Eusko Jaurlaritzak eta Gurutze Gorriak indarrak batu dituzte krisiaren eraginpeko familiek ura eta argia ordaindu ahal izateko

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Angel Toñak, eta Euskadiko Gurutze Gorriko presidenteak, Iñaki Irustak, hitzarmena sinatzen

2015.eko urriak 27

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Angel Toñak, eta Euskadiko Gurutze Gorriko presidenteak, Iñaki Irustak, hitzarmen bat sinatu dute gaur: helburua da pobrezia energetikoko eta krisiaren eraginpeko kontra familiei laguntzeko proiektu bat sustatzea.

Angel Toña sailburuak duela egun batzuk iragarri zuen moduan, Eusko Jaurlaritzak 200.000 euroko kontu-sail bat jarri du Gurutze Gorriaren eskura, zailtasun ekonomiko larriak izanik Gizarte Larrialdietarako Laguntzak edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradun ez diren familiei uraren, argiaren eta gasaren fakturak ordaintzea errazteko. Horrenbestez, Sailak, elektrizitatearen eta gasaren hornidura eteteko prozesuak geldiarazteko asmoz, Iberdrola, Endesa eta Unión Fenosa konpainiekin egindako bilerei gehitu zaie hitzarmenaren sinadura.

Angel Toña sailburuaren ustez, «egoera ahulean edo gizarte-bazterketaren arriskupean dauden familien premia berehalakoenak arintzen lagunduko du» hitzarmenak. Era berean, «aukera emango du beste premia batzuk hautemateko ere: halakoak zerbitzu aproposen bitartez bideratuz, birbideratuz, eta koordinatuz konpontzen saiatuko gara». Pobrezia energetikoko proiektua Euskadiko Gurutze Gorriaren 2015-2019 aldirako ekintza-planaren barruan sartzen da; hain zuzen, pertsona behartsuenei laguntzea du helburu.

Euskadiko pobrezia energetikoaren tasa Estatuaren gainontzekoan erregistratutakoaren azpitik badago ere, 2014an 38.255 pertsonari eragin zioten horniketa-etenek. Negua iristeak egoera hori gogortzen du, eta, urtero, familia gehiago erortzen da egoera horretan, krisiaren iraupena dela medio. Gurutze Gorriaren arduradunaren ustez, arazo larriago baten isla ere bada. «Argia edo gasa ordaindu ezin duenak, ezin ditu elikagaiak erosi edo alokairua ordaindu ere», baieztatu du Iñaki Irustak.

Egoera hori leuntzeko, 80 euroko diru-laguntza aurreikusten du hitzarmenak, hiru hilabeteko eperako gehienez; sei hilabetetara luzagarria izango da, zer-nolako balorazioa eta jarraipena egiten dion kasuari erakunde humanitarioak. Zenbatekoa 150,00 eurora igoko da, berriz alta eman behar bada edo horniketa ez eteteko. Gurutze Gorriko langile boluntarioek laguntza-langa egingo dute: beharrezko kudeaketak egiteko, bai eta trebezia berriak bereganatzea errazteko ere, etxeko kudeaketa eta aurrezteari buruzko lantegien bitartez (Etxe jasangarriak).