Ertzaintzaren bederatzi intendentek akreditazioak jaso dituzte gaur Arkauten
2015.eko irailak 11
Urte hasieran abiarazitako ikastaroa gainditu ondoren
Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak Ertzaintzako intendente-akreditazioa eman die gaur bederatzi agintariri. Joan den uztailean esleitu zizkieten beren destino berriak. Gorako beste maila horretara iristeko lehen ikastaroa hamar lagunek gainditu zuten.
Akreditazioak emateko ekitaldia gaur eguerdian izan da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren instalazioetan. Segurtasuneko sailburuak zuzendu du, eta han izan dira Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Administrazio eta Zerbitzuko sailburuorde Iñaki Gurtubai, Ertzaintzako zuzendari Gervasio Gabirondo eta Arkauteko zuzendari Malentxo Arruabarrena, agintari berrien senideekin eta lankideekin.
Intendente berriei zuzendutako hitzaldian, Segurtasuneko sailburuak zorionak eta eskerrak eman dizkie egindako ahalegin profesionalagatik eta pertsonalagatik. «Maila horretara iristea ez da gauza baten amaiera, akademia honetan Ertzaintzara sartu zineten egunean hartu zenuten konpromisoa berritzea baizik. Bidea ez da iritsitakoan amaitzen; orduan ere ez. Aitzitik zuen bizitza eta lanbide ibilbidean emandakoa beste pauso bat da. Erakunde honek inoiz baino gehiago behar zaituzte. Bidean gara. Erakundeek ez dute irauten nonbaitera iritsi ondoren oinez jarraitzeko beharrik ez dagoela uste duten pertsonez osatuta badaude», esan du.
Hemeretzi intendente
Ikastaro hau gainditu duten bederatzi intendenteekin, hemeretzi dira kategoria horretara heldu diren Ertzaintzako agintariak. Gainerako hamarrek 2012an gainditu zuten ikastaroa.
Intendenteak Ertzaintzako eskala gorenean daude. Ertzaintzaren egitura oinarrizko eskalak, ikuskapenekoak, betearazleak eta gorenak osatzen dute. Hala, egitura osoan bigarren maila garrantzitsuena da, eskala bereko intendenteburu kategoria soilik baitu gainetik.
Intendente kategoria duten agintariak polizia-egituraren goi mailako postuez arduratzen dira: Ertzaintzako buruzagitzaz, dibisio-buruzagitzez, buruzagitza zentralez, lurralde-buruzagitzez, unitate-buruzagitzez, eta abarrez. Horietan daude, besteak beste, intendenteburu kategoria lortzeko gaituta dauden erantzukizun handiko lanpostuak.