Europako «hiri eta komunitate adimentsuak» programan hautatu dute SmartEnCity " Gasteizko Koroatzea proiektua
2015.eko irailak 16
«SmartEnCity» proiektuaren proposamena aukeratu dute beste birekin batera, aurkeztutako 30etik gora proposamenetatik, 2016ko hasieratik aurrera haren exekuzioa diruz laguntzeko. Aipatutako proiektua maiatzaren 5ean aurkeztu zuten Europako Batzordearen Horizontea 2020 I+G+Bko esparru-programaren «Hiri eta Komunitate Adimentsuak» izeneko deialdian.
SmartEnCity proiektua
Europako «Hiri eta Komunitate Adimentsuak» programaren barruko SmartEnCity proiektua asmo handiko ekimena da; horretan Gasteizek hiri eredugarri izan eta energia-eraginkortasunaren, garraioaren eta IKTen inguruko irtenbideak modu integratu batez aplikatu nahi ditu pertsonen bizi-kalitatea hobetzea helburutzat hartuta.
Gasteizko hiriaz gain Tartu (Estonia) eta Sondeborg (Danimarka) izeneko hiriek ere parte hartzen dute proposamenean, hiri bakoitzak bere ezaugarrien arabera, antzeko helburuak dituzten jarduerak garatzeko. Horiez gain, Lecce (Italia) eta Asenovgrad (Bulgaria) hiriak ere badaude proiektuaren barruan; hiri eredugarri horien proiektuak egokitzeko eta errepikatzeko ahalmena aztertuko dute, era horretan proiektuaren eragina are handiagoa izan dadin.
Hiru hirietan koordinatutako ekintzek helburuok izango dituzte:
• Bizitegi-higiezinen energia-eskaera murriztea barrutian birgaitzeko ekintzak eginez.
• Energia berriztagarrien bidezko energia-hornidura handitzea tokiko baliabideak baliatuz.
• Hiri-mugikortasunaren arloan energia garbien erabilera bultzatzea ibilgailu eta azpiegitura berdeak areagotuz.
Halaber, IKTak asko erabiltzea ere aurreikusita dago proiektuak planifikatu eta abian jartzeko garaian integrazioa eta koherentzia lortzeko, bai eta herritarren parte-hartzea sendotzeko eta gauzatutako jarduketen azken onuradunak pertsonak direla bermatzeko.
Proiektua 2016ko lehen hiruhilekoan jarriko da abian, eta bost urte eta erdi iraungo du aurreikusitakoaren arabera.
Esku-hartzea Koroatzea auzoan
Gasteizen Koroatzea auzoko jardun-eremu pilotuan hainbat neurri egitea aurreikusi dute. Mugikortasun-planaren erdiko super etxe-uhartean kokatuta dago; hortaz, horrekin bat etorriz, neurriok hartuko dira: eremua oinezkoentzat jartzea, ibilgailuen elektrifikazioa eta azken miliako logistika, bizikleten erabilera bultzatzea bizikletetarako lonjak irekiz, hiriko autobusetan aurrezte-sistemak jartzea, eta abar.
Halaber, energia-kontsumo txikiko auzorako trantsizioa bilatuko da 750 etxetan gutxienez birgaitzeko jarduketak eginez, era horren berokuntzaren eskaera erdira murriztea lortzeko. Auzoan tokiko energia-iturri berriztagarriak oinarri dituen bero-sarea ezartzeak eskaera termikoari erantzutea ez ezik, erregai fosilekiko mendekotasuna urritzea eta ingurumena errespetatzea ere ekarriko du.
Energia-kontsumoak kontrolatu eta kudeatzeko plataforma, tailer eta bestelako ekintzekin batera, ezarriz gero, berriz, bizilagunek informazioa jasoko dute eta, horri esker, kudeaketan eta erabakiak hartzeko prozesuan parte hartu ahal izango dute. Koroatzea auzoaren eremuan aurreikusitako esku-hartzea optimizatzea da helburua, hiriaren gainerakoan errepikatzeko moduko adibidea izan dadin.
Laburbilduz, Koroatzea auzoko planak hiru ardatz ditu: birgaitzea energia-eraginkortasuna lortzeko, hiri-mugikortasun jasangarria eta informazioaren teknologiak (IKTak).
Visesa sozietate publikoak egingo ditu tokiko koordinazio-lanak (Angel Toñak zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren mende dago aipatutako sozietatea), eta Gasteizko komunitatearen burua ere izango da; Tecnalia Europako koordinatzailea eta Gasteizko Udala laguntzaile izango ditu zeregin horretan. Proiektuak bazkide hauek ere baditu: Ingurugiro Gaietarako Ikastegia, Mondragon kooperatiba taldea, Fagor Ederlan, Etxetresna Elektrikoen Euskadiko Kluster Taldea, ETIC, MCCTELECOM, Acciona Azpiegiturak, Giroa, Cartif fundazioa eta Estudios GIS. Eta Errota Zaharra elkarteari ere eskertu nahi diogu proiektuarekin hartutako proiektua, Batzordearen aurrean babestu baitzuen.
SmartEnCityren aurrekontua eta diru-laguntza
SmartEnCity proiektuak, hiru hiriak barne hartuta, 75.565.000 euroko aurrekontua du, eta Europako Batzordearen diru-laguntza 27.890.136 eurokoa izan da guztira.
Diru-laguntza horretatik EAEko bazkideek 10.885.258 € jasoko dituzte; hala bada, Koroatzea auzoko jarduketek 6.450.000 € eta 4.435.258 € eskuratuko dituzte kudeaketa, ikerketa, koordinazioa, hedapena, kontrola, etab. egiteko, tokiko zein Europako esparruari dagokionez.