Hamabost Nathusius pipistrelok (Pipistrellus nathussi) migrazioan geldialdi bat egin dute, Plaiaundin, Txingudiko paduran

XAGUZAHARRAK_TXINGUDI.jpg

2015.eko urriak 30

-          Iberiar penintsulan ez ohikoa da espezie hori, eta haien presentziak biologo eta naturalisten komunitatea poztu du

-          Haien pisua 6 eta 15 gramo bitartekoa da, eta intsektu txikiez elikatzen dira

-          Bi mila kilometrorainoko migrazioak egiten dituzte ugaltokien eta hibernazio-guneen artean, Eskandinaviatik Europa Hegoaldera

Txingudi, 15/10/30

Duela aste batzuetatik, Txingudiko paduretan badira zenbait saguzar, Iberiar penintsulan guztiz ez ohikoak: Nathusius pipistreloak dira, edo Pipistrellus nathusii. Hamabost aleren kolonia bat aldi baterako finkatu da Eusko Jaurlaritzak kudeatutako Plaiaundiko parke ekologikoaren inguruan, beren ohiko migrazio-mugimenduen barruan.

 

Ugaztun hegalari txiki horiek bizkarraldea arrea dute, eta sabelaldea krema-kolorekoa; muturra, belarriak eta hegoak, berriz, marroi ilunak. Hego-zabaleran 230 milimetro dituzte soilik, 6 eta 15 gramo bitarte pisatzen dute, eta intsektu txikiez elikatzen dira.

 

Nathusius kolonia ibiltariaren presentziak poz handia eragin du zientzialarien komunitatean eta kiropteroak ikertzen dituztenen artean. «Zuhaitzen hutsuneetan gordetzen dira eta hamahiru urte ere bizitzera irits daitezke. Hegaldian ehizatzen dute; bereziki, intsektuez elikatzen dira. Baso eta hezeguneak dituzte nahien» adierazi du Mikel Etxanizek, Eusko Jaurlaritzaren Ekoetxeako teknikari batek.

 

Nathusius saguzarra oso urria da Iberiar penintsulan. Badira Ebroren Deltan bizi den populazio bati buruzko zenbait datu: udan arrak besterik ez ditu, baina udazkenean eta neguan emeak ere elkartzen zaizkie. Zenbaitetan, Penintsularen iparraldean biltzen dira udazken partean. Nafarroan, Euskadin eta Asturiasen jaso da halakorik, baina ale bakanak izan dira guztietan. «Euskadin, espezie horretako talde baten lehenengo behaketa da Txingudikoa. Ile-laginak hartu, eta hiru ale eraztundu ditugu –ar bat eta bi eme–, haien jatorria argitzeko, orain artean ezezaguna dugu eta» adierazi du Etxanizek.

 

Kolonia txiki horri esker egiaztatu dute, hain zuzen, espezieak eskuarki bisitatzen dituela Bidasoa inguruak. Hura aztertuz, haien biologia eta jokabideari buruzko zehaztasun gehiago jakin daitezke, eta, horrenbestez, populazio horien kontserbazioa erraztuko da. Era berean, agerian jarri da zein garrantzitsua den Txingudi espezie bitxi horretako ale migratzaileen atseden, elikadura eta estalketarako gune gisa.

 

 

Bat Night

Txingudi Ekoetxeak Bat Night delakoa antolatzen du duela hiru urtetik, saguzarrei eta haien balio ekologiko handiari buruzko jakintza jendarteratzeko asmoz. Juan Tomás Alcalde entzute handiko kiropterologo eta Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Sozietatearen presidentearen laguntzarekin, behaketarako azpiegitura batzuk ezarri zituzten, eta aldizka berraztertzen dituzte.

 

Txikia bada ere, Nathusius saguzarrak distantzia handiak egiten ditu hegaz: udan ugaltzen dira, Europako Erdialdean eta Iparraldean (Eskandinavia, Baltikoa, Errusia), eta handik Kontinentearen Erdialderaino eta Hegoalderaino migratzen du, han igarotzeko udazkena eta negua. Bi mila kilometrorainoko migrazio-bidaia ugari erregistratu dira ugaltokien eta hibernazio-eremuen artean.

 

Bereziki kaltebera da haize-parkeei dagokienez, eta hainbatetan aurkitzen dituzte espezie horretako aleak hilda, aerosorgailuen hegalen aurka talka egin ostean; batez ere, udazken parteko migrazioetan.