Eusko Jaurlaritzaren ustez erakundearteko lankidetza nahitaezkoa da biktimen memoria errespetatzeko
2015.eko azaroak 27
Gobernuaren eledun Josu Erkoreka Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentro Fundazioaren Patronatuaren lehen bileran izan da, Bake eta Bizikidetzako idazkari nagusi Jonan Fernándezekin batera
Eusko Jaurlaritzaren ustez, erakundearteko lankidetza nahitaezkoa da terrorismoaren biktimen memoria errespetatzeko. Hala ziurtatu du gaur Eusko Jaurlaritzako eledun eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak. Izan ere, gaur, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentro Fundazioaren Patronatuaren lehen bileran izan da, Zarzuelako Jauregian, Bake eta Bizikidetzako idazkari nagusi Jonan Fernándezekin batera. Patronatuak Gasteizen du egoitza.
Erkorekak azaldu duenez, Fundazioari eta gaurko saioan onartutako programari erakunde-babesa agertzeko joan da euskal ordezkaritza bilerara. Era berean, erakundearteko lankidetzaren premia plazaratu dute; izan ere, Euskadin badira bake, bizikidetza eta biktimen errekonozimendua helburu duten unitateak ere: besteak beste, Bake eta Bizikidetzako Idazkaritza eta Gogora – Memoriaren Institutua. «Lankidetza ez da gomendagarria soilik: azken emaitza eraginkorragoa izan dadin nahitaezkoa ere bada, helburu berak baititugu» ziurtatu du eledunak.
Euskadiko gobernuaren ordezkariez gain, bileran izan dira, halaber, Nafarroako Gobernuaren Herritar eta Erakunde Harremanetarako kontseilaria, Ana Isabel Ollo; Jordi Jané Kataluniako Barne concellerra, beste autonomia-erkidego eta hiri autonomoen izenean; Gasteizko alkate Gorka Urtaran, eta Gorte Nagusietako bi ordezkari, Teresa Rodríguez diputatu sozialista eta Ramon Rabanera PPko senataria.