Arantxa Tapia sailburuaren bisitaldia Wärtsilä enpresara
2015.eko azaroak 11
Bermeon kokatutako enpresa horren jarduera berritzaileena sektore hauetara bideratzen da: ontzigintza sektorerako motor eta helizeen ekoizpena, argindarraren sorkuntza, eta gas eta petrolio industria
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantxa Tapia Wärtsilä enpresako ordezkariekin bildu da gaur goizean, berarekin batera izan direlarik Industria sailburuorde Javier Zarraonaindia eta Industria Garapeneko zuzendari Alejandro López Cárcamo jauna.
Jon Sabin zuzendari orokorrarekin eta I+G Laborategiko eta itsas konponbideen departamenduko arduradun nagusiekin -José Ramón Isasi eta Josu Goiogana hurrenez hurren- bilera bat izan ondoren, Eusko Jaurlaritzako industria arloko arduradunek Wärtsiläk Bermeon dituen instalazioak bisitatu dituzte.
Sailburuak interes berezia agertu du jakiteko zein den enpresaren bilakaera eta egoera, kontuan harturik nolako ekarpena egiten ari den bere I+G departamentutik ontzigintzako motorren arloan, eta bereziki gas-propultsioko ontzien arloan, bai eta offshore-energiako instalazioetarako zerbitzu lagungarrien sektorean, besteak beste.
Tapiak azpimarratu du Wärtsiläk potentzialitate handia izan dezakeela euskal industriarako, dela ontzigintza arloan, dela sektore eolikoarekin lotutako energia sektorean, eta baita ere teknologikoki aurreratuak eta nazioarteko merkatuetan lehiakorrak diren ekipoetan eskaintzen ari den konponbideengatik.
Wärtsilä 50 DF eta 20V31SG berria 2016rako
Lantegira egindako bisitaldian aukera izan dute Wärtsilä 50DF motorra ikusteko. Motor liderra da ontzigintzako sektorean eta gai da etano bidez (LEG) funtzionatzeko.
Motorraren erregai bezala etanozko lurrunketa-gasa modu eraginkorrean errez nabarmen gutxitzen da bidaian gasa birlikidotzeko beharra. Horrek esan nahi du energia gutxiago behar dela zama kudeatzeko, eta, ondorioz, sistema eraginkorragoa dela eta ingurumenari kalte gutxiago egiten diona.
Bai egin behar izan ziren frogak, bai frogen ziurtapena bera, Wärtsiläk Bermeon daukan Ikerketa eta Garapen Laborategian egin ziren.
Enpresako arduradunek sailburuaren jakinean jarri dute asmoa dutela motor pilotu bat ezartzeko Bermeon, Wartsila 20V31SG motorra, epe ertainean erreferentziazko motorra izango dena lehorreko lantegien merkatuan. Wartsilak ekoizten duen mota horretako lehen motorra izango da, eta bere garapenerako oinarria izango da, aukera emango diolarik bestalde ikerketa gehiago egiteko kontzeptu berrietan eta teknologia aplikatuetan.
* Erantsita doa Wärtsiläri eta 50DF motorrei buruzko dokumentazioa.