Osakidetzak hiru aplikazio kliniko garatu ditu konstanteak neurtzeko, odol-ateratzeetarako eta pazienteari ohe-oinean medikazioa emateko

DSC_4961.jpg

2016.eko maiatzak 11

Osakidetzak arreta-sistema berritzailea sortu du erizaintzan; 3 aplikazio sanitario dira, tabletean erabiltzekoak, ospitaleratutako pertsonari ohe-oineko arreta arin, eraginkor eta seguruagoa emateko. Hala bada, teknologia berriak EAEko herritarren osasunaren zerbitzura jarri ditu.

Informazioa eskuratzeko eta kudeatzeko sistema berriak emaitza oso onak eman ditu eta, hasiera batean, erizaintzako jarduera ohikoenetarako hiru aplikazio garatu dira: konstanteak neurtzea, odol-ateratzeak eta medikazioa ematea. Gaur egun, aplikazio horiek ezarri dira Galdakao-Usansoloko ospitalean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean eta Donostiako Unibertsitate Ospitalean, eta Osakidetzako gainerako zentroetan datozen hilabetetan ezartzea aurreikusi da.

Osakidetzako ospitaleetan prozedura hori martxan jarrita, Euskadi autonomia-erkidego aitzindarietako bat da informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak pertsonen osasunaren zerbitzura jartzeari dagokionez. Gure mugetatik kanpo Osakidetzaren arreta-mugikortasuneko sistemaren antzekoa erabiltzen duen bakanetakoa da Minnesotako (AEB) Mayo Klinika.

            Proiektu berritzaile horretan 300.000 euro inguruko inbertsio ekonomikoa egin beharko da, betearazpen-plataforma berriak ezartzeko, azpiegitura digital berria garatzeko, korporazioaren estilo-gida diseinatzeko, Osakidetzaren aplikazioen katalogoa egiteko eta 700 gailu mugikor (tabletak) erosteko.

Osakidetzak, beraz, beste urrats bat eman du teknologia berriak pazientearen eta bere segurtasunaren zerbitzura jartzeko bidean. Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónen esanetan, «osasun-sisteman ikerketaren eta berrikuntzaren alde egin dugu apustu, ezinbestekoa delako osasuneko emaitzak hobetzea, osasun-sistema bera eraldatzea eta Euskadiko garapen ekonomiko nahiz soziala bultzatzea. Teknologiak berriak, gainera, arretaren segurtasuna areagotzeko baliagarriak dira, eta horrek pazienteari egiten dio mesede. Hala bada, esparru berri gehiagotan aurrera egiteko asmoa dugu, guztiei ekarriko digulako onura».

Osakidetzako aplikazio berri horiek tableta arinetarako diseinatuta daude; uniformeko patrikan eramateko modukoak direnetarako. Osakidetzako informazio-sistemetan oinarritu da horien diseinua (historia kliniko elektronikoa, Osabide Globala, Osanaia, etab.), eta beharrezkoa den informazioa hautatu eta gailu mugikorrera egokitu da, funtzionaltasun hobea eta ohe-oineko arreta arin, erraz eta segurua lortuz.

   NOLA FUNTZIONATZEN DUTE GAILU BERRIEK?

Aplikazio eta gailu horien abantaila bikainenetako bat arretan eskaintzen duen segurtasuna da; izan ere, tabletak eskaner bat du eta horrek pazientearen eskumuturrekoko barra-kodea irakurtzen du, datu klinikoak pantailaratuz. Egiaztapen automatiko horri esker identifikazio-akatsak saihesten dira.

Segurtasun klinikoa sendotzeaz gain, pazienteari buruzko informazioa denbora errealean jasoko da historia klinikoan aplikazio horri esker, akatsak gertatzea ekidinez. Osakidetzak aurten ezarri ditu identifikatzeko barra-kodeak dituzten eskumuturrekoak ospitale guztietan, pazientearen segurtasun klinikoa areagotuz. Hain zuzen, 2013-2016 aldirako Pazientearen Segurtasunerako Estrategiak barne hartzen duen ekintzetako bat da hori eta, gainera, aplikazio berriak ezartzeko bidea ireki du, betiere kalitatean oinarritutako arreta emateko asmoarekin.

Bestalde, hiru aplikazio horiek independenteak dira elkarrekiko; erabilerrazagoak dira hala, eta bizkorrago egin daitezke lanak, behar dena baizik ez baita erabili behar.

  • Konstanteen erregistroa

Ospitaleratzean erabilitako parametroen hautaketa bat jasotzen ditu aplikazio horrek. Neurketa berehala pantailaratzen da eta pazientearen historia klinikoan jasota geratzen da.

  • Odola ateratzea

Odol-ateratzeen aplikazioarekin pazientearen datuak, eskaeraren datuak eta lagineko datuak gurutzatu daitezke, erizainak prozedura egokia dela jakin dezan.

  • Medikazioa ematea

Aplikazio horretan ageri da pazientearen egungo tratamendua eta historia farmakologikoa. Gainera, segurtasuneko iragazkiak ditu, alertak eta tratamenduekiko alergiak kasu, eta medikazioa ordu-bitarteen arabera kontsultatzeko aukera ematen du. Balio erantsia ematen dio medikamentu gabeko zaintzak ere barne hartzeak. Tratamendua ematen duenaren sinadura egongo da ohe-oinean.

Osakidetzak martxan jarritako arreta eta kudeaketa klinikorako proiektuan (Osakidetza Mugitzen, profesionalei zuzendutako mugikortasun-estrategia) emandako lehen urratsa dira hiru aplikazio horiek, eta pazientearen segurtasuna, erizaintzako zaintzak, mugikortasuna eta ohe-oineko denbora errealeko informazio-bilketa eta -erregistroa uztartzen dituzte.  Proiektu horrek Informatikako eta Osasuneko 2015eko Sari Nazionala jaso zuen, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak osasunaren alorrean erabiltzeko egindako ikerkuntza- eta berrikuntza-ahaleginengatik.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko maiatzaren 11an