Jaurlaritzak handitu egin du errentamendu-kontratuen fidantzak gordailutu daitezkeen finantza-erakundeen kopurua
2016.eko maiatzak 04
Ostegun honetatik aurrera, hilak 5, errentamendu-kontratuen fidantzak zortzi finantza-erakunde hauetan gordailutu ahal izango dira: Kutxabank, Laboral Kutxa, CaixaBank, Banco Santander, BBVA, SabadellGuipuzcoano, Bankia eta Bankoa.
Gaur arte finantza-erakunde bakar baten bidez baizik ezin zitekeen fidantza gordailutu; aurrerantzean, herritarrek gordailua izapidetzea errazteko, Eusko Jaurlaritzak finantza-erakundeen kopurua handitu du. Horrenbestez, maiatzaren 5etik aurrera, gordailua egitera behartuta dauden pertsona fisikoek nahiz juridikoek zortzi finantza-erakunde hauetara jo ahal izango dute: Kutxabank, Laboral Kutxa, CaixaBank, Banco Santander, BBVA, Sabadell-Guipuzcoano, Bankia eta Bankoa.
Gordailutzeko, gordailu-inprimaki ofiziala bete behar da –Zuzenean zerbitzuko bulegoetan eskura ditzakezu, edo https://euskadi.eus/r41-b1/eu helbidean–, errentamendu-kontratuaren kopia bat, ordainagiria eta Ondasun Higiezinen Zergaren ordainagiriaren kopia bat atxikita, eta fidantzaren zenbatekoa Internet edo Bizilagun zerbitzuaren bidez ordaindu.
Bulegoan bertan edo Internet bidez egin daiteke ordainketa. Internet bidez eginez gero, hona helbidea: https://www.euskadi.eus/y22-payment/eu/p12iWar/p12iRPCDispatcherServlet?p12iIdioma=eu. Fidantza gordailutu eta hilabeteko epean, errentatzaileak horren berri emango dio errentariari, dagokion egiaztagiriaren kopia baten bidez.
Martxan jartzea
Etxebizitzari buruzko Legea garatzeko bidean lehen dekretua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak pasa den martxoaren 15ean, fidantzen gordailutzea abian jartzeko beharrezko diren hainbat alderdi zehaztuz: nola, non eta zer epetan egin behar den gordailua. Jaurlaritzak gogorarazi nahi du araudi berri horrek lasaitasuna eskainiko diela jabeei, eta segurtasuna morroiei, fidantzaren zenbatekoa eta Eusko Jaurlaritzaren zein zerbitzutan gordailutu behar den zehazten duelako: Bizilagun.
Fidantzaren zenbatekoa errentamendu-kontratuaren arabera zehaztu da:
- Hilabete bat, etxebizitzen errentamenduetan.
- Bi hilabete, beste erabilera batzuetarako errentamenduetan.
- Denboraldiko errentamenduetan, kontratuaren iraupenaren proportzioan ezarriko da fidantza, kontuan hartuta urtebeteari bi hilabete dagozkiola.
Bestalde, bi araubide ezberdin ezarri dira gordailua kudeatzeko: bata, orokorra; bestea, itundutakoa. Itundutako araubidera edozein pertsona fisiko edo juridiko atxiki daiteke, baldin eta, gutxienez, 10 hiri-finka errentatzen badituzte, edo, bestela, gordailatu beharreko fidantza 30.000 eurokoa bada gutxienez.
Araubide orokorraren kasuan, fidantza hil bateko epean gordailutu beharko da, kontratua 2016ko martxoaren 30etik aurrera izenpetu bada. Bestalde, 2015eko irailaren 26tik 2016ko martxoaren 29ra bitartean izenpetutako kontratuen kasuan, epea hiru hilekoa da aurrerantzean.
Interesdunak Bizilagunekin harremanetan jarri behar dira online-zerbitzuaren, euskadi.eus guneko postontziaren edo ZUZENEANen herritarren arretarako telefonoaren bidez: 012.