1936ko "Ertzaña" omendu dute, Miguel Echaguibelen bitartez
2016.eko apirilak 16
Promozio aitzindari hartako azken ertzañak gaur jaso du lehendakariaren errekonozimendua Arrasateko udaletxean egin den ekitaldi batean
Miguel Echaguibel 97 urteko arrasatearra da 1936an, Espainiako gerra zibil betean, egungo Ertzaintzaren hazia izan zen Ertzaña osatu zuten euskal gazteetarik bizi den bakarra. Gaur, larunbata, merezitako omenaldia jaso du, eta euskal gizartearen errekonozimendua, bere sorterriko udaletxean egin den ekitaldian.
Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan den omenaldian Miguelek alboan izan ditu bere senideak, eta, halaber, bertan egon dira Arrasateko alkate María Ubarretxena, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, herriko zinegotziak, Segurtasun Saileko kargudunak eta Ertzaintzako buruzagiak, eta euskal gizartearen izenean, garai bateko Ertzaña hari eskerrak eman dizkiote, garai zailetan sortu bazen ere, gerrak eta gabeziek kolpatutako herritarrek jasandako indarkeriaren eragina arindu ahal izan zuelako.
Omenaldia ohorezko aurresku batekin hasi da eta Migueli oroigarri sorta bat eman diote lehendakariak eta Segurtasuneko sailburuak, lehendakariaren idazki bat duen 1936ko Ertzañaren oroigarrizko koadro bat eta egungo Ertzaintzaren txapela bat barne.
María Ubarretxenak aurkezpen-hitzak eskaini ondoren, lehendakariak 1936ko Ertzañaren ordezkari Miguelen omenezko testua irakurri du, “Eusko Jaurlaritzak 1936.ean sortutako Ertzaña-ren lehenengo taldearen ordezkari zaren hori, jaso ezazu egungo Jaurlaritzaren aitormena gure Herria Zaintzearen aldeko konpromisuagatiko. Aldi berean, gaurko Ertzaintza eta ertzainak direnentzat eredu zaitugulako gure esker ona. Agirre Lehendakariarekin batera gure burua jabetzaren erakundetzean landatutako hazia erein egin duzulako”.
Omenaldia amaitzeko, bideo bat eman dute, 1936ko Ertzañaren irudiak eta garai hari buruzko Echaguibelen testigantza uztartu dituena.
1936ko Ertzaña
Lehen Eusko Jaurlaritza 1936ko urrian eratu ondotik, azaroaren 26an, prentsa bidez zabaldu zen Ertzañako kide izateko deialdia. Lehenago, Nazioarteko Eremuko Polizia Militarraren saiakera egin zen 1936ko abuztuan, Getxoko «nazioarteko eremu neutrala» babesteko. Ertzañan 750 gizonek eman zuten izena, bost konpainiatan bananduta, guztiak ere Getxoko eraikin adierazgarrietan ostatatu zirenak (Miguel Echaguibel 1. konpainiakoa izan zen, Getxon aurrena, eta Deustun gero). Ondoren, Ertzaña Igiletua (motorizatua) eratu zen, eta, guztira, 1.500 baino gehiago ziren ertzainak.
«Ertzaña» izena (herria zaintzen duena) jarri zion idazle, poeta eta gudarien komandante Esteban Urkiaga «Lauaxeta»k, gerora frankistek fusilatu zutenak.
Ertzañak eskumen gero eta gehiago bereganatu zituen, gaitasuna eta fidagarritasuna frogatu ahala. Lehenik, «nazioarteko polizia» gisa jarduten hasi zen, eta ordena publikoaz arduratu zen gero, hala nola delituak jazartzeaz eta espetxeetako segurtasuna bermatzeaz, polizia militarraren eginkizunak bere gain hartzeaz gain. Azken betekizun horretarako, zenbait agente frontera bidali zituzten.
Ertzañaren esku-hartzea funtsezkoa izan zen Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko eremuan ordena zaintzeko, «gerrako haurrak» ebakuatzeko, borrokaldiaren hasieran etsaiaren esku zeuden presoak eta zibilak trukatzeko eta muturreko erakundeek erail nahi zituzten presoen zaintzaz arduratzeko. Era berean, azpimarratzekoa da arerioa Bilbon sartu zenean ordenari eusten egindako sakrifizioa.