziren; teknologia berriak erabiliz, inklusioan eta kultur artekotasunean egiten ari diren lanen berri jakiteko. Eskualde horrentan Afrika Erdiko Errepublikako errefuxiatu-esparruak daude.

 

Hezkuntza sarbiderako zailtasunak

Kamerungo haurrek hezkuntza sisteman sartzeko dituzten zailtasunak oso ezberdinak dira eskualdearen arabera: iparraldean, adibidez, Boko Haram-eko presentzia dela-eta ume asko ez dira eskolara joaten mehatxatzen, bahitzen edo tirokatzen dituztelako; mendebaldean, eskolen %80 hiru urte daramatzate itxita “anglofonoa” deritzon gatazkagatik, eta ekialdean –Euskadiko eragileek bisitatutako eskualdea-, aldiz, Afrika Erdiko Errepublikako errefuxiatu-esparruak daude.

Connect my school programa UNICEF Kamerunek sortu zuen 2017an Oinarrizko Hezkuntza Ministerioaren laguntzarekin zortzi eskoletan proba pilotu moduan. Proiektuaren xedea da haur zaurgarrienei eta errefuxiatuei Lehen Hezkuntza inklusiboa, kalitatezko eta berriztatzailea ematea. Horretarako Internetera konektatzeko ekipamendua jarri zuten –eguzki-energia baliatzen du funtzionatzeko- eta tabletak eskaini zituzten irakasleek zein ikasleek erabil zitzaten. Arsene Azandossessiren, UNICEF Kamerungo ordezkariaren laguntzailearen arabera, kalitatezko hezkuntza parte hartzearen eta berrikuntzaren bidez lortzen da: “Ekimen honek aukera ematen du hezkuntza tradizionalean egiten den baino beste zerbait gauzatzeko, eta, gainera, ikasleekin zein komunitatearekin eztabaidatu daiteke”.

Ekimenak, bestalde, lortu du komunitateen zein gurasoen inplikazioa areagotzea eta hezkuntza duen garrantziaz ohartzea. Tongo Gandima herrixkako eskola publikoan, adibidez, kalitatezko hezkuntza lortzeko gurasoen, ikasleen eta eskolaren artean hezkuntza proiektua eraikitzen daude.

Kontuan hartzekoa da, Kamerungo hezkuntza zentroetan Lehen Hezkuntzako lehenengo urteetan irakasle bakarra egoten dela 150 ikasleentzako edo gehiagorako. Gehienetan, gainera, Gobernuak irakasle bakarraren soldata ordaintzen du, eta familiek gainerako irakasleenak. Horren ondorioz, Lehen Hezkuntzako hurrengo urteetan ohikoa da haurrek eskola uztea eta 150 ikasle izatetik 30 izatera pasatzen dira. Nekazaritza eremuetan, esaterako, haurren %20 ez dira eskolara joaten. 

 

Hezkuntza eragileen arteko elkarlana sustatu

Proiektuak dituen erronken artean daude teknologia berriak baliatuz, hezkuntza kalitatea hobetzea, proiektua jasangarria izatea eta tresna berriak hainbat komunitateek dituzten behar ezberdinei moldatzea.

Bidaia egin da, beraz, Euskadiko eta Kamerungo hezkuntza eta lankidetza eragileen arteko elkar-ezagutza eta harremana sustatzeko; hango eta hemengo errealitateak lotzeko, eta toki bateko eta besteko hezkuntza komunitateak elkar elikatzeko. Ekimenaren baitan bigarrengo topaketa bat egongo da Kamerungo ordezkaritza bat Euskadira datorrenean.