Ertzaintzak PMMA konfiskatu du berriz eta oso arriskutsua dela gogorarazi du
2015.eko irailak 10
Abuztuan sei pilula konfiskatu dituzte Zestoan
Azken hiletan Ertzaintzak PMMA droga sintetiko horren arriskugarritasunaz ohartarazi du. Abuztuan, sei pilula konfiskatu dituzte Zestoan (Gipuzkoa). Ertzaintzak gogorarazi du kantitate txikiak hartuta ere hilgarria izan daitekeela.
Santurtziko Udaltzaingoak konfiskatu zuen droga mota hau lehen aldiz martxoan. Ondoren, uztailean, Ertzaintzak 239 pilula PMMA atzeman zituen Lezoko etxebizitza batean, gizon baten heriotza ikertzen ari zirenean. Kasu hori ikertzen ari dira oraindik eta autopsiaren emaitzek heriotzaren kausa argitzea espero dute. Baliteke pilulen kontsumoarekin lotuta egotea.
Abuztuaren 15ean, Ertzaintzaren patruila batek Zestoako taberna bateko terrazan droga kontsumitzen ari zen gizon bat identifikatu zuen. Agenteek sei pilula PMMA eta marihuana kantitate txiki bat konfiskatu zizkioten. Gainera, gizona Herritarren Segurtasunerako Legearen aurkako balizko arau-hauste bategatik salatu zuten. Polizia zientifikoaren laborategietan legez kanpoko bi substantzia horiek zirela baieztatu zuten.
PMMA (para-metoxi-metanfetamina) droga sintetikoak estasiak (MDMA edo metilenodióxido-metanfetamina) baino intentsitate, toxikotasun eta arriskugarritasun handiagoak ditu, eta hilgarria izan daiteke. Europolek urtarrilean Europako zenbait herrialdetan droga horrekin lotutako hainbat heriotza izan direla jakinarazi zuen.
Pilula horiek Superman pertsonaiaren logotipoa izan ohi dute, alde batean edo bietan. Normalean hiruki edo diamante formakoak eta arrosa- edo laranja-kolorekoak izan ohi dira. Saltzaileek MDMA moduan eskaini ohi dute.
Horrenbestez, kontsumitzaileek estasia izango balitz moduan hartzen dute eta gaindosia jasateko arrisku handiagoa izaten dute, PMMAk denbora gehiago behar baitu efektua egiteko. Ondorioz, gerta daiteke pilula bat hartu ondoren, efekturik egiten ez duela pentsatuta, gehiago hartzea. Horrek, besteak beste, hipertermia sor dezake, eta, kasu okerrenean, heriotza.
Apirilaz geroztik, Ertzaintzak hiru ohar argitaratu ditu substantzia horren arriskugarritasunari buruz ohartarazteko. Lehena droga lehen aldiz aurkitu zutenean, Santurtzin, eta beste biak Lezon hildako gizona eta gorpuaren ondoan pilulak aurkitu ondoren. Ertzaintzak PMMAren toxikotasun handiari eta hura kontsumitzearen ondorio arriskutsuei buruz ohartarazi nahi ditu berriz balizko kontsumitzaileak.