Gero eta gazte gehiagok erabiltzen dute bizikleta beren ohiko joan-etorrietan
2018.eko apirilak 19
- Gaur, Bizikletaren Munduko Eguna
- Gizon gazteek emakume gazteek baino gehiago erabiltzen dute bizikleta
- Gazteen Euskal Behatokia
VG 2018/04/19
Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 13,4k diote bizikleta erabiltzen dutela beren ohiko joan-etorrietan. Ehuneko horrek gora egin du etengabe azken urteetan: 2004an % 4,6koa zen, 2008an % 5,3koa, 2012an % 9,6ra igo zen eta 2016an, % 13,4koa da. Bizikletaren Munduko Eguna apirilaren 19an ospatzen dela-eta, Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko gazteek egiten duten bizikletaren erabilerari buruzko datuak aurkezten ditu.
Desberdintasun handiak daude emakumeek eta gizonek bizikleta erabiltzearen inguruan (emakumeen % 6,9k eta gizonen % 19,6k). Badirudi bizikletan ibiltzeak ahalegin fisikoak eta zenbait arrisku ekartzen dituela berarekin, eta gizonek errazago hartzen dituztela arrisku horiek beren gain, emakumeek baino.
Zenbat eta nagusiagoa izan orduan eta gutxiago erabiltzen da bizikleta; hala 15 eta 19 urtekoen artean % 15,5 mugitzen dira normalean bizikletaz baina ehunekoa erdira jaisten da (% 8,8) 25 eta 29 urte bitartekoen artean. 25 urtetik aurrera laneratze-zifrak handiagoak izaten dira eta horrek eragina izan dezake, alde batetik, desplazamendu luzeagoak egin behar izatean (bizikletaz ezinezkoak) eta, bestetik, erosteko ahalmen handiagoa izatean eta horrela aukera gehiago izan ibilgailu motordun pribatuak erosteko.
Euskadiko hiru hiriburuetako diferentzia orografikoak direla eta, oso erabilera desberdinak daude hiru lurralde historikoetan. Gasteizko orografia eta bizikletan mugitzearen aldeko azpiegiturak direla eta, Arabako gazteen % 27,9 bizikletan desplazatzen dira astean hiru egunetan gutxienez. Proportzio hori % 15,8koa da Gipuzkoan eta % 7,5ekoa baino ez Bizkaian.
Aurkeztutako datuak Euskadiko Gazteak 2016 ikerketatik datoz. Euskadiko gazteak izeneko ikerketak Gazteen Euskal Behatokiak egiten ditu lau urtean behin eta horretarako inkesta bat egiten dio Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen lagin adierazgarriari bati. Lagin hori 1500 gaztek osatzen dute (750 gizon eta 750 emakume) eta inkestan hainbat gairi buruz galdetzen zaie.